Lidergo berrien bila

Goieki

Beasaingo Igartzako jauregian egindako lan saio bateko irudia. Lehen fasean halako zazpi partaidetza saio egingo dituzte.

Goierri Valley-ko bazkideak Eraldatuz proiektuan murgilduta dabiltza. Lidergo partekatu eta eraldatzaileez, motibazioaz eta talde nortasunaz aritu dira, besteak beste, orain arteko saioetan, errealitate berriei aurre egiteko tresna berriak behar direla iritzita.

Goierriko enpresetan pertsonen konpromisoa eta parte hartzearen kultura bultzatzeko helburuz Ilusion proiektua garatu zuen Goierri Valleyk 2018-2019 urteen artean, eta haren jarraipen modura, eta bazkideen eskakizunekin bat egin asmoz, Eraldatuz proiektuan murgilduta dabil elkartea otsailaz geroztik. Zazpi pauso eta hamaika aukera goiburua du proiektuak, eta lidergo eredu egokiak lortzeko gaitasunak indartzea du helburu nagusiena. InGroup aholkularitza taldea ari da saioak gidatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamenduaren diru-laguntza du.

Gertakizun ezberdinak direla eta, «etengabe mugitzen ari den» errealitate batean bizi da gizartea. «Pandemiak sortutako ziurgabetasunak, prozesu aldakor eta azkarrek, belaunaldi berriek dakartzaten mentalitate berriak eta beste hainbat faktorek gogor erasan dituzte martxan dauden gestio estrategia batzuk». Goierri Valley elkartearen ustez, egoera honek «lidergo eredu egokiak lantzea» ezinbesteko bihurtu du, Goierriko enpresak «garapen handiagoko kultura baterantz» bultzatzeko.

Kultura korporatibo eraginkor bat lantzeko eta lidergo positiboa sortzeko jarri du martxan prozesua Goierri Valley elkarteak

«Erakunde malguak behar ditugu, jendearen onena ateratzen duten horietakoak, talentua mantentzeko gaitasuna dutenak. Horretarako, beraien balioa garatzea posible dela sentitu behar dute pertsonek. Kultura korporatibo eraginkor bat landu behar dugu, lidergo positiboa gauzatuz eta berrikuntza balio korporatibo bat gehiago bezala gehituz».  Errealitate berri horri aurre egiteko erremintak lantzeko jarri du martxan Goierri Valleyk Eraldatuz proiektua. «Gure bazkideak errendimendu handiko erakundeak izatera bideratuko ditu, aldaketa lidergoaren eredutik baitator». Proiektua bi fasetan banatuta dago. Lehenak 7 saio eta outdoor bat ditu –bost egin dituzte jada–, eta bigarrenak modu indibidualean landuko ditu enpresa bakoitzak aukeratutako arloak.

Elkarrengandik ikasten, taldean

InGroup aholkularitzako Pilar Romerok eta Nieves Barahonak «positibotzat» jo dute bazkideek proiektuari egin dioten harrera. «Ikasteko eta norberaren ezagutza eta esperientziak trukatzeko gogo handia sumatu dugu». Talde nortasunaz, motibazioaz, lidergo eraldatzaileaz, errendimendu handiko taldeei jarraipena egiteaz eta lanpostuen balorazioa egituratzeaz aritu dira orain arteko saioetan. «Arlo guztiak dira garrantzitsuak, eta denak oinarrizkoak iruditzen zaizkigu etorkizunean erakunde parte-hartzaile, bizi eta osasuntsuak eraikitzeko».

Aholkulariek berealdiko garrantzia ematen diote lidergoari. «Haiek dira erakundeen konplexutasuna gidatu eta errealitatea aldatuko duten erabakiak hartu behar dituztenak». Partaidetza saioetan Helburuak eta Balioak definizioan sakontzen ari dira, horiek jotzen baitituzte erakundeen ardatz nagusitzat. «Lanketa honek guztiak erakundearen ikuspegiarekin lerrokatuko ditu pertsonak, eta langileen gogobetetze maila areagotuko du».

Xabier Perez, Goierri Valleyko negozio arduraduna: «Enpresa bateko giroan eta kulturan lidergo ereduak indar eta eragin handia dutela barneratzen ari gara saio hauen bidez»

Pilar Romero – Nieves Barahona, InGroup aholkularitza: «Ikasketa prozesu honek eragingo du erakundeek neurriak hartzea enpresak parte-hartzaileagoak eta efizienteagoak izateko»

Eduardo San Jose, Jatur Industria Hornigaiak: «Lantaldeak eraikitzea zaila da, eta are gehiago gurea bezalako enpresa batean. Denok aritu behar dugu denontzat»

Saioen metodologia praktikoa eta parte-hartzailea da. Modu kolektiboan esperientziak partekatzea, ikastea eta hausnartzea, eta profil eta ikuspegi ezberdinetako jendea elkar elikatzen eta baliabideak handitzen ari direla ikustea pozgarria da Romero eta Barahonarentzat. «Ikasketa prozesu honek eragingo du erakundeek neurriak hartzea enpresak parte-hartzailegoak eta efizienteagoak izan daitezen».

Pertsonen arloa hobetzeko nahia

Goierri Valley taldeko negozio arduradun Xabier Perez ere bat dator aholkulariek emandako ikuspuntuarekin. Saioetan «profil ezberdinetako» enpresek parte hartu dutela, eta horrek elkarbanatzen diren bizipenak «asko aberasten» dituela nabarmendu du. «Saio guztien amaieran gogobetetze inkestak banatu ditugu, eta proiektuaren balorazioa oso positiboa izaten ari da. Saioak dinamikoak izan dira, eta guztiek partekatu dituzte arlo ezberdinetan izandako esperientziak. Horrek, ikaskuntza partekatua eta erlazioak bultzatu ditu, eta gure bazkideek asko baloratu duten zerbait izan da alderdi hori. Giro oso onean ari gara lanean, klima oso atsegina sortu da».

Proiektuan parte hartzen ari diren enpresek «pertsonen arloa hobetu eta sustatzeko nahia» dutela sumatu du Perezek, eta hori lortzeko «ereduzko lidergoak lantzea ezinbestekoa denaren kontzientzia» badagoela uste du. «Enpresa bateko giroan eta kulturan lidergo ereduak indar eta eragin handia dutela barneratzen ari gara. Elkarteko bazkideen sinesmen hori dutela ikusten da, gogoz ikasi eta eboluzionatzeko nahia baitute». Goierri Valley Elkartean enpresen lehiakortasuna sustatzen dute, eta bide horretan «eragin zuzena» du Eraldatuz proiektuak. «Enpresetan motibazioa, balioak, errendimendu handiko taldeak … lantzea funtsezkoa da».

Taldearen garrantziaz jabetu

Lazkaoko Jatur industria hornigai enpresa da proiektuan parte hartzen ari den bazkideetako bat. Eduardo San Josek honako irakurketa egin du: «Egunero-egunero lankide duzun taldearen garrantziaz jabetzea da interesgarriena. Zer egiten dugun eta zer ez ikusten ari gara saio hauen bidez. Informazioa partekatzea, lanak bideratzea, baloratzen jakitea, eta batez ere, gure kolaboratzaileak zoriontzea oinarrizkoa da. Gure lanean funtsezkoak diren puntuak freskatzen ari garela esango nuke».

San Josek adierazi du Jaturren komertzial bakoitzak «bere bezeroak eta bere errealitatea» duela, eta ez dela erraza egunerokoan talde ikuspegi hori garatzea. «Lantaldeak eraikitzea berez da zaila, eta are gehiago gurea bezalako enpresa batean. Denok aritu behar dugu denontzat. Gelditu, eta globalean pentsatzen ikasi behar dugu. Horretan ari gara». Saioetan sortu den «talde anitzari» aipamen berezia egin dio Jaturreko kideak, «elkar aberasten» ari direla uste baitu. Parte hartzen ari ez diren bazkideei animatzeko deia ere egin die.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>