Irrintziaren ozentasuna, barnetik airera

JOSE_ARRUEREN__IRRINTZI__M

‘Irrintzi’ margolana, Jose Arruek (Bilbo, 1885 – Laudio, 1977) margotua eta Tolosako Laborde eta Labaien inprimatzaileak 1931n argitaratua. / Bilboko Euskal Museoa

Telekomunikazio eta harreman digitalen garaiotan, sona hartu du berriz ere irrintziak. Irrintziaren espresioak, teknikak, erabilerak eta onurak. ‘Erraiak’ dokumentalak gizarteratu ondoren, irrintzilarien elkartea osatu dute. Medikuntzak ere erreparatu dio, eztarriko osasunerako.

Agosti Xaho idazle zuberotarrak 19 oihu mota desberdin identifikatu eta deskribatu zituen XIX. mendean, euskaldunek erabiltzen zituztenak. Bakoitzak sentimendu edo aldarte-egoera bat adierazten zuen: poza, arriskua, deia, beldurra, mina… Eta bakoitzak zuen bere izena ere: khereilua, karraxia, oihua, hela, auhendua, orrokoa, marraka, marraska, marruma, heiagora, deiadarra, uhuria, sinkha… Eta irrintzia, noski.

«Hitzik gabeko emozioak islatzeko edo helarazteko hizkuntza da irrintzia», definitu du Nerea Barandiaran irrintzilari lazkaotarrak, Lazkaoko Gerrikon emandako hitzaldian. Baina xehetasun askoz gehiago baditu. Euskaldunentzat, zaldiak egiten du irrintzi, eta mitologikoki pisu handia dauka ikur horrek. Badirudi zaldiaren hotsaren kopiaketa bat dela gizakien irrintzia. «Oroitzen dut, 6-7 urte neuzkala, baserritar batek zaldiari deitzeko egiten zuela irrintzi; eta zaldiak erantzun egiten zion».

Erabilerak ere askotarikoak ditu. Bozkarioa adierazteko, gorputzean une batean kabitu ezin den sentimendu uholdea parrastaka ateratzeko ihesbidea, mendirik mendi deiak edo alarmak emateko sistema… Xahoren deskribapenak beste, edo gehiago.

Gaur egun ere, irrintzi motak bereiztea ez da zaila. «Alaitz eta Maider musikariek egiten zuten ‘priiiiii’ hura mota bat da. Edo Landakanda pandero jotzailearen ‘u-i-ha-haaaa’ berezia. Edo sorginen dei agudoagoa eta altuagoa», azaldu du Barandiaranek.

Sinbologiak eta analogiak, berriz, irudimenak eman ahala atera litezke. «Suarekin lotura handia dute irrintziek. San Joan bezperako suetan, iluntzean piztutakoan, gainik gain botatzen zituzten irrintziak. Bat hasi, urrutiago beste batek erantzun, harago hirugarrenak jarraitu… Suarekin erlazionatutako irrintziak, akelarreetan akusatu eta erretzen ari ziren sorginekiko errespetuzko dei gisakoak dira. Neuri ere, San Joan suarekin, izugarrizko gogoa jartzen zait irrintzia botatzeko».

Minaren adierazpidea

Festarekin, erromeriarekin eta trikiti alaiarekin lotzen baldin bada ere gaur egun, beste aldarte baten adierazpide bezala ere erabili, sentitu eta aldarrikatu izan du Barandiaranek irrintzia: saminaren doinutzat. «Agurretan, gorputzetik arimari bere bidea bilatzeko edo argia emateko modua da irrintzia, baita ere. Agur egiteko modu bat». Doluan ere alaitasunean bezala irteteak, sentimenduen munduarekin lotzen du, zuzenean. «Hiletetan, adibidez, agurra, haserrea, amorrua, mina bideratzen ditu. Hitzik gabeko garrasia da».

Nerea Barandiaran, irrintzilaria:
«Suarekin erlazionatutako irrintziak, San Joan suan adibidez, erretzen ari ziren sorginekiko errespetuzko deiak dira»
«Minaren hitzik gabeko garrasia da, gorputzetik arimari bere bidea bilatzeko edo argia emateko modua»

Halako uneetan irrintzika hasteak «errespetua» ematen duela aitortu arren, edonon egiteko baimena badu berez irrintziak, irrintzilariaren esanetan. «Bota nahi dudala sentitzen dudanean, botatzen dut. Edonon. Hori bai, adinekoek beste ulermen edo zentzumen bat daukate irrintziarekiko».

Uneak eragiten duenez, une berak ematen dio, ziurrenik, esanahia. Eta entzuleak haren arabera ulertzen du: tristurarena ala poztasunarena den, artzainek euren artean komunikatzeko egindakoa den, ala gudarako oihua den. «Baina identitate bat adierazten du irrintziak, kolektiboa da, eta teknika-arau batzuk ditu. Barruak eskatutakoa da, bestetik». Gaur egun irrintzilari gehienak emakumezkoak diren arren, irrintzia botatzeko gaitasuna denek daukatela dio. «Gizonek ere bai. Lehenago gizonek botatzen zituzten irrintziak, emakumea ezkutuan zegoelako. Ez dauka ahotsarekin zerikusirik, falsetea denek daukatelako».

Falsetea da, oinarrian

Arnasaldi bakarrean botatzen da irrintzia, etenik gabe, eta bukaerak garrantzi berezia dauka: potentziarekin eta indarrarekin iritsi behar da azkenera. Bolumenarekin, iraupenarekin –nahiz eta lehiaketetan zenbat eta luzeagoa hobetsi– eta tinbrearekin jolas egin dezake botatzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Klinikak egin du irrintziaren lehen ikerketa zientifikoa, eta, uste daitekeenaren kontra, ahotsa berreskuratzeko teknikatzat ere balio dezake. Eztarria urratzetik oso bestela, alegia. Falsetea baita irrintziaren giltzarria. Tonu altuagoak lortzeko (nola goitik, hala behetik), ahots kordak modu jakin batean erabiltzeko teknika da, laringeko pleguen dardara eraginda.

Musika irakaslea ere bada Nerea Barandiaran, eta honela azaldu du teknika: «Kantu ikasleei esaten diet, afonia dutenean edo eztarria urratuta daukatenean, falsetea erabiltzeko. Denok dakigu hori egiten; goizean esnatutakoan ahozabalka hastean egiten dena da, edo norberea ez den ahots bat jarrita aritzean erabiltzen dena. Horixe dago irrintzian ere».

Euskal Herrikoa bakarrik ez, mundu guztikoa da irrintzia. Gizateriaren ondare izendatzeko eskatu dute. Irakasteko, ordea, errezeloak ditu Barandiaranek; lehiaketekin bezalaxe. «Haurrei ezin zaie irakatsi. Sentitzen da, edo ez. Gainera, irrintzia modu askotakoa denez, ez da estandarizatu behar. Batek motzago egingo du, besteak baxuago; ezin da modu bakarrean orokortu».

Konfinamenduan, adibidez, arratseko txaloaldian egunero botatzen zuen irrintzi bat. «Batek aitortu zidan, bukatu zenean, lasaitua sentitzen zuela entzundakoan». Koronabirusak jota ospitaleetan zeudenentzat grabatuta ere bidali zuen. Hitzaldiaren bukaerako irrintziari, elkarren segidan, beste lau entzulek jarraitu diote. Badu zerbait, bytetan errenditzen ez dena.

Mediku-ikerketa

Nafarroako Unibertsitate Klinikako Ana Martinez mediku foniatrak irrintzia ikertu du doktoretza tesirako. Teknikoki neurtu eta deskribatu du, eta foniatriarako erabilgarritasuna aurkitu dio.

  • Espektro harmonikoa. Soinuen uhinak neurtuta, M formako espektrograma eman du irrintziak, %70ean (‘a’bokalarena lerro zuzena da). «Inoiz ez genuen halako espektrorik ikusi. Irrintzia egitean, ‘a’ eta ‘i’ bokalak etengabe eta azkar aldatzen dituztelako izan daiteke».
  • Fonazio organoetarako ona. Laringea, mihia, matraila… atal asko erabiltzen ditu irrintzilariak. «Intentsitate eta frekuentzia handiak lor daitezke, esfortzu txikiarekin eta ahots kordak mindu gabe».
  • Soinu distiratsuagoa. Laringea goratu egiten da, 4. lepaornotik 2.era, eta soinu «distiratsuagoa» da. 1.400 hertzera iristen dira (goiko do 1.000 hertzen inguruan dago).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>