Haragi sintetikoaren irtenbidea

Judit-GarciaJudit Garcia Llorens • Baserritarra

Orain dela gutxi janari beganoa eta haragi sintetikoa ekoizten duten enpresetan izugarrizko inbertsioak egiten ari den Bill Gatesen adierazpen batzuk irakurri nituen. Adierazpen horietan, aldaketa klimatikoaren aurka herrialde aberatsak haragi sintetikoa jatera behartzea proposatzen du.

Gogora etorri zait gure herriko nekazaritza eta abeltzaintza zenbat aldatu den azkeneko bost hamarkadetan. Bigarren Mundu Gerra eta gero, produktibitatearen izenean ongarri kimikoak, pozoiak eta botikak indarrarekin sartu ziren baserri zein etxaldetan, handik urte batzuetara, produktu horiek gabe elikagaiak sortzen zirela ahazteraino. Abereen hazkuntzari dagokionez, bost hamar behi zeuden baserrietan hogei eta berrogei gehiago sartzera bideratzen joan zen. Baserri eta etxalde dibertsifikatuak gauza bakar bat, baina ahalik eta kopuru handienean ekoiztera bultzatu dira. Autonomia garatu beharrean, sektorea lehiakorragoa eta modernoagoa izan zedin, kanpotik lehengaiak ekarri, ekoizpena intensifikatu eta maileguak eskatuz inbertsio handiak egitea izan da baserriak industrializatzeko bidea.

Lurra esku gutxiagotan konzentratzen joan da, eta transgenikoak eta beste teknologien erabilerak kapitalarentzako negozio eredu berriak sortu dituen bitartean, gosea zabaldu eta munduko baserri asko miseriara eraman ditu. Kapitalismoak bultzatutako sistema honek arlo kimiko, farmazeutiko eta elikadurako multinazionalen etekin ekonomikoa biderkatzeko balio izan du, baita sistema finantziarioa eta lehengaiekiko espekulazioa puztutzeko ere. Ingurumeneko arazo asko sortu ditu eta bioaniztasunaren galera prozesuan bere alea jarri du, gaur egun, pandemiak barne, badakigu gizakiok eragindako naturarekiko kalteak eta desorekek zer ondoriok izan ditzaketen.

Baina kapitala ez dago prest estrategikoa den elikadura arloan, besterik gabe, eredu sostengarriagoa eta justuagoa sustatzeko: politika publikoak zeharo aldatu, lurra banatu, naturaren zikloekin bat datorren ekoizpen eredua bultzatu, tokian tokiko eremuetara egokitutako abeltzaintza jansangarria eta animalien ongizatea barne, elikagaien kalitatea edo elikadurari buruzko hezkuntza osasuntsua garatu (ikuspegi kultural, etikoa eta ekologikotik). Elikadura burujabetzari buruzko eztabaida zabala bultzatzea beharrezkoa dela uste dut, bestela, sistema mantentzeko sortutako bideak izango ditugu hizpide, oraingoan esku gutxien aukeran (ekoizpena zein kontsumoa) egongo den haragi sintetikoa omen dugu irtenbide. Goierritik sinisteak lana du, baina egia esan, uste baino errazago ohitzen gara sinistezina iruditzen zaigunera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>