German Urteaga Garmendia • Psikologoa eta Trans aktibista
Zenbat gauza uzten ote ditugun gerorako. Zenbat besarkada gerorako, zenbat muxu, zenbat hitz, zenbat laztan, zenbat mezu, zenbat maite zaitut… (eta ez ahalegindu txiste erraza egiten, muxuak eta besarkadak birtualak ere izan daitezke bizi dugun muturreko egoera honetan, maitasuna modu askotara erakus daiteke, erakustea da kontua.)
Plano honetan (eta ulertu behar duenak ulertuko du) betiko egongo garenaren ideiak hartzen gaitu gehienetan, eta uste dugu besteak ere bertan geratuko direla betirako. Ondorioz, ausartuko nintzateke esatera askok unearen garrantzia gutxiesten dugula, eta barren-barrenean ez garela kontziente segundo bakar batean dena alda daitekeela, gure bizitza goitik behera alda daitekeela, alegia. Segundo bakarrean bizi berri bat sor daiteke, beste baten arnasa desager daitekeen bezalaxe; eta inor ez dago horretatik salbu. Bihar auto batek harrapa gaitzake, edo irristatu eta kolpe baten ondorioz lekuan bertan geratu gaitezke. Baina ez gara kontziente. 26 urte izateagatik bizitza luzea geratzen zaigula uste dugu askok baina agian 100 urteko pertsona batek baino segundo gutxiago geratzen zaizkigu. Ez dut esan nahi uneoro honetan pentsatu behar dugunik baina agian pixka bat pentsatzeak eta hausnartzeak ez liguke kalterik egingo.
Norbait bizirik dagoenean zergatik da hain txarra? Eta hiltzen denean berriz zergatik da zoragarria? Pertsona bat zoragarria bada zoragarria izango da hil eta gero ere, eta gauza bera alderantziz bada. Bestalde, ederra litzateke norbaitek bera zoragarria dela bizirik dagoenean entzutea, arnasteari utzi behar izan gabe hori entzuteko. Pertsona bati maitasuna bizirik dagoenean erakusten ahalegindu behar ginateke eta ez hiletan soilik.
Baliteke norbait desagertzean konturatzea benetan galdu dugunaz, hori ere gerta daiteke, horregatik diot askotan ez garela kontziente. Ez dakigu zenbat denbora geratzen zaigun eta geratzen zaien maite ditugunei, agian gehiago baloratu behar genuke gure inguruan daukaguna, gehiago baloratu behar genituzke gure bizitzaren parte direnak, maite ditugun eta gaituztenak. Agian sentitzen duguna adierazi behar genuke berandu izan baino lehen.
Gogoratu eta maite ditzagun, zoritxarrez jada mundu honetan egon ez arren gure bihotzetan, gure arimetan daudenak; baina batez ere, gogoratu eta maite ditzagun zorionez, hemen, bizirik, gurekin daudenak; eta erakutsi diezaiegun zenbat maite ditugun. Eskertuko digute. Eta guk ere, eskertuko dugu.