Gabiriako Orbeldi zozkeran: mugalaria, almirantea eta armarriak

Gaurko Ibiltariko lehenengo pausoak Joxe Mari Iparragirre koblari ospetsuak azkenak eman zituen toki berberean izango dira. Santa Lutzi erreka ondotik hasi eta Gabiriako kaskorainoko bidea izango da, Orbeldi zozkeran gora. ‘Gabiri, toki guztietatik ageri’ esaldia zein egia den egiazta daiteke, herriaren laiotzeko alderdi ezkutuenean ere.

Gabiria Ibiltari03Ibilbidearen hasieran, eta bailara guztia itsusten eta elektromagnetismoz kutsatzen duen argindar zentral gero eta handiagoa atzean utzi eta berehala, Txapartegi baserria egon zen orubea dago. Joxe Mari Iparragirre Balerdi koblakari ospetsuak han igaro zituen 1877an Amerikatik Euskal Herrira itzuli zenetik 1881ean hil arteko urteak. Amaren jaiotetxea zen Txapartegi, eta han jarri ziren Iparragirreren gurasoak bizi izaten, ezkon berritan. Koblakaria hara bildu zen zahartzaroan. Gertu zegoen Zozabarro benta, Ormaiztegi-Zumarraga errepide ertzean. Parajeotan gaixotu zen, euripean bustita eta hoztuta, eta bentan hil zen. Txapartegiren aztarnarik apenas gelditzen da orain. Bailara barrenean, Zozabarro ere desagertu zen, zentralak irentsita.

Trenbidea azpitik igarotzeko, kantarilla esaten zaion tuneltxo bat da Orbeldiko baserri bideetako komunikazio bakarra. 1940ko hamarkadan, kaskoraino errepidea zabaltzeko egitasmoak huts egin zuen. Zandategi buruan moztuta utzi zuten, trenbidea gainetik igarotzeko zubia finantzatu ezinik.

Agerretxemendi (Agirre-Otsamendi du berezko izena) parez pare ageri da trenbide ertzetik. Euskararekin eta kulturarekin lotutako pertsonaien sehaska da. Han jaio zen Iñaki Murua Jauregi bertsolaria, irakaslea eta Bertsozale Elkartearen lehendakari izana, 1956an. Euskaldun berri askoren euskaltegi ere izan zen etxea, eta Maria Luisa Jauregi Goiburu etxekoandreak (2020ko abuztuan hil zen) goxo eta aberats egiten zuen euskara ederrarekin ikasi zuten ehunka apopilok. Han jaiotakoa zen Rufino Jauregi ere (1913-2008), Maria Luisaren anaia, II. Mundu Gerran mugalari lanetan mila lagun ingururi lagundu ziena naziek hartutako Ipar Euskal Herritik Hegoaldera pasatzen, horietatik 606 militar eta abiadore aliatuak. Frantziako Legioaren domina jaso zuen 1996an, lau aldiz uko egin ondoren, eta berak pasatutako Hurkain enbaxadorearen eskutik jasotzeko baldintzapean.

Trenari begira erdibitutako auzoa

Trenbidearen gainaldean, Urkiztegi dago. Lehengo etxe zaharraga, obran lubakia irekitzen ari zirela mugitu eta erortzeko zorian geratu zen. Gorago eraiki zieten ferrokarrilaren enpresak bi bizitzako baserri berria; teilatu-gailurretik gora ateratzen zen suteen aurkako harrizko erdibitzaile eta guzti, frantses eran (hangoa baitzen kontratista).
Apeaderoa esan izan zaio Gabirian tren geltokiari. Trenbidea 1864an ireki zen, baina herriari ez zioten geltokirik jarri. Gabiriak, eta gertuko Itsasok eta Ezkiok elkarrekin eskatu zioten Renferi geralekua jartzeko. 1942an inauguratu zuten. Aspaldiko 25 bat urtean ez da trenik geratzen jada. Geltoki-aterpea han dago, Zumarragarako nasan. Eta alboan, Kaxeta etxea, faktorea bertan bizi zedin Renfek udalari eginarazi ziona.

Gabiria Ibiltari04Ibilaldia Orbeldi zozkeran da.  Gabiriak lau zozkera izan ditu historikoki: Ugarana, Madariaga, Aztiria eta Orbeldi. Azken honetan daude Santa Lutzi auzoa (herrigunea Ezkioko partean) eta Alegia auzoa, Itsasorekin erdibana. Aldi berean, gaur egun zozkera bakoitza bina eremutan banatzen da: goikoa eta behekoa. Banaketa administratiboari deitzeko izena da ‘zozkera’, eta auzo diren Gabirian, Itsason eta Ezkion indarrean dago oraindik.

XIX. mendean bihurtu zen Orbeldiko harana komunikazio bide garrantzitsu. Arlaban-Irun postaren errege-bide berria Zumarragatik Ormaiztegira trazatu zuten, 1765ean hasita. Geroago, 1864an,  Norteko Trenbidea bailaran aldenik alde ireki zuten. Aurretik, ordea, Ugaran bailara izan zen bidaiarien pasabide nagusia. Oñatik ere, 1845ean, Gipuzkoako probintziako parte izateko baldintza bat Oñati-Ormaiztegi errepidea eraikitzea jarri zuen, Ugaranetik barrena.

Abokatu boteretsuen jaiolekua

Zandategi leinuaren lurrak dira hauek. Gaur egun, lau baserrik dute izen hori: bi Zantagoiti, beheraxeago Zantarte eta karrilpean Zandategi. Cristobal Lopez de Zandategi XVI. mendeko lizentziatu eta abokatuaren sehaska da. Gipuzkoako familia boteretsuetako bat izan zen, Lasarteko leinuarekin ezkontzaz uztartuta. 1583an, Batzar Nagusien eskariz, Gipuzkoako foru eta ohitura zaharrak bildu zituen Zandategik, Luis Cruzatekin batera. Alaba Maria Zandategi Miguel Okendo itsasgizon donostiarrarekin ezkondu zen; gabiriar odola zeukan beren seme Antonio Okendo almirante entzutetsuak, beraz.

Gabiria Ibiltari09Zantagoitigarakoa baserriak etxaurrean duen armarria da leinuaren lekuko isil. Gabirian lau baserrik daukate armarria: Ostatuzar etxeak herriko armarria, Eguzkitzak eta Olazabalek, Zandatagoitiz gain. Gaur egun, Basatxerri markako txerriak hazten ditu Pello Olariaga Mendigurenek, Zantagoitiazpikoa baserriko semea bera. Haien aita zenak, Antonio Olariaga Goirizelaia Alkixa-k, ardiekin egin zituen ibilaroak, artzaina izan baitzen hona ezkondu zen arte. 103 urte arte bizi izan zen. Harrigarria gertatzen da limoi arbola ederra topatzea, negu bete-betean, etxaurrean.

Ardantza gainera igota, herriko zaharrenek doi-doi gogoratzen dute izen bereko baserria han zegoela. Toponimoak antzinako mahastien aztarna salatzen ote du? Gain eguzkitsua da, izatez. Bestetik, gaur plazan dagoen Ardantzako hilarria ere Ardantza gainean egon zen, XX. mende hasierara arte. XV. mendean datatuta dago hilarria, eta, kondairak dioenez, borroka batean hildako bi gizonen omenez jarri zuten.

1936ko gerran ibilitako gabiriarren oroitarria han dago, 2012ko Aberri Egunez. jarria. Bitoriano Gandiagaren Ez da nahikoa zure bakea poeman inspiratuta dago: ‘Nire bakea ez da bakea. Zure bakea ez da bakea. Gurea da bakea’.

Kontuan hartzeko

  • Ibilaldia luza daiteke. .Ardantza gainera iritsitakoan, ibilaldia luza daiteke. Mendiz mendi jarraitu daiteke, Zumarraga alderako noranzkoan, eskuinera Kizkitza, Izazpi eta mendi ilara osoa ikusiz. Edota errepidera jaitsi daiteke eta Errege Bidean gora eginda Atagoiti baserriraino joan, tartean pagadi ederrak zeharkatuz.
  • Gabiriako Ostatua. Jateko tokia topatuko du ibiltariak Gabiriako kaskoan, Ostatuan hain zuzen ere. Barruan jangela handia du, eta kanpoan terraza, Aizkorrira begira. Ostatuak ere armarria dauka ate gaineko horman, udalerriaren ezkutua, hain justu. Udaletxea izan baitzen XX. mendearen lehen laurdenera arte.
  • Arbola espezie autoktonoak. Murgil mendia aberatsa da, arbola motei dagokionez. Espezie autoktono dezente hazten da bertan, horien artean garrantzitsuena eta ezohikoena artelatza, beharbada. Haritza, artea, lizarra, astigarra, gaztainondoa, pagoa, urkia eta elorri zuria ere aurkituko ditu ibiltariak ondo begiratzen badu. Bertako basoa berreskuratzeko programa bat abian du udalak.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 1,5 ordu / Murgil gainera joan-etorria eginda 2,5 ordu
  • Luzera: 3,5 km / 5,5 km
  • Desnibela: 206 m / 290 m
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>