Izaskun Altuna • Goierriko Nekazal Kooperatiba (Ordizia)
Lau urtaroek bere xarma dute, baina politena bereziki udaberria dela esan dezakegu. Udaberriko lanak egin ahal izateko neguan lurra prestatu behar dugu. Horretarako, hainbat lan egin behar dira: belar txarrak kendu eta lurrari buelta emango diogu, oxigenatu dadin; karea eta ongarri on bat bota eta lurra deskantsuan eduki; eta giro ona dagoenean, lurra puskatu eta lanerako prest izateko.
Egia da martxo aldean eguzki errainuak berotzen hasten direla eta jendeak lanean hasteko gogo handia izaten duela. Zoragarria da, baina lurrak ere tenperatura egokia izan behar du. Zergatik diot hori? Gaur egun haziak egiteko teknika egokiak ditugu baina landare hori lur hotzean sartzen dugunean, landarea ahulduko da, sustraiak indargabetu, hazkundea oztopatu. Landarea horitzea, eskastea lortzen da. Askok esaten digute ‘hazi eskasa eman didazu!’.
GNKn belaunaldi gogorreko bazkide baserritarrek, eta batez ere nire amak, erakutsi didatena zera da: pazientzia izan behar dela, eta kontuan hartzeko, faktore askok eragiten dutela: naturak, eguraldiak, ilargiaren kokapenak, lurraren kokapenak, lurraren baldintzak, haziaren kalitateak… Baina batez ere norberaren lan egiteko gogoa da garrantzitsuena. Beraz lurraren baldintza egokiak maiatzean lortzen dira.
Landarearen egoera sendoa ere garrantzitsua da. Batez ere tomate landareetan, oso preziatua da gurean, baina gure klima hezean nahiko buruhauste ematen dizkiguna. Lurrean sartzen den momentutik, lurrak tenperatura egokia izan behar du, landarea indartsu egon dadin. Landarearen eboluzioan itxurak garrantza handia dauka, gabeziak ikus daitezke eta horren arabera tratamendu ekologikoak eman behar dira. Askotan esaten digute «tratamendurik gabeko tomateak nahi ditut, horretarako kanpoan eros ditzaket». Baina izan ziur, etxeko tomatearen zapore on hori ez duzula aurkituko kanpoan.
Egutegia
- Apirilean
- Erein: Baba beltza, azakiak, apioa, tipula, borraja, patata, uraza, erremolatxa, eskarola, leka, kalabaza, kalabazina…
- Landatu: Marrubia, apioa, tipulina, usaindun landarea, arandanoa, franbuesa…
- Maiatzean
- Erein: Aza, Bruselako aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, arbi zuria, artoa, babarruna, leka motza, azenarioa, patata, kalabaza, kalabazina…
- Landatu: Tipula, uraza, kardoa, tomatea, kalabaza, piperra, meloia, berenjena, lekak, kalabazina, erremolatxa…
- Ekainean
- Erein: Artoa, leka altua, leka baxua, perrexila, azenarioa, erremolatxa, endibia, arbi hazia, patata…
- Landatu: Erremolatxa, tomatea, tipula, piperra, berenjena, kalabaza, kalabazina, apioa, uraza, meloia…