Txikitasuna handi egiten duten proiektu sorta

Txirbil

Txirbil Axalkoko Aitzol Telleria agintari eta teknikariei egurrezko bizikleta koadroak nola egiten dituzten azaltzen, Zeraingo tailerrean.

Landatartasun mailarik handieneko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa errazten duten programen bidez hainbat proiektu finantzatu dira Goierrin.

Azpiegiturak sortzea, oinarrizko zerbitzuak bermatzea, ekintzailetza sustatzea eta udalerri txikiak bizitzeko erakargarri egitea dira, oro har, Leader eta Erein diru-laguntza programen jomuga nagusiak. 2017tik 2020ra bitartean 29,5 milioi euro inguruko laguntzak onartu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE)  lehen programa horren bidez. 2021eko deialdian bost milioi euro pasako laguntzak izatea espero da. Diru horretatik 1,46 milioi Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik etorriko lirateke, eta gainontzekoa, Europar Batasuneko funtsetatik.

Erein programak, berriz, bi modalitate ditu, publikoa eta pribatua. Udalerriei ez ezik, era guztietako tokiko erakundeei zuzenduta dago lehena, eta bigarrena, partikularrek garatutako jarduerak finantzatzeko. EAEn landatartasun maila handiena duten eremuen sustapenean eta garapenean aurrera egitea da helburua. EAEn 116 herri daude eremu horretan –Goierriko dezente tartean–, eta 2017tik 2020ra 27,6 milioi euro inguruko laguntzak eman dira modalitate horien bitartez.

Leader laguntzak Mendinet tokiko ekintza taldeak kudeatzen ditu. EAEko landa garapeneko 18 elkarteek –Goimen da horietako bat– eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Hazi Fundazioak osatzen dute. Landa eremuen garapen ekonomikoa bultzatzea, enplegu aukerak sustatzea eta herri txikietako biztanleek bizi-kalitatea hobetzeko ekipamenduak eta zerbitzuak jartzea da Mendineten eginkizun nagusia.

Testuinguru horretan kokatu behar da joan den ostegunean, uztailak 1, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde ataundarrak, eta Landaren, Itsasertzaren eta Europar politiketako zuzendari Jone Fernandezek Goierrira egindako bisita. Ezkio-Itsasoko eskola txikiak bilera egin zuten lehendabizi Goierriko hainbat udal agintarirekin, eta segidan funts horien bidez diruz lagundutako lau proiektu ezagutu zituzten. Iñaki Elgarresta Goimeneko lehendakaria eta Ioritz Berra teknikaria ere han izan ziren, Goimenen laguntza eta aholkularitzarekin garatzen baitira proiektuok.

Goierrik ia bost milioi euro jaso ditu azken urteetan Leader eta Erein programetara aurkeztu dituen proiektuei esker
Goimen landa garapen elkartearen aholkularitza eta laguntza teknikoaren bidez garatzen dira proiektuok eskualdean

Ezkio-Itsasoko eskola txikia

Leader programaren ondoz ondoko hiru fasetan finantzatu da (2014-2016) Ezkio-Itsasoko eskola txikia. Lehen fasean, udal eraikina eskola gisa egokitu zuten; bigarrenean, eskolako ikasleentzako sukaldea eta herri osoari zerbitzua eskaintzen dion denda-taberna egin ziren; eta hirugarrenean, haurrentzako parkea eta kirol kantxa sortu ziren. Eskola txikien dinamikaren barruan funtzionatzen du eta adin desberdinetako ikasleak gela berean aritzen dira.

«Proiektu integraltzat» definitu zuten Ezkio-Itsasoko eskolarena. «Herri eskola bultzatu ez ezik, herri osoaren erabilerarako ostatu eta kirol instalazioak izatea lortu da, herria egiteko oso garrantzitsuak diren zerbitzu batzuk lortuz. Eskolako jangelako menuak bertako eta garaiko produktuekin osatzen dira, eta inguruko herrietako umeei beste eredu baten ikasteko aukera ematen die haur zein lehen hezkuntzan».

Mutiloako plazako etxebizitzak

2011tik egitura hutsean geratu ziren etxebizitzak egitea lortu zuten Mutiloan Leader laguntzei esker. Lehen fasean, eraikinaren egitura, lurpeko garajeak eta zerbitzuak (liburutegia, mediku kontsulta eta ludoteka) egin ziren. Bigarrenean, eta 2018an egindako proiektuari esker, etxebizitza berriak urbanizatzea eta eraikitzea lortu da sustapen kolektiboaren bidez. Sei etxebizitza sortu dira guztira, bi solairutan banatuta. Lau etxebizitza hiru gelatakoak dira, eta beste biak bikoak. Gaur egun sei etxebizitzak beteta daude, guztiak herrian erroldatuta daude, eta bertan bizi dira. Udalarentzat arazo zen egoera bati buelta eman diote laguntza hauekin.

Txirbil-Axalko kooperatiba

Hiru gazte ekintzaileren ekimena da Txirbil-Axalko kooperatiba, eta landa eremuan iraunkortasun ikuspegia duen jarduera ekonomikoa da. Ekodiseinuak, berrikuntzak eta teknologiak bat egiten dute enpresa honetan, arotzeria tradizionalaren jarduera bizikletaren mundura eramanez. Bizikleten egurrezko koadroak egiten dituzte, tokiko lehengaiak erabiliz kalitate handiko produktu bat lortuz. Axalko neurrira sortutako koadro bat da, egur tekniko eta errendimendu handiko zuntz begetalekin egindakoa. Koadroa txirrindulari bakoitzaren beharretara egokitzen dute. Pelleta (biomasa) egiten ere aitzindariak izan ziren.

Erromesen aterpetxea Zegaman

Passivhaus estandarrak ematen duen eraginkortasun energetikoaren eredua erabiliz egindakoa da Anduetza parketxearen ondoko aterpetxea. Eraikina beheko solairuan dago, eta ganbara txiki bat dauka. Fatxada nagusia hegoaldera eta mendebaldera begira dago, eta inguratzaile bat du ipar-mendebaldeko haizeteei aurre egiteko. Eraikinak 12 erromes har ditzake gehienez, eta bi logela, sukaldea, komuna, egongela eta bi bainugela ditu. Zegamako Udalak sustaturako proiektu bat da, hirugarren sektorearen erabilerarako. Iraunkortasuna, osasuna eta 0KM-ko eraikuntza materialen alderdia uztartzen ditu.

Datuak

  • 4.700.000 Eurotik gora jaso ditu Goierrik landa garapeneko laguntza gisa 2015-2021 urteen artean. Guztira 71 proiektu lagundu dira, 11 milioi euroko inbertsioa aurreikusita.
  • 3.200.000 Erein programatik iritsi dira. Horietatik 2,4 milioi erakunde publikoek sustatutako 31 proiektu finantzatzeko erabili dira, eta 900.000 euro sustapen pribatuko 17 proiektutara bideratu dira. Inbertsioak, berriz, 7,4 miloikoak.
  • 1.500.000 Leader laguntzei dagozkie, eta 36 miliotik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 23 proiektu finantzatzeko erabili dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>