Mansplaining-a

Intza-SacristanIntza Sacristan • Desikasiz, aurrera

Man (gizonezkoak) explaining (azaltzen). Mansplaining. Rebeca Solnitek Men Explain Things to Me izeneko iritzi-artikuluan azaldu zuen bezala, gizonezkoek gauzak azaltzen dizkigute, paternalismo kutsu batekin. Emakumeak beraien azalpenak behar ditugun ezjakin batzuk izango bagina bezala. Martxoaren 8an sare-sozialak mezuz beterik zeuden. Gizonezko batzuen post-ak ere agertu zitzaizkidan. 1,8 milioi jarraitzaile dituen mutiko batek zabaldu zuen mezua: «Emakumeen etsai handiena emakumea da».  Lehenik: ez, emakumeak ez gara gure etsairik handiena. Sistema heteropatriarkalak hezi nahi izan gaitu beste emakumeak konpetentzi eta etsai bezala ikusteko. Bestetik, zergatik azaldu behar digu gizonezko batek feminismoa zer den eta ze akats dituen? Zergatik ez diozu zure espazio pribilegiatua emakume bati uzten (behintzat, egun batez), berak baino hobeto inork ez badaki ze opresio jasaten duen? Mugimendu sozialek behar dutena erreferenteak opresioa jasaten duten pertsonak izatea da. Emakumeok inoiz ez dugu ezer  propiorik eduki, dena Estatuarena edo senarrarena izan da. Horregatik, gure aurrekoek mugimendu feminista garatu zuten, gurea zen zerbait eta geure burua emantzipatzen lagunduko zigun zerbait behar genuelako. Baina hori ere, benetan gurea den gauza bakarra, gizonezko askok kendu nahi digute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>