Suhar (Zaldibia), Aralarren magaleko sugarra

Suhar_taldeaDiktadura ondorengo urteetan zegoen askatasun egarriarekin, festa giroa ere zabalduz joan zen han eta hemen. Eta festa giroarekin batera, erromeria taldeak ere ugaritzen hasi ziren, pixkanaka. Zaldibiara ere iritsi zen sugar hori, eta herriko gazte talde bat elkartu eta musika jotzen hasi zen. Hala sortu zen Suhar taldea, 80ko hamarkadaren hasieran. Joxe Mari Garmendia Xeto, Martzelino Garmendia Martxel, Aurelio Saez Yerri, Xanti Saez, Arantxa Etxeberria eta Iñigo Apaolaza izan ziren lehen boskotea osatu zutenak. Xetok gogoan du herrian bertan, Santa Fe egunaren bezperan, jo zutela aurreneko kontzertua.

Denak ere, musika etxean ikasitakoak  ziren; «gure kasa ikasi genuen, inongo solfeo eta eskolarik gabe». Garmendiatarren familiako etxean entseatzen zuten, garaje batean. «Kasik egunero jotzen genuen. Nahiko ekipo handia genuen eta auzokoak gustura egoten ziren; pentsa, behiek ere esne gehiago ematen zutela esaten ziguten!». Ordizian eta inguruko herrietan ez ezik, Nafarroa aldean (Lesaka, Elizondo, Etxalar…) ere dezente jo zuten, herriko lagun baten kamioia hartu eta hura eszenatoki modura jarrita. Festetan ez ezik, ezkontzetan ere jo izan zuten. Sei bat urtez aritu ziren horrela, harik eta Xanti bateria jolea gaixotu zen arte. Handik gutxira utzi zuten taldea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>