«Nire sentimenduetatik asko du liburuak»

Alaitz EstonbaAlaitz Estonba Loinaz (Zumarraga, 1999) Literatur ikasketen gradua amaitzen ari da Bartzelonako Unibertsitatean. Hirira heldu zenean bere bizitzak 180 graduko bira eman zuen eta horren harira bere sentimenduak liburu batean azaleratzeko erabakia hartu zuen azkenean: Soñar que vuelo, volar soñando.

Nolatan ekin zenion liburu bat idazteari?
Txikitatik datorkit idazteko zaletasuna. 12 urte ingururekin bertso-paperak eta olerkiak idazteari ekin nion eta geroztik halako poema eta gogoeta laburrak idatzi izan ditut. Unibertsitatean hasi nintzenean lanez gainezka ibiltzen nintzen eta ordu txikitan edozer gauza idazteko neukan ohitura hori galdu nuen, baina nire buruari liburu bat idazteko erronka bota nion. Urte gutxian nire bizitzako hainbat gauza asko aldatu ziren eta iruditu zitzaidan barrutik orrira atera beharreko hitz asko nituela.

Zeri buruz hitz egiten duzu liburuan?
Liburua nahiko pertsonala da. Gogoetak eta olerkiak fikzionatuta daude, baina hala ere nire sentimenduetatik asko du liburuak eta gai ugari jorratu ditut bertan: maitasuna, heriotza, adiskidetasuna, feminismoa… Prosan idatzita dago liburua, baina kutsu poetiko handi batekin.

Nolakoa izan zen liburu hau idazteko prozesua?
Prozesua nahiko kaotikoa izan zen. Urtebete baino gehiago neraman proiektuari bueltaka, baina une egokia aurkitu nuen arte ez zen fundamentuzko ezer atera. Azterketa garaian idatzi nuen zati handiena; imajina dezakezue nola ibili nintzen idazketa eta ikasketa artean moldatu ahal izateko. Azkenean egun batean idatzi nahi nuenari buruzko eskema bat egitea erabaki nuen eta poliki-poliki, eskema hori jarraituz, amaiera puntua idaztea lortu nuen. Une hartako ilusioa bezalakorik gutxitan sentitu dut.

Non eros daiteke liburua?
Lehenik eta behin, pandemiak hainbeste eragin digun honetan, herriko liburu dendetan ea liburua ekartzerik duten galdetzeko eskatu nahiko nioke jendeari. Ezezkoa balitz, argitaletxearen web orrian (ć) edota Fnac, Casa del libro, Elkar eta halakoetan aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>