«Festarik gabe eta jende pilaketarik gabe ezin dugu lanik egin»

Eusebio-AlvesEusebio Alves  – Hugo eta Eusebio atrakzioak (Urretxu)

Hugo eta Eusebio atrakzioak enpresako arduraduna zara. Pandemia hasi zenetik lanik egin ezinik zabiltzate.
Bigarren urtea da ia geldirik gaudela, lanik egin ezinik. Festarik gabe, eta jende pilaketarik gabe, ezin dugu lanik egin. Martxoan hasten da guretzat denboraldia, festekin batera, eta urrian amaitzen dugu. Sei hilabetetan lan egiten dugunez, urte osoari aurre egiteko sei hilabete horietan, ia atsedenik hartu gabe egin behar dugu lan, eta pandemia aurretik, hala izaten zen. Ditugun gastuak gainera handiak dira; aseguruak,azterketa teknikoak… Eta hain juxtu, denboraldia hasi aurretik egiten diren gastuak dira, hortaz, 2020ko martxoan alarma egoera ezarri zenean, urte osorako inbertsio oso handia egin berri genuen. Egoera normalean, hurrengo hilabeteetako lanarekin berreskuratzen dugu, baina esan bezala, iaztik, ia ez dugu lanik egin. Orain hasi gara, herri batzuetan atrakzioak jartzen, baina ez da nahikoa. Beraz, aurrezkietatik tiraka ari gara. Baina egoera horretan ezin dugu denbora luzean egon. Gainera familia guztia hortatik bizi gara.

Festarik festa ibilita, eskualdean ezagun zarete goierritar asko eta askorentzat?
Gurasoek 40 urte inguru daramate herriz herriz lanean. Ni neu  Beasaingo jaietan jaio nintzen, eta umetatik, gurasoekin hara eta hona ibili naiz. Jende asko ezagutzeko aukera eman digu, eta herri askotan, gu iritsi zain egoten dira haurrak.

Pandemiaren ondorioez gain, asteburuan Lezon jarrita zeneukaten ohe elastiko bat bat erreta agertu zen larunbatean.
Esango nuke, nahita egin zutela. Aurreko asteetan ere hainbat arazo izan genituen. Txartel-leihatilan sartu ziren lapurtzera, eta ondoren buelta eman zioten. Azken urtebetea oso gogorra izan da, uda honetan lan pixka bat egiteko aukera edukiko genuela uste genuen, eta orain hau… Ezin dut ulertu. Ez zait buruan sartzen nola egin dezakeen norbaitek horrelako zerbait. Dena den, gertatutakoa eta gero, jendeak gurekin izan duen erantzunarekin gelditzen naiz. Oso eskertuta nago jaso ditugun animo mezuengatik. Egoera zail honetan lanean segitzeko indarra ematen du.

Erreportaje osa irakurtzeko: http://goiberri.eus/2021/06/25/aurten-ere-jaien-txinpartarik-gabe/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>