Ekitaldirik gabe, baina sariarekin eskertuta

Ainara-Benat

Ainara Bereziartuak (Beasain, 1998) eta Beñat Arribasek (Idiazabal, 1998) aurreko urtean amaitu zituzten unibertsitateko ikasketak. Beraien arloan espediente akademikorik onena lortu zutenez, Ikasketa Amaierako Kutxa Saria lortu dute bi goierritarrek.

Pasa den urteko abenduaren 28an, Ikasketa Amaierako Kutxa Sarien 44. edizioa antolatu zuen Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako Unibertsitate-Zentroetan edota Lanbide Heziketako Zentroetan goi mailako ikasketak 2019-2020 ikasturtean amaitu zituzten ikasleei aitortza egiteko asmoz. Guztira 109 ikasle saritu zituzten beraien arloan espediente akademikorik onena lortzeko egindako lanagatik, eta ikasle horien artean zeuden Ainara Bereziartua eta Beñat Arribas goierritarrak.

Bereziartuak iaz amaitu zuen Kimikako gradua EHUn, baina atzerrian ere egin ditu ikasketak: «Lau urte horietatik lehenengo hirurak Donostian pasa nituen Kimikako Fakultatean, baina laugarrengoan Erasmus eta Praktiges programetan parte hartzeko aukera izan nuen» aipatu du beasaindarrak. «Erasmus programarekin 5 hilabete igaro nituen Polonian eta ondoren 3 hilabetez egon nintzen Alemanian Sanofi enpresa farmazeutikoan praktikak egiten». Gaur egun Irakaskuntzako Masterra egiten ari da EHUn.

Arribasek bere ikasketak arlo teknologikotik bideratzeko erabakia hartu zuen, azkenik Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Elektronikoa ikasi ahal izateko: «Batxilergoan teknologiako irakasgaiak oso gogoko nituenez ingeniaritza bat egitea pentsatu nuen», azaldu du. «Elektronikarekin lotutakoa egitea erabaki nuen, zirkuitu elektrikoen funtzionamenduak kuriositatea pizten zidatelako». Idiazabaldarrak Mondragonen jarraitzen du, oraingoan Energia eta Potentzia Elektronikako Masterra egiten.

Pandemiak sortutako egoera dela eta, Ikasketa Amaierako Kutxa Sarien edizioa online gauzatu zuten arren, bi goierritarrak oso pozik eta eskertuta agertu ziren jasotako aitortzarekin: «Penaz betiko moduan ospatzerik izan ez dugulako, baina oso pozik aldi berean gutxienez sariketa egin delako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>