Oroitzapen udatiarrak

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Zutabe hau idazten hasi aurretik ene memoria pribilejiatuarengana jo dut eta eskaera bat egin diot: «Aizu, ekar iezadazu, otoi, oroitzapen udatiar bat». Planteamendua ezin irekiagoa izan da, baina hondartzaren bateko akordua, edo beltzaran, irribarretsu, alegia, irabazle agertzen naizen argazki bat beharrean, beste zerbait eman dit: gogorarazi dit Pagoeta tabernako telebistan ikusi nuela, zortzi urterekin, Jon apaizaren eta beste piztia batzuen konpainian, Miguel Indurainek nola irabazi zuen aurrenekoz Tourreko etapa bat, Cauteretsen, 1989ko uztailaren 10ean.

Imajina ezazue zenbat oroitzapen eduki ditzakeen batek, baina hori aukeratu du memoriak. Auskalo, igual otoi esan diodalako eskaeran; edo orain gutxi Lourdesko Ama Urretxuko Pasiotarren eliza itxi dutelako eta Jon izan zelako hango apaiz karismatikoena eta futbolari trebeena; edo, beharbada, besterik gabe, nostalgiko jarri nintzelako orain egun batzuk, Iñaki Akizu apaiza elizaren barruan hitz egiten ikusi nuenean Urola Telebistan. Zeren, 1960ko, 1970eko eta 1980eko hamarkadetan Ipeñarrieta kalean edo inguruan jaiotako asko Pagoetako parkearen eta elizaren bueltan hazi ginen.  Baina Thailandiara edo Cadizera joateko beharrik gabe artean, noizbait konturatu ginen bazela mundurik Pagoetatik kanpo ere, eta udako gau sargorietan Zelai Ariztira iristen hasi ginen aurrena, eta gero, behin ahotsa lodituta, inguruko herrietara ere, tradizioz jasotako erritu etilikoari segida ematera.

Asko izan zirelako oraindik ere pisu handia dute egunez erditzen ziren gau haiek ene oroitzapen udatiarretan, eta horrek eraman nau Makala handiaren Hondartzan (2005) diskoa oroitzera, doinu atsegin eta beroetara, izen bereko kantua entzutera. «Lortuko al dugu dugu, behingoz bai, itsasoa ikustea. Lortuko al dugu, azkenik bai, hondartzara iristea». Pagoetatik ez da itsasoa ikusten, baina 20 urte barru gustatuko litzaidake oroitzapenak egunez erditzen diren gauenak baino, ilunabar eder idilikoenak izatea. Baina nago ni atzera Pagoeta ingurura eramango nautela, esaten dutenez haurtzaroa baita gizakiaren aberri bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>