Parisko PSG taldea utzi eta Bartzelonekin fitxatu duela iragarri berri du Irene Paredes futbol jokalariak. Frantziako liga irabazita dator, Espainiako Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi dituen beste talde handi batera. Kirolari bezala unerik onenean dago 30 urteko legazpiarra, eta aurrera begira dituen erronkei ilusio handiarekin heltzeko prest. Legazpitik, eta Legazpin dituen familiatik eta lagunetatik, gertuago izango da aurrerantzean.
Maila pertsonaleko kontuak lehenengo: ezkondu berria zara, ama izango zara irailean… Zorionak!
Eskerrik asko! Dena oso ondo doa eta egia da azken aldian albiste oso onak izan ditudala esparru pertsonalean eta kirol esparruan. Beraz, oso pozik nago.
Kirol mailako albisteei helduta, liga irabazi duzue.
Bai, Frantziako liga irabazi dugu PSGkook, lehenengo aldiz gainera, taldearen lehen liga da, eta historian idatzi dugu. Oso zaila zen, azken 10 urteetan Lyongo Olimpiquek irabazi duelako, baina lortu dugu.
Zu izan zara, gainera, garaipen horren aurpegia.
Azkenean kapitaina izanda garrantzi pixka baduzu taldearen barruan… Egia esan, denboraldi txukuna egin dut, eta gainera, azkeneko partidan gola sartu nuen; beraz, konpleto! Oso pozik nago.
Zu ligako kopa altxatuz eta musu emanez ikusten den argazkia bolo-bolo ibili da. Zer sentitzen da horrelako une batean?
Lehenengo aldia zen horrelako une bat bizitzen nuena. PSG-n jokatu dudan bosgarren liga izan da, eta aurrekoetan beti geratu gara txapelketa irabazteko atarian, gol bategatik edo partida bategatik. Oso zaila izan da, eta gainera, liga honi garrantzia handiagoa eman behar zaio, partida asko direlako eta ia partida guztiak irabazi behar direlako. Aurten ez dugu partida bakar bat ere galdu eta bi berdindu ditugu bakarrik. Azken finean, lortu dugu hainbeste nahi genuen kopa. Eta argazki horrek hori dena jasotzen du.
Langa oso altua jarri zenuten hurrengo denboraldietarako.
Bai. Klubaren helburuen barne zegoen liga irabaztea, eta urtero bezala asko saiatu gara, ligan Lyongo Olimpique aurkari izanda oso zaila zelako. Baina lan asko egin dugu, eta lortu dugu. Hori eginda dago, eta hemendik aurrera aurrerapausoak eman beharko dira.
PSG-n 2016an hasi zinen, Legazpin urteko Kirol Saria jaso eta hurrengo urtean. Ordutik zure kirol ibilbideak jauzi handia egin duela esan daiteke?
Legazpiko saria jasotzean Athletic-en nenbilen, eta handik joan nintzen Parisera. Une hartan aldaketa izugarria izan zen, maila bat igotzea bezala izan zen hura. Hara iritsi nintzenean, PSG-k daukan prestigioarekin… Jokalari oso onak eta garrantzitsuak zeuden taldean, eta ni egoera hartara moldatu behar izan nintzen, nire erosotasunetik ateratzea izan zen. Beste futbol mota bat jokatzen da han, futbol azkarragoa da, entrenamenduak ere diferenteak dira, jokalariak ere bai, kalitate gehiago dago, hizkuntza ere aldatzen da… Nik frantzesa ez nuen hitz egiten orduan! Dena desberdina zen, eta denbora bat behar izan nuen moldatzeko. Baina egia esan, oso azkar moldatu nintzen, eta hilabete gutxira eroso nengoen han, eta primeran joan da dena.
Parisera joate hutsa aldaketa handia izango zen.
Paristik oso gertu dagoen Saint Germain herrian bizi nintzen, eta dena oso desberdina zen, egiteko era, ohiturak… dena ikasi behar izan nuen. Baina niri gustatzen zait hori, gauza berriak ikastea, ikustea, kultura eta erlijio ezberdinak ezagutzea… Erraz moldatu nintzen.
«Parisera PSGn jokatzera joatea aldaketa izugarria izan zen niretzat, maila bat igotzea bezala izan zen hura»
«Unerik onenean nago. 30 urte ditut, esperientzia daukat, hainbat taldetan ibili naiz, txapelketa ia guztiak jokatu ditut…»
«Ni futbolean hasi nintzenean neska bakarra nintzen, eta beti falta izan zait erreferente bat, neska, eta gertukoa»
«Barçak daukan proiektua asko gustatzen zait… Nik uste dut PSG uzteko momentu ona zela, handitzen jarraitzeko»
Zein da bost urteetako balorazioa?
Oso positiboa. Urte bakoitzak bere gauzak izan ditu, eta lehena egokitze urtea izan zen, horrek eskatzen duen denborarekin. Eta beste urteetan, jende ezberdina egon da taldean, baina guk beti gure irabazteko helburuarekin jarraitu dugu, eta 2017an Kopa irabaztea lortu genuen. Porrota ere bizi izan dugu, baina hori futbolaren parte da baita ere. Guk ez dugu etsi, urtero egon gara hor garaipena oso gertu izanda, baina Lyongo Olimpiquekin oso zaila izan da, azken denboraldira honetara arte. Aurten denboraldi oso txukuna egin dugu, jokalari guztiek aurrerapauso bat eman dugu, eta behingoz lortu dugu.
Zu kapitaina izan zara. Zergatik?
Nik uste dut garrantzitsua dela atzerritarrez betetako talde batean harremana izatea taldekide guztiekin, zaila delako. Baina nik gaztelera, ingelesa, frantzesa eta portuges pixka bat hitz egiten dut, euskaraz gain, eta hori denekin harremanak izateko baliagarria izan zait. Horrez gain, oso langilea naiz, eta esperientzia dezente daukat futbolean. Nik uste dut horregatik aukeratu nindutela kapitain.
Zein unetan zaude fubtol jokalari bezala?
Uste dut unerik onenean nagoela. Oso gustura nago, 30 urte ditut, esperientzia dezente daukat, talde desberdinetan ibili naiz, txapelketa ia guztiak jokatu ditut… Pozik nago eta gogoarekin oraindik.
Zer falta zaizu egiteko eta lortzeko?
Gauza asko: Eurokopa, Mundiala, Olinpiar Jokoak, Txapeldunen Liga… Gustatuko litzaidake titulu horiek lortzea.
Denbora emango al dizu?
Saiatuko gara, hori ziur.
Barçak fitxatu zaitu datozen urteetarako. Erronka bat izango da hori ere.
Bai, zurrumurru asko zebilen, eta azkenean, ofizial egin du Barçak uztailaren 8an. Egia esan ez da batere erraza izan erabakia hartzea, PSG-n horrenbeste denbora egin eta gero, eta taldean neukan pisua eta hango nire bizitza kontuan hartua. Baina Barçak daukan proiektua asko gustatzen zait, eta PSG-rekin azken liga irabazi eta gero, pentsatu nuen momentu ona zela handik irteteko, handitzen jarraitzeko eta beste futbol mota bat berriro bizitzeko.
Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?
Bartzelona oso indartsu dabil, Europako talde onenen artean dago, azken denboraldian Txapeldunen Liga, Kopa eta Liga irabazi ditu. Ni bertara noa nik dauzkadan ezaugarriak eskaintzera.
Aurretik ezagutzen duzu Espainiako liga. Desberdina al da Frantziakotik?
Bai, lehen gehiago gainera. Orain Espainiako liga dezente aldatu da, batez ere talde batzuk, eta diferentzia txikiagoa da, baina hango erritmoa hasieran niri iruditzen zitzaidan sinesgaitza, jendea askoz ere indartsuagoa eta azkarragoa da, eta orduan futbola ere azkarragoa doa, eta ondorioz azkarrago pentsatu behar duzu, erabakiak azkarrago hartu. Horretara ohitu naiz, eta orain Espainiara etorrita… Eskerrak bien arteko aldea ez den lehen bezain handia.
Hemen, gainera, ligari profesional izaera aitortu diote duela gutxi.
Bai, behingoz legea aldatu dute, eta nik uste dut lehenengo urtean edo urteetan kostatuko dela gauzak igartzea, baina oinarri hori izanda, eta aurreko urtean sinatutako lan hitzarmenarekin gutxieneko batzuk ezarri ziren, eta hortik aurrera gorakada eman behar dugu. Baina horrek ere prozesu bat dakar, gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko.
Emakumeen futbola ikusgarritasun handiagoa hartzen ari da egunetik egunera Espainian. Eta Frantzian?
Han ere gauzak hobetzen doaz. 2019an mundiala jokatu zen, eta hark bultzada handia eman zion. Baina Frantzian liga amateurra da, eta hori aldatzen saiatzen ari dira. Ligan hiru-lau klub profesional besterik ez dago, eta beste guztiak amateurrak dira. Beraz, maila ezin da ona izan, jokalarien egoerak eta baldintzak ez badira onak. Jendea badago lanera doana eta zortzi ordu eta gero entrenatu behar duena, belar artifizialeko zelai batean… normala da gauzak ondo ez ateratzea. Zorionez, hori ez da PSG-ren kasua, eta ni guztiz profesionala izan naiz. Klubean gosaldu, entrenatu eta bazkaldu egiten genuen, fisiora joateko aukera ere izaten genuen. Han dena genuen. Eta hemen ere, horretarako bideak irekitzen ari dira.
Orain dela gutxi futbol campusa eman duzu Legazpin, eta zu zeu bertan izan zara.
Ekainaren 21etik 25era izan da, hirugarren edizioa, eta oso arrakastatsua izan da. Kartelak atera baino lehenago toki guztiak bete dira, eta 100dik gora txikik hartu dute parte. Nire campusa da, eta zerbait nire izenarekin badago, nik ere parte hartu behar dut, eta gainera, gustatzen zait. Ume askok ematen dute izena nigatik, eta niretzat pentsaezina da futbol zelaitik ez agertzea. Egia da bi egunetan bakarrik joan ahal izan naizela, oraindik oporretan ez nengoelako eta Paristik joan-etorrian ibili naizelako, baina neska-mutikoekin egoteko aukera izan dut.
Zer esan diezu campusean bildu diren haur eta gaztetxoei?
Nik ez nuen halako aukerarik izan, eta pozgarria izan da niretzat ikustea zenbat neska etorri diren. Ni futbolean hasi nintzenean bakarra nintzen, eta ez zen batere erraza izan, batzuetan kanpoan geratu behar izan nuelako neska izateagatik. Zer esaten diedan neska-mutiko horiei? Batez ere ikas dezatela eta disfrutatu dezatela. Oso zaila da ni bezala goi errendimendura iristea, eta horregatik niretzat inportantea da txikiek, batez ere neskek, erreferente bat izatea, gertukoa, eta ez Neymar bezalako bat, hain urruti dagoena. Niri hori falta izan zait beti, erreferente bat izatea, neska, eta gertukoa.
Orain oporretan zaude, baina aurretik Espainiako selekzioarekin ere izan duzu hitzorduren bat.
Hamar egun egon ginen kontzentratuta lagunarteko bi partida jokatzeko, Belgikaren eta Danimarkaren kontra. Aurten ez dugu ezer, baina datorren urtean Eurokopa dator, eta sailkatuta gaudenez, hori prestatzen ere hasita gaude. Horrez gain, irailean Munduko txapelketarako sailkapenekin hasiko gara.
Selekzioan ere kapitaina zara.
Bai, kasu honetan hizkuntzak ezagutzeak ez du horrenbesteko garrantzia, baina nik uste dut kontuan hartu dutela gainerako jokalariekin harreman ona izatea, esperientzia eta erabaki garrantzitsuak hartzeko dudan ahalmena. Eta lan egitea ere asko gustatzen zait. Pozik nago selekzioan.
Legazpi, txakurra eta furgoneta
Gazte gehienek bezala, Irene Paredesek (Legazpi, 1991) instagram kontua du, eta hori jarraitzen dutenek badakite nazioarte mailako futbol jokalari honek zenbat maite duen Legazpi. «Oso etxezalea naiz, eta ahal dudan guztietan herrira etortzen naiz. Udan eta Gabonetan fijo, eta noizean behin astebururen batean ere bai; hemen dut familia, baita lagunak ere».
Familiarekin eta betiko lagunekin elkartzeaz gain, herrira etortzen denean, eta denborarik badu behintzat, beste gauza batzuk egitea ere gustatzen zaio: «Inguruko mendietara joatea, ostiraleko azokara joatea, Kale Nagusiko tabernetan zerbait hartzea…». Mendian, Lakiola inguruan eta Korostin ibiltzen da batez ere.
Txakurzalea ere bada Irene, Ari izeneko boxer bat dauka. Duela hiru urte adoptatu zuen Parisen zegoela, eta «gurekin etortzen da toki guztietara». Furgoneta zuri bat ere badu, eta horretan bidaiatzea gustatzen zaio, leku batetik bestera ibiltzea. Hala ere, oporretarako nahiago du hondartza inguruan egonalditxo bat egitea.
Denbora libre askorik ez duela dio Irene Paredesek, eta zaletasun gutxi ditu horregatik, baina tarte bat hartzen duenean, irakurtzea gustatzen zaio, eta «ondo jatea ere bai!». Zaletasunik handiena etxera etortzea dela aitortzen du, familiarekin egotea.
Laster familia hori gehitu egingo zaio, bere bikotekidearekin batera ama izango delako irail aldera. Nolako ama izango den galdetuta, ez dakiela dio, baina argi duena zera da: «Haurra errespetuan haztea gustatuko litzaiguke». Mutila izango dela aurreratu du, eta «mutil feminista bat» hazten saiatuko direla agindu du.