Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Bazen garaia, askatasun pixka bat. Arnasa hartzeko aukera. Badirudi gauzak hobera doazela. Baina, urte eta erdi gogorra izan dugu, neketsua. Orain berreskuratu beharko ditugu hainbat eskubide, orain bueltatu beharko gara lehengora, orain. Lan horietan jarri baino lehen, ordea, niri atzera begirako azterketa egitea gustatzen zait. Gogoratzen dut tabernak terrorismo berria ginenean. Gogoratzen dut kutsatzeen gorakada gizartearen errua izaten zirela. Gogoratzen dut nola tratatu zituzten haurrak. Gogoratzen dut kultura eta sorkuntza itotzen saiatu zirela. Gogoratzen dut Ertzaintza langileak, gazteak eta mundu guztia egurtzen. Gogoratzen dut Erkoreka tabernari bat komisaldegian biluzik mantentzea ordu luzez normala dela esanez. Gogoratzen dut Urkullu kazetariekin haserre galderak egiten zizkiotelako, edo berriro Erkoreka gezurretan, edo berriro Ertzaintza langileak egurtzen, edo ETB manipulatzen… Horrela jarraitu nezake ordu luzez.
Guri dagokigu orain gure tokia berreskuratzea. Normaltasuna ez da bere kabuz bueltatuko. Ez zaizkigu falta irriparra eta ametsak errotik mozten saiatuko direnak, eta baldintzen kaxkartzea mantentzen saiatuko direnak. Ez dira falta polizia eskuindarrak eta politiko txatxuak. Hortik aurrera, hasi gaitezke egokitzen, lehenbailehen, orain. Orain garbiago daukat nondik gatozen, garbiago nora joan nahi ez dudan. Eta badakit zer ez egin ere. Bada aurrerapausu bat. Dena hobetzeko dago, orain.
Bigarren pausoa jaialdiak antolatzea izan da, bata uztailaren 24ean. Kaskezur, Oki Moki eta Lie Detectors izango ditugu, eta garagardoa. Bigarrena Urriaren 9an. Moonshakers, Bamms eta Capsula. Aurten ehunka jaialdi ez dira antolatuko, guk hiru egingo ditugu. Gainera proiektu berri oso interesgarriak eta berriak ekarri ditu pandemiak, horrek are gehiago motibatzen nau. Hurrengo jaialdietan ekarri beharrekoen zerrenda gorantz doa: Gailu, Tatxers, Bamms… gure momentua da, orain!