Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Kazetari lanean hasi nintzenean, ez zegoen Internetik, faxa bai. Ez zegoen telefono mugikorrik, bilagailua edo busca erabiltzen genuen. Komunikabide arduradunak apenas zeuden erakundeetan. Hau da, ez zegoen prensa oharra nork egingo zuenik; prensa oharra ez zen aintzat hartzen, ezta entitatearen komunikazio politika.
Kazetariak berak egiten zuen albistea, bertan ikusi eta entzundakoa oinarri hartuta, horregatik, bere ikuspegi eta abilezia edo profesionaltasuna oso garrantzitsua zen. Kazetaria kalera joaten zen; batzuetan gertakaria zegoelako, beste batzuetan albiste bila, pertsonaia bila, protagonistaren atzetik…
Orain, eta batez ere pandemian ikusi dudanagatik, datu zaparrada iristen da erredakzioetara. Edo iristen ez bada, prensa arduradunari deitu eta berehala bidaltzen ditu. Horrela, datu horiek irakurri eta albistea kozinatzen da. Artikulu luzea, grafikaz betea, datuz josia eta pixka bat sakonago egin nahi bada, epidemiologian aditu baten iritziekin osatzen da. Eguneko datuak, txertoa jasotzen ari direnen adina, asteburuko boteiloiak, eta aldian aldiko koronabirusarekin lotutako albisteak, adibidez, zenbat gazte etorri den kutsatuta Mallorca, Salou eta Conil-etik. Eta noski, Labi biltzen den egunetan, badaukagu aste osorako jarduera, noiz bilduko diren, zer espero daitekeenaren inguruko espekulazioa, nork emango duen horren berri, Urkullu agertuko den ala ez, eta azkenean, hartutako erabakiak zeintzuk diren. Eta honekin guztiarekin albistegi edo egunkariaren %70 bete dugu. Orokorrean, prentsa ohar eta datu ofizialak iturri hartuta. Bete, diot, zenbaitetan hori bilatzen dela sumatzen baitut. Ez informatzea, tartea, orduak eta orriak betetzea baitzik. Eta ez, ez da kazetariaren ardura edo profesionaltasun ezagatik; hortaz ez dut zalantzarik. Uste dut komunikazioaren monstruo handiek ezarritako ereduaren ondorioa dela.
Bestalde, kazetariari, profesionalari, zenbait arlotako albisteak kontatzeko gidak eskaintzen zaizkio, kazetaria izateko formakuntzak eta jardunak emandako ofizioak ezertarako balio ez balu bezala. Ziur nago, kazetariak, kazetaria denean eta salbuespenak salbuespen, badakiela albistea nola idatzi edo jakin beharko luke behintzat, hori baita bere ogibidea. Beste gai bat da, horretarako medioak aukera emango dion eta irakurleak, ikusleak edota entzuleak gehitzeko zer eta nola kontatu eskatuko dion. Benetako albiste kontsumitzailea, aldiz, jaki prozesatu baten aurrean dagoela sentitzen du; light-a gainera.