Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Joan zen astean Tolosako inauterien aitzakian aritu zitzaigun leiho honetan Xabin Fernandez. Ezagunak dira Veneziakoak ere. Ezberdina joango zen han ere aurtengoa, ziurrenik. Maskarak ezinbesteko ezaugarri dira bertako ospakizunetan, egunerokotasunetik ihesi norbere identitatea gordetzeko aukera ematen baitute, itxuraldatzeko askatasuna. Hori bai, egun oso jakinetan soilik.
Gurera etorriz gero, ia urtebete inguru igaro da, ezinbestean, gure ibilerak irauli edo egokitzeko ariketan sartu ginenetik. Txinako birus berriari ezikusi (eta zenbait kasutan, iseka) egiten hasi eta ohartzerako etxe atarian! Iaz, Tolosako kaleetan, musukoak osagarri arrakastatsu bihurtu ziren. Hilabeteak joan dira maskarak aho eta sudurrak estaltzeko erabiltzeko agindu irmoa ezarri zutenetik, justifikatutako salbuespenen bat edo eremu pribatuko lau hormen arteko testuinguruetan izan ezik. Ia pertsona adina kolore eta modelo beha litezke han-hemenka: kirurgikoak, telazkoak, berrerabilgarriak, gardenak, beltzak, zuriak, urdinxkak, marradunak, puntudunak, koloretsuak… Nahi beste. Maskara baten atzetik pertsonengana iristea asko zaildu dela azpimarratu izan da nonahi, are gehiago entzumen zailtasunak dituztenengana, adibidez. Elkarrizketa askotan izan dugu hizpide jantzi beharraren deserosotasuna eta dakartzan zailtasun eta albo-ondorioak. Egungo egoeran irribarre zabalik edo mutur okerrik ikusten zaila da eta harremanen esparruan erronka berriak sortu zaizkigu.
Baina, kontu berria al da, benetan, hau guztia? Mozorroak urtean behin jantzi eta gainerakoan ganberako kutxa zaharrean jasota izaten ditugun trapu zaharrak soilik al dira? Zer ezkutatzen dugu, eta zer erakusten? Zergatik? Eta, zertatik? Maskarak soinean noiztik gabiltza? Nor gara gu, zer gara gu? Parean duguna uste baino gehiagotan ez al da maskaradun bihurtzen? Eta, gu geu, geure buruari ispiluan zuzen-zuzen begiratzera ausartzen ote gara? Besteak guk erakutsitakotik irudikatzen duena izan nahi ote dugu? Ala besteak gugandik ikusterik eta usaintzerik nahi ez duguna ezkutatzera bideratzen ditugu indarra eta energia? Bakoitzaren lotsa, tristura eta mamuen babesleku estimatuenetakoak izango dira, gutxi-asko, maskarak. Eta ez inauteriak iristen direnean edo birusaren pandemia dela-eta bakarrik. Katamaloa soinean, jarraituko dugu irudipenak elikatzen, «askok itxura hutsetik, ez barruz ezagutzetik, barruz mami, larruz mamu, zer bistan, hura gabezi».