Ekintzaileak, etenik gabe

a-Oreka

Ekintzailetza enpresa arloan negozio berri bat sortzea da. Pandemia oraindik gure artean dela, ez dirudi horretarako unerik egokiena dela, baina Goierrin izan dira pausoa eman eta enpresa propioa sortu dutenak, ez gutxi gainera.

Pandemiak ez du zapuztu ekintzaileen grina, ez Goierrin behintzat. Arrazoi dezberdinak medio negozio bat abian jartzeko asmoa zutenetako gehienek aurrera egin dute amets,  gogo edo behar  horrekin COVID-19ak ekarritako ziurgabetasun egoeran ere; beste batzuek ekintzailetzari heldu behar izan diote hain justu pandemiaren eraginez, lanik gabe geratu eta egoera horri irtenbidea emateko modua izan delako.

Izan arrazoi bat, izan bestea, zenbakiak begiratu besterik ez da egin behar ekintzailetza gelditu ez dela egiaztatzeko. Uggasak eta Goiekik, Goierriko bi garapen agentziek, herritarren artean ekintzailetza sustatzeko eta ekintzaileak laguntzeko zerbitzu bana dute, eta horien datuak baikorrak dira alde horretatik. Uggasaren menpe dauden Legazpin Urretxun, Zumarragan eta Ezkio-Itsason 27 enpresa sortu dira guztira iazko urtarriletik aurtengo uztailera bitartean ekintzailetza zerbitzu horren gidaritzapean, eta Goiekiren barruan dauden Goierriko gainerako herrietan, 31 izan dira martxan jarritako negozio berriak, garapen agentziak eskaintzen duen zerbitzuaren babesean. Bi kasuetan, aurreko urteetako batez bestekoaren pareko zenbakiak dira.

Uggasa zein Goiekiren ekintzailetza zerbitzuak oso lagungarri dira negozio ideia bat izan eta hori enpresa bihurtzeko bidean. Urola Garaia Sortzen izenpean biltzen da Uggasaren ekintzailetza zerbitzua, eta Goiekirenak Enpresa Ekimen Berrientzako Zerbitzua du izena. Helburua, bietan, bera da: ekintzaileen bidelagun izatea enpresak sortzeko prozesu luze eta, askotan, korapilatsuan.

Goieki, ekintzaileekin lanean

a-360-faktoria-4Goiekik 25 urte baino gehiago daramatza negozio ideia bat duten ekintzaileekin lanean, eta enpresa proiektua gauzatzen laguntzen die. Proiektuaren garapen fase guztietan eskaintzen die laguntza eta aholkularitza, baina «Goierrin, industria ahalmen handiko ingurunea izaki, ekimen berriak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak motibatu eta bultzatzen ditugu, enpresa sarearen etorkizuneko jasangarritasuna lortzeko haziak landatuz».

Enpresa sortzea prozesu arrakastatsua izan dadin, negozio ideiaren inguruan hausnartzen laguntzen dute Goiekin, «merkatuaren egoera eta lehiakidearekiko eskainiko duen balio erantsiaren inguruko ezagutza edukitzea ezinbestekoa baita». Horrez gain, ideiaren bideragarritasuna aztertzen dute, finantzazio gaiekin laguntzen dute, martxan jartze prozesuan bidelagunak dira eta diru laguntzen inguruan ere informatzen dute.

Goiekiren zerbitzu horretan 132 kontsulta jaso dituzte 2020 eta 2021 bitarte honetan, emakumeak izan dira asko (75 emakume eta 57 gizon), eta 35 eta 45 urte bitartekoak izan dira gehienak (42 pertsona); horietako 70 lanean ari ziren informazioa eskatzeko orduan, beste 51 langabezian eta bi ikasten ari ziren. Informazio eske joandako 132 pertsona horietatik, 66k enpresa martxan jartzeko bideragarritasun plana egin dute, eta horien artean ere emakumeak izan dira nagusi (42 emakume eta 24 gizon), baina adin tartea jaitsi egin da, 25 eta 35 urte bitarteakoak izan direlako gehiengoa (25 pertsona). Azkenik, 31 enpresa zabaldu dira azken hilabete hauetan, gehienak Beasainen (10), Lazkaon (7) eta Ordizian (7).

Uggasa zein Goiekiren ekintzailetza zerbitzuak lagungarri dira negozio ideia bat izan eta hori enpresa bihurtzeko bidean
Emakumeak dira gehien enpresa bat jartzeko prozesuari buruzko informazioa eskatzen dutenen artean

Uggasaren ekintzailetza, Sortzen

Uggasaren Sortzen zerbitzuak ere urte askotako bidea du eginda dagoeneko, eta «ekintzailetzarako ekosistema osasuntsu bat osatzea du helburu nagusi», beti ere bere menpeko herrien garapen sozioekonomikoa lortzeko xedearekin. Negozio ideia edo proiektu bat duten pertsona ekintzaileak babestu, aholkatu, informatu eta laguntzen ditu Sortzenek, hau da, proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren lehen pausoetan laguntza eskaintzen diote ekintzaileari, besteak beste bideragarritasun plana egiteko, finantzaketa iturriak eta diru laguntzak eskuratzeko eta negozioaren garapenerako erabilgarriak izango diren ezagutzak lantzeko prestakuntza.

Sortzenek 77 kontsulta jaso ditu 2020-2021 urteetan, eta hor ere emakumezkoak izan dira nagusi (43 emakume, 34 gizon). Adin tartearen datuak ere bat egiten du Goiekoekin, gehienak 35 eta 45 urte bitartekoak izan direlako (25). Egindako bideragarritasun planen kopurua, berriz, 48koa izan da, eta hemen profila aldatu egin da, gizonezkoak izan baitira gehien (30 gizon eta 21 emakume); adina, berriz, berdina izan da eta 35-45 tartekoak nagusitu dira (19). Azkenik, 27 enpresa sortu dira, gehienak Legazpin (12).

Behin enpresa sortu eta gero, garapen agentziek ez ditu umezurtz uzten enpresari berriak, zerbitzu gehiago dituztelako horiei zuzenduta, hiru enpresagune etaIndargune zerbitzua Goiekiren kasuan, eta Sortzen Enpresagunea eta Sortzen Sarea Uggasak babestuta.

58 enpresa berri

Goiekiren eta Uggasaren ekintzailetza zerbitzuen babesean, 58 negozio jarri dira martxan 2020tik 2021eko uztailera arte, alor eta sektore askotakoak. Pandemia aurreko batez besteko zenbakietara iritsi dira azken hilabete horietakoak ere. Goierritarrek kanpoan ere ireki dituzte enpresak.

  • Beasain 10
  • Lazkao 7
  • Ordizia 7
  • Legorreta 2
  • Idiazabal 1
  • Ataun 1
  • Ormaiztegi 1
  • Legazpi 12
  • Urretxu 9
  • Zumarraga 4

Goierritik kanpo

  • Andoain 1
  • Abaltzisketa 1
  • Oñati 2

Ekintzailetza, barruko harra

Marta-SalegiPandemia garaian Goierrin garapen agentzien babesean martxan jarri diren 58 negozioen artean era askotako sektorekoak daude, eta ekintzaileek motibazio desberdinak izan dituzte enpresak abian jartzeko. Gehienak, proiektua martxan zutela harrapatu ditu pandemiak.

Marta Salegi da horietako bat. Urretxukoa da, eta iazko irailean ireki zuen bere izena daraman hortz laborategia. «Nik betidanik izan dut nire kontura lan egiteko gogoa, etxean ikusi dudanak bultzatuta edo. Nire familian, gurasoak, anaia, lehengusina… bere kabuz lanean ari dira». Donostian bi laborategi handitan 22 urtez lan egin eta gero ireki du negozioa, «batez ere joan-etorriengatik nekatuta nengoelako, eta lan egiteko erarengatik» eman zuen pausoa, «laborategi handitan beti lan berdina egiten duzulako».

Hala, 2019an hasi zen bere laborategia irekitzeko ideiarekin. Uggasara jo zuen, eta bideragarritasun plana egin eta gero, proiektua martxan jarri zuen, «egoera hau inolaz ere aurreikusten ez zen garaian». Pandemia lokaleko obra hasita zuela iritsi zen arren, «ez nuen inolaz ere pentsatu gelditzea, baizik eta aurrera egitea,  eta bakarrik nengoenez, lan gutxirekin ere aurrera egiteko modua ikusi nuen». Iazko irailaren 7an ireki zuen laborategia, «zerotik hasita, eta egoera batere ona ez zen unean». Laster urtebete egingo du, eta «balorazioa positiboa da».

Produktu onenaren bila

Julen-IrurzunDenbora gutxiago du Lazkaon Julen Irurzunek ekainean ireki duen Oreka okindegiak. Goiekiren laguntzarekin, «proiektua lantzen 2019ko abenduan hasi ginenean ez genekien pandemia zetorrenik, eta zalantzak eragin zizkigun, baina aurrera egitea erabaki genuen». Ingeniaria formazioz eta urte batzuetan baita lanbidez ere, etxean egiten zuen ogiak okindegian erosten zuenarekin zerikusirik ez zuela jabetzeak eragindako kezkak bultzatu du Oreka okindegia irekitzera, «ahalik eta ogirik onena egiteko nire enpresa sortu behar nuela argi nuen».

Aurretik Bizkaiko obradore batean jardun zuen lanean, eta Goierrira etorri zenean  eskualdean ez zegoela horrelako negoziorik ikusita eman zuen pausoa. Pandemiak bete-betean harrapatu zuen, eta okindegiko obra piska bat «mantxotu» zuen arren, ez da eragozpenik izan eta «okintzaren inguruan nituen kezkak asetzeko-edo, nire afizioa zena lanbide bihurtu dut».

Enpresa propioa izateak «alde onak eta txarrak» dituela dio, «inplikazio gehiago eskatzen duelako». Baina oso gustura dago emaitzarekin, «inplikazio horren truke,  jendeak gure produktua goraipatzen duela ikusi dugu, eta horrek etorkizunari begira egundoko motibazioa ematen du».

Egoerak bultzatuta

Joseba-EtxanizBestelako motibazioa izan dute negozioa martxan jartzeko Legazpiko Ananda Yoga Eskolako Joseba Etxanizek eta Larraitz Buenok. Zumarragakoa eta Ordiziakoa, Legazpin bizi dira aspaldi, eta Bikuña kiroldegian elkartu zituzten bideak, han egiten zutelako lan autonomo gisa pandemia hasi aurretik, pilates, yoga eta zumba klaseak emanez.

Pandemiarekin langabe geratu ziren egun batetik bestera. Tarte hartan  «abandonatuta» sentitu zirela adierazi du Etxanizek: «Udalarekin e-mailen bidezko harremana izan genuen bakarrik, oso hotza izan zen». Ikasleen aldetik jaso zuten laguntza goraipatu egin du, aldiz. Iazko uztailean berriz ere martxan jartzeko aukera izan zuten, baina aurten lizitazio berria egin dute eta kanpoan geratu dira, «horren berri ere e-mailez jaso dugu. Nahikoa dela pentsatu dugu». Horregatik erabaki dute enpresa sortzea, «zerbait egin behar genuela argi genuen». Yoga eskola aukeratu dute, eta Ananda izena eman diote.

Pandemia gogor astintzen ari zen unean jarri zuten martxan proiektua Uggasaren laguntzarekin, eta lokala aurkitzea kostatu zaiela diote,  «espero genuen prezioak baxuagoak izatea, pandemia zala eta, baina ez da horrela izan». Obra egin eta gero, yoga eskolak ateak ireki ditu ekainaren amaieran.

Jarduera berria Goierrira ekarriz

Nekane-ErauskinLazkaoko 360 Faktoriaren atzean dauden Nekane Aiestaranek eta Idoia Noainek ez dute oraindik martxan jarri negozioa, baina ia prest dute Home Staging deitzen den jarduera garatzeko tailerra. «Home Staging teknika hemen ez da oso ezaguna, Estatu Batuetan garatu da, eta etxea saldu edo alokatzeko orduan etxea erakargarriago jartzea da». 360 Faktoriaren kasuan, etxea saldu edo alokatu nahi dutenei, bertan bizi direnei eta erosi nahi dutenei eskainiko diete zerbitzua, hau da, hiru adarretan banatuta. «Tailerrean gure sormenari askatasuna eman eta zuk daukazunari 360 graduko buelta emango diogu, etxearen onena ateratzeko».

Noain Dietetika eta Nutrizioa ikasitakoa da, eta Ordiziako D’elikatuz zentroan ari da lanean. Aiestaran ingeniaria da, eta coach eta garapen pertsonalari buruzko ikasketak ere egin ditu. Biak negozio bat martxan jartzeko pentsatzen hasiak ziren, eta hainbat aukera zituzten buruan. Home Staging-a zaletasun bat zen, baina pandemiarekin etxeak hartu duen garrantzia ikusita, eta etxebizitza batean proba egin eta gero, «hau da gurea!» pentsatu zuten eta aurrera egin, barruan zuten ekiteko grinari helduz. Goieki bidelagun izan dute prozesuan: «Oso babestuta sentitu gara, oso erraza izan da, pausuz pausuz disfrutatu egin dugu beraiekin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>