Jokoz kanpo

Aitor-SarriegiAitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria

Kultur-munduan ezinbestean izan den geraldiak atzera begira jarri eta hemendik aurrera gerta litekeenaz pentsatzera eraman nau. Urteak dira hara eta hona bertsotara joaten hasi ginela, eta behin baino gehiagotan gertatu zait (nahi ala ez hala gabiltzan guztioi bezala) arrazoi desberdinengatik jokoz kanpo sentitzea. Hasieran gaztetxoak ginelako izan zitekeen, gureak ez ziren kezka eta hizketagaiak zituztenei kantatzera joaten ginen, edo asfaltokoak garelako eta naturarekin harreman estuagoan bizi diren inguruetan Martera iritsi berri omen den robota baino arrotzago ikusten genuelako gure burua. Urteen joanarekin, ordea, tokian tokira egokitzen ikasten da, eta neurria hartzen zaio horri ere (ustez behintzat). Eta hori da arazoa. Jende oso gaztearen artean kantatzea egokitzen denean, esaterako, oso erraza da jokoz kanpo geratzea. Hasierako haietatik, ordea, alde handia dago oraingo hauetara. Jokoz kanpo sentitzetik hala ez sentitu baina besteen begietan erabat jokoz kanpo egotera, alegia.

Lankide asko ikusi ditut erretiroa hartzen. Lanean ilusioz hasten gara, nik ere gogoan dut lehen aldiz nerabeen aurrean klasea eman behar izan nuen eguna, eta asko dira ilusio horri eustea lortzen dutenak. Deskonexio izugarria dutenak ere tokatu zaizkit, heztea tokatzen zaigun belaunaldi berriak ulertzeko zailtasun handiak dituztenak (eta kasuren batean interesik ere ez). Jokoz kanpo, beraz. Nire burua hemendik hogei urtera ikusten saiatu naiz, eta oraindik jaiotzeko dauden etorkizuneko nerabe horien egunerokoa irudikatzen. Ezinezkoa zait. Bizimodua esponentzialki aldatzen ari den honetan zin egin diot nire buruari aldian-aldian jokoz kanpo ez geratzen saiatuko naizela.

Ai, gizaajoa! Baliteke dagoeneko jokoz kanpo egotea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>