Pilar Maritxalar • Altzibar (Gabiria)
Zuhaitzak hosto berriz beteta eta lorean daudenean gogoratzen gara zein ederra den zuhaitz horrek ematen duen lorea edo itzala, edo zeinen gozoak diren ematen dituzten fruituak. Hori dena eduki nahi badugu, ordea, aurretik egin behar da lana. Egia da zuhaitz bat landatzen dugunean, lehenengo urtean ez duela fruiturik edo itzalik emango, denbora behar da horretarako. Baina landatzen ez badugu, ez du inoiz izango. Neguko eguraldia samurtzen hasi den honetan, hainbat lan egiteko tartea hartu beharko genuke.
- Zuhaitzak. Hostoa galtzen duten arbolak landatzeko garaia da neguaren bukaera: fruta arbolak eta gainerako zuhaitzak, pagoa, haritza, urkia, lizarra, astigarra… Lorea ematen duten zuhaixkak ere bai. Adibidez, magnolia… Herritik atera ezin garen honetan, etxeraino eramateko zerbitzuaz baliatzea da gakoa. Hori bai, arbolak landatzerakoan, giroari begiratu behar zaio. Izotz handiena dagoen garaian ez da komeni landatzea lurra ere hotza dagoelako. Garai honetan izaten den ur hezeak landareak hobeto itsastea erraztuko du. Bestalde, inausketak eta kimaketak egiteko garaia ere orain da, eta fruta arbolei neguko tratamenduak ematekoa ere bai.
- Haziak erein. Udaberrian baratzean landatuko ditugun landareen prozesua ere orain hasiko da, haziak ereinda. Gero eta gehiago dira tomate hazia etxean ereiten dituztenak. Beraz, landatu nahi diren garaiaren arabera erein beharko dira tomate haziak, baina otsail erdia izan daiteke garairik egokia.
- Loreak eta landareak. Udaberriarekin eta udarekin lotzen dira askotan loreak, baina neguan balkoiak eta leihoak kolorez alaitzeko aukera paregabea eskaintzen dute ziklamenek, azaleek edo pentsamenduek, maiatzera arte loretan egoten baitira eta eguraldi hotzekin ez dira galduko. Larrosa landareak landatzeko garaia ere orain da; kolore bilduma berriak handiena denboraldi hasieran egoten da.
- Ongarritu. Azkenik, neguko lanen artean, aipatu gabe ezin da utzi ongarritzeko garaia dela. Besteak beste, soroetan ximaurra botatzeko sasoia da.