Lurra da abiapuntua

Zuhaitz-Landaketa-Itsaso

Itsasoko herritar talde bat, aurtengo martxoaren 6an, San Lorentzo eremuan zuhaitzak landatzen auzolanean.

Jabetza pribatuko landa lurrak eskuratu, bertako zuhaitz espezieak landatu eta ondare publiko bihurtzeko bidea egiten ari dira Goierriko hainbat herri. Habitat naturalak zaindu eta lehengoratzea dira jarduera hauen helburu.

Gaurko egunean, lurjabe askok ez dute etekinik ateratzen jabetzan dituzten sailetatik. Askok lurrarekiko harremana galdua dute, eta jabetza senide askoren artean banatuta egoten da. Baldintza horietan, «egokiena eta errazena» lursailak erostea dela irizten dio Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak. Biologo eta botanikaria ere bada, eta soro eta belardi ez diren, eta nekazaritzarako erabiltzen ez diren lurzoruek «ahal den neurrian» kudeaketa publikoa izan behar luketela dio. «Menditik ateratzen ditugu ura, aire garbia, biodibertsitatea… Ondare publikoa dira».

Iñaki Aizpuru, Itsasondoko alkatea: «Lursailak eskaintzeko aukera zabalik dago udalean. Denei eman behar zaie salmenta egiteko aukera»

Duela dozena bat urte Murumendiko haitzak soilik zituen jabetzan udalak –15 hektarea–, eta hamarkada pasa honetan, 100dik goraren jabe da, udalerriaren azaleraren %11-12. Udal aurrekontuan urtero 15.000 euro bideratzen dituzte horretarako. Erositako baso gehienak pagadiak dira, eta horien kontserbazio egoera hobetzeko lanak egin dituzte. Erositako beste sail batzuetan koniferak bazeuden –edo egurretarako beste espezieren bat–, horiek ustiatu edo bakandu ondoren, bertako espezieen landaketak egin dituzte. Haritzak landatu dituzte batik bat, baita gereziondoak, lizarrak, astigarrak eta otsanlizarrak ere. Beste zenbait hektarea, aldiz, lurjabeekin egindako zaintza akordioen bidez kudeatzen dituzte. «Lursailak eskaintzeko epea irekita dago, denei eman behar zaie horretarako aukera», adierazi du Aizpuruk.

San Lorentzo eremua Itsason

Itsaso da natura ondarea berreskuratzeko lanean ari den Goierriko beste herri bat. Kaskotik San Lorentzo ermitara bitarteko mendi sail batzuk erosi zituen iaz, Klima aldaketari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak duen programa baten bidez diru-laguntza lortuta. Natur Ondarearen Kontserbazio Proiektuaren parte dira erosketok. Neguan egin zituen landaketak enpresa batek Aranzazi Zientzia Elkartearen gidaritzapean –gehienak haritzak, gereziondoak, lizarrak…– eta martxoko lehen astean eskolaumeek eta herritarrek ere egin zituzten landaketak. Alegian, Santa Lutzi errekaren ertzean, haltzak ere aldatu dituzte. Bi eremuak batuta, 3.000 landare baino gehiago sartu dituzte. Kizkitzan, berriz, pago mugarratuak kimatu dituzte, argiuneak sortuz.

Gorka Sasieta, Itsasoko batzordeko ordezkaria: «Aurtengo proiektuan beste lau hektarea sartu ditugu. Horiek gehituta, Itsasok dituen 800 hektareatatik 15 izango lirateke publikoak»

«Aurtengo proiektuan beste lau hektarea sartu ditugu, eta Alegiako errekaondo horretan ere landaketak egingo ditugu. Horiekin, Itsasok dituen 800 hektareatatik 15 lirateke publikoak», zehaztu du Gorka Sasieta Itsasoko batzordeko ordezkariak.

Ezkion, nahia bai, trabak ere bai

Ezkiok Izazpi azpian herrikoak diren hiru bat sail ditu, baina beste dena lurjabe pribatuena da. «Arazo bat daukagu oso potoloa, eta da Diputazioak esaten duela lursail horiek jabetzan eduki beharra daudela horrelako ekimen batzuk diru-laguntzen bidez aurrera eramateko. Lurjabe batzuk prest daude debalde emateko ere, beste batzuk ez dute ezer jakin nahi, eta sail bat oso bat osatu ezinean gabiltza», nabarmendu du Ezkio-Itsasoko landa eremuko zinegotzi Joseba Telleriak.

Joseba Telleria, Ezkio-Itsasoko landa eremuko zinegotzia: «Izazpi azpiko lurjabe batzuk prest daude lurrak debalde emateko, beste batzuk ez dute ezer jakin nahi, eta sail oso bat osatu ezinean gabiltza»

«Nahia badago, baina trabak ere bai!», jarraitu du. Goimenen kontsulta egina dute ea kontzesio bidez eginez aldundiak onartuko ote lukeen. «Udalak egingo luke hitzarmen bat lurjabe horiekin denekin 50 bat urterako kontzesioa eskatuz, eta udalak egingo lioke erabilpen bat eman, landaketa batzuk egin, eta behin epea pasatutakoan, lurjabeen eskuetara pasatuko litzateke edo bestela berriz luzatu».

Olaberrian ere urratsak egiten

Olaberriko Udalak jabetzan dituen lursailak «oso gutxi dira, 14 hektarea», nabarmendu Aitor Urkiola Ingurumen zinegotziak. «Naturtzaindiaren bidez diru-laguntzak lortzeko prozesuan gaude  degradatuta dauden tokietan bertako espeziak landatzeko». Aurten, kreditu aldaketa bidez, 20.000 euro dituzte esku artean partikularren lursailak erosteko. «Lurjabeekin biltzea da asmoa, eta ondo azaltzea zeintzuk diren aukerak eta dauden kudeaketa ereduak».

Aitor Urkiola, Olaberriko Ingurumen zinegotzia: «Lurjabeekin biltzea da orain asmoa, eta ondo azaltzea zeintzuk diren aukerak eta dauden kudeaketa ereduak»

Bertako espezieak landatzeko prest dauden lurjabeei laguntzeko bideak jartzeko prest ere badago udala. «Kudeaketa plan bat baduzu diputazioak %50a edo %60a ematen du, eta gainontzekoa udalak jar lezake». Hala ere, «prozesu luzea» izango dela argi du zinegotziak.

Datuak

  • 100 hektarea baino gehiagoren jabe egin da azken dozena bat urteetan Itsasondoko Udala, eta dagoeneko herriaren azaleraren %11-12 publikoa da. Urtero 15.000 euro bideratzen ditu lurrak erosteko.
  • 15 hektarea publiko izango ditu Itsasok urtea bukatzerako San Lorentzo inguruan. Hamar hektarea pasatxo erosi eta landatu zituen iaz, eta aurten beste lau eskuratu nahi ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>