Migrazioa ez da arazo

Migrazioa-1

Atzerriko jatorria duten biztanleekiko pertzepzioei eta jarrerei buruz Ikuspegik aurkeztu duen 2020.urteko Barometroak zehaztu du euskal gizartearentzat pertsona migranteak ez direla arazo. Tolerantzia indizeak nabarmen egin du gora azken urtean; 65 puntuan dago.

Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiak egin duen atzerriko jatorria duten biztanleekiko pertzepzioei eta jarrerei buruzko 2020ko Barometroaren arabera, euskal biztanleek ez dute inmigrazioa arazo garrantzitsutzat jotzen, onuragarri ikusten dute ekonomiari eta lan-funtzionaltasunari dagokionez, eta ez dizkio arazo ekonomikoak egozten, hala nola, langabezia, enpleguaren jaitsiera edo soldaten jaitsiera. Iragan abenduan aurkeztu zuen txostena Ikuspegik, eta datuak jasotzen hasi zenetik, 2007. urtetik, onenak direla esan daiteke.

Patxi Juaristi EHUko errektoreordeak, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu zituzten 2020. urteko azken hiruhilekoan egindako ikerketaren emaitza jasotzen duen txostena. 2020. urtea oso urte «arraroa» izan dela nabarmendu zuten: lehen aldia baita azterketa bat egiten dutela COVID-19ak eragindako pandemiak blaitutako eta baldintzatutako aldi batean. Egoera honek, «zalantzarik gabe, eragin handia izan du emaitzetan»: krisi sanitario, ekonomiko eta psikosozialak eragina izan duela ondorioztatu dute. Beste berrikuntza bat ere izan da aurtengo neurketan, izan ere, generoa kontutan izan dute.

Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren barometroak jaso du 10 herritarretatik batentzat dela arazoa migrazioa
Ikuspegik datuok biltzen dituenetik, 2007. urtetik hain zuzen ere, inoizko onarpen daturik onenak ditu migrazioak

Emaitzen arabera, euskal gizartea jabetzen da egoeraren larritasunaz, baita pertsona eta familia askok duten egoera kritikoaz ere; batez ere, egoera ekonomiko eta sozial prekarioenean eta zaurgarrienean daudenaz. Euskal gizartea ulerbera agertu da, eta 2020ko Barometroko erantzunetan jarrera eta iritzi inklusibo eta toleranteagoa adierazi du atzerritar jatorriko pertsonekiko.

Tolerantzia-indizea gora

Eukal Autonomia Erkidegoko biztanleek atzerriko jatorriko pertsonekiko duten tolerantzia-indizea 65,00 puntuan kokatu du Ikuspegik. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, nabarmen egin du gora; 2019ko barometroak, 60,67 puntuan kokatzen baitzuen. Datuen bilketaren lehen urtean, 2007an, 56,51 puntuan kokatzen zuen. 2008an igoera txiki bat izan eta gero, 2012. urtera arte jaisten joan zen tolerantzia maila, 2012an neurketa egiten denetik puntuazioarik baxuena lortu zuelarik, 53,62 puntu. 2012tik 2020ra berriz, urtetik urtera igotzen joan da, eta 2019tik 2020ra eman da igoerarik handiena.

Ikuspegiren txostenaren arabera, urte hauetan tolerantzia-indizean lortutako emaitzak oso baldintzatuta eta lotuta egon dira dinamika makroekonomikoekin. Hala, hedapen ekonomikoko garaietan puntuazioak altuagoak izan ohi dira, eta krisi-garaiei konfiantza galera eta atzerritar jatorriko pertsonekiko tolerantzia txikiagoa lotzen zaizkie. Lotura hori, migrazioaren eta kultura aniztasunaren hasierako faseetan dauden gizarteetan gertatzen dela dio txostenak.

Nolanahi ere, COVID-19aren krisiak eragin duen egoeran, lotura hori hautsi egin da: osasun-krisiak Euskadiko eta Espainiako ekonomiaren beherakada eragin duen arren (%20 ingurukoa bietan; pixka bat gutxiago lehen kasuan, eta gehiago bigarrenean), egoera horrek ez du ekarri atzerritarrekiko tolerantzia txikitzea, baizik eta kontrakoa. Euskal gizartean indar handiagoa du elkartasun sozialak eta krisiaren aurrean elkartasuna areagotzeak, egoera horrek sortzen duen ziurgabetasunak baino.

Migrazioa-2Aurten, txostenak jaso duen berezitasun horren inguruan, Shershnevak esan zuen, euskal gizarteak jarraitzen duela pentsatzen migrazioa ezinbestekoa dela ekonomiarentzat: «Jokabide utilitarista da: euskal herritarrek uste dute ezinbestekoa dela migrazioa, euskal gizarteak egin nahi ez dituen lanak betetzeko, edo beharrezkoak direlako euskal ekonomiari eusteko».

COVID-19a, kezka nagusia

Horren harira, Goierri Garaiko Migrazio teknikari Monica Leivak honako irakurketa egin du: «Orohar, zerbitzuetan, zaintza lanetan… aritzen dira pertsona migranteek, eta pandemia garaian lehen lerroan kokatu direnez, pertsona horien lana oso beharrezkoa izan da gizartearentzat azken urte honetan, eta horrek eragina izan duela indizean».
2020. urteko barometroak dio euskal gizarteak COVID-19a koronabirusa jotzen duela arazo nagusitzat. Bigarren postuan, langabezia dago. Osasuna eta ekonomia, beraz. Bilakaerari dagokionez, ikus daiteke egungo osasun-krisiak eragina izan duela euskal gizarteak arazoekiko duen pertzepzioan. Ekonomiarekin eta osasungintzarekin lotutako arazoekiko kezka areagotu egin da. Langabeziak, berriz, 2015ean hasitako beheranzko joerari eusten dio, krisialdi ekonomikoak eragin txikiena izan duen etaparekin bat etorriz.

Barometroak dio beraz, euskal gizarteak arazo handiak dituela, baina migrazioa ez dela horietako bat: inoiz ez da izan arazo bat euskal gizartearentzat, eta orain are gutxiago da. Bigarrenik, osasun-krisiak eta haren ondorioek eragin handia izan dutela euskal biztanleriak atzerritar jatorriko pertsonen iritsierarekiko duten tolerantzia-mailan.

Beste ondoriotako bat da, euskal gizartearen kezka handienak ongizate-estatuarekiko mehatxuekin dutela zerikusia, eta aurreiritzi eta zurrumurru nagusietan islatzen dira. Hala eta guztiz ere, euskal herritarrek ez dute nahi babes sozialeko sistema bat bertakoentzat bakarrik, eta argi dute hezkuntza publikoa eta osasuna guztion eskubideak direla.
Gainera,euskal gizarteak joera positiboa ikusten du atzerriko migrazioarekiko dauden estereotipo faltsu eta negatiboei dagokienez: oro har, gero eta babes sozial txikiagoa dute.

Ondorioztatu dute, osasun krisiak zuzenki eragin duela pertsona migranteekiko tolerantzia mailan hobetzean
2020. urteko barometroaren arabera, euskal gizarteak COVID-19a jotzen du arazo nagusitzat

2020ko Barometroko datuek ere agerian uzten dute jatorri atzerritarreko pertsonen talde batzuk estigmatizatu egiten direla; batik bat, Pakistango, Errumaniako edo Magrebeko etorkinak.

Azkenik, nahiz eta euskal erakundeek, oro har, aniztasuna kudeatzerakoan kulturartekotasunean oinarritutako eredu baten alde egin, Ikuspegiren 2020ko Barometroak dio euskal gizartean oraindik ez dela jarrera hori barneratu. Hau da, gizarteak onartzen duela integrazio-prozesuan ahalegina egitea, atzerritarrei zein bertakoei dagokien erantzukizuna dela, baina, uste dutela, batez ere, atzerritar jatorriko pertsonek ahalegindu behar dutela gizartean nagusi diren ohitura eta tradizioetara ohitzen.

Migranteeen esperientziak

Ikuspegik egindako txostenak emaitzak aintzat hartuta, eta euskal gizarteak migranteen inguruan duen iritziaz gehiago ezagutu ondoren, Goierrin bizi diren jatorri desberdinetako sei herritarri eman die hitza aldizkari honek. Genero, jatorri, egoera sozial eta egoera ekonomiko desberdinetakoak dira seiak, eta guztiei galdera bera egin zaie denei: Zer moduz hartu zaituztete Goierrin?

m-Constancia-NdjiguiConstancia Ndjigui, Urretxu: «Hasiera batean uste baino gogorragoa izaten ari da, jatekoa ere falta izan zait»

 

m-Khadim-FallKhadim Fall, Beasain: «Esan nion ez nenbilela diru eskean, alokatzeko zegoen etxeagatik galdetzeko baizik»

 

 

m-Saad-HusseinSaad Hussein, Urretxu: «Oso onak izan dira nirekin, ezagutu nituenetik gauzak asko aldatu dira»

 

 

m-Daniela-PonceDaniela Ponce,  Zaldibia: «Ez dago hirietako anonimotasuna, herritarrek jakinmin gehiago dute»

 

m-Carmen-CaresCarmen Cares, Ordizia: «Euskara ez jakitea oztopo izan da EHUn irakasle  bezala lan egiteko»

 

m-Ngom-SambIbou Ngom eta Adji Diodio Samb, Itsasondo: «Itsasondoko Udala asko kezkatu da gugatik, beste inon ez zaigu hori gertatu»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>