Latxartegi futbol zelaia, gure munduaren erdigunea

Latxartegi_futbol_zelaiaLander Zabaleta • Legazpi

1970eko hamarkadan Legazpin jaio ginenok gogoan izan dugu oraindik herriaren erdian kokatua zegoen futbol-zelai hura. Haren inguruan hazi ginen umeontzat, gainera, munduaren erdigunea zen, haren inguruan aurrera eramaten baikenituen gure denborapasa gehienak.

Etxetik oso eroso ikusi genitzakeen hamaika entrenamendu eta partida, eta noski, nola ahaztu noizbehinka baloikada batek etxeko kristalen bat apurtzen zueneko iskanbila. Zelaia bera bizikletan ibiltzeko oso toki aproposa zen eta miniaturazko kotxeentzako zirkuitu ezin hobeak egin zitezkeen, ura eta zelaiko itsas-hondarra laua uzteko makila erabiliz. Haizeak eta euriak zelaitik hondar asko eramaten zutenean, ez dakigu zein lekutik hainbat kamioikada itsas-hondar iristen ziren eta futbol-zelaian hainbat pilatan uzten zituzten; hura gozamena haiek bizikletaz gainetik pasatzerakoan eta hondarraren artean itsasoko malkorrak aurkitzean…

Futbol zelaiaren ondoan ikastola zegoen, eta honek albo batetan lorategia zuen, 10 pinu izugarrirekin; horien azpian, bizikletentzako ibilbide dotore bat zegoen.

Beste aldean ikastolaren patioa zegoen, eta honen mutur batetan, Ezkerraren taberna zaharra, 5 pezetako gaseosekin eta asteburu eguerditan aldamenean zuen bolatokiak ematen zion giro bereziarekin. Bola jokoak beti izan ditu jarraitzaile asko herrian.

Bolatokitik aurrera, ikastola atzeko frontoia (zenbat frontenis, pilota eta futbito partida!), eta honen errebotearen bestaldean, futbol-zelaiko «kaseta»; zikina, zaharra eta ziur ur berorik ez zuena!

Kasetak bere ondoan zikinkeriaz beteriko txoko luze bat zuen; han ibiltzen ginen altxorren bila edo ahal zenari sua ematen… Bertan ere, harri kozkorrak paretatik kolpeka ateratzen genituen «meategia» zegoen, eta honen gainean, talai baten gisan, zapaburuen putzua.

Goraxeago San Martin auzoko zelaia (kondairak dio bertan zizak biltzen zirela), eta haren parean Itxaropen auzoko zelai mitikoa, udan kilkerrak harrapatzeko aproposa zena eta neguko elurteetan herriko eski estazio inprobisatu bilakatzen zena.

Auzoko bilgune garrantzitsua

Handik jaitsita, Kultur Etxe inguruko zokoak beti ziren interesgarriak, eta nola ez, futbol zelaitik metro batera, ikastolaren kontrako aldean, Eslesa zinema zegoen. Bud Spencer eta Kungfu-ren pelikulak ikusi ondoren nor ez zen zinematik ateratzen horien kolpeak imitatu nahian?

Zinema aurreko bankuak ziren auzoko bilgune garrantzitsuena; han joaten zen ordu piloa kontu kontari…

Eta eguraldi txarra eginez gero, han, bestaldeko kornerraren parean, aitonaren «bodega» geneukan, aitona zenaren txokoa, arotza izan zeneko erreminta eta traste zaharrez beteta, bertan mahai handi bat eta aulkiak genituen, beste askorik ez, izan ere, denborapasarako beste askorik ez baikenuen behar garai haietan.

Amaitzeko, esan beharra daukat, basati xamar hazi baginen ere, azkenerako ez garela oso okertuak atera… Edo bai?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>