Indarkeria

Ane-InsaustiAne Insausti Barandiaran • Hegitik begira

Arrazoi osoa galtzen omen da bide baketsutik irten eta indarkeria erabiltzen hastean. Ez omen dio defendatzen duzun kausari onik egiten. Baina zer gertatzen da, bide baketsutik ezer lortzen ez duzunean? Legala vs zilegi denaren arteko bidegurutzea zeharkatu behar dugunean?

Pausu bat atzera egin eta indarkeriaren definizioaz hausnartzeak lagun diezaguke: zeri deitzen diogu biolentzia, eta zeri ez? Ez al da biolentzia, 600 euroko pentsioarekin biziraun behar izatea, batzuk diruz gainezka dauden bitartean? Ez al da indarkeria, etxeak hutsik egonda, familiak etxegabetzea? Emakume etorkina zarelako, zaintza lan prekarioen gurpilean biraka bizitzea? Edo, egunero alboan duzun gizonak baino esfortzu handiagoa egin behar izatea, haren toki berera heltzeko?

Min fisikotik harago doan eta demokraziaren mantapean ezkutatzen den biolentzia atzematea kosta egiten zaigu, ordea. Izan ere, gizon zuri gorbatadunek biolentzia zer den erabakitzen dute, eta objektibotasunez mozorrotutako hedabideek haien diskurtsoa azalean tatuatu arte bonbardatzen gaituzte.

Bakean bizi garela sinestarazi digute, sistemak indarkeria ezkutatzen jarraitzen duen bitartean. Otzan nahi gaituzte, isilik, geldirik, meneko. Baina eskubideak ez dira loterian tokatzen, eta ez ditu zikoinak Paristik ekartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>