Ongi bizi!

Egoitz-IztuetaEgoitz Iztueta Sukia • Irakaslea

Banindoan kotxean aldapa gora. Irratia mutu eta baita ni ere. Tentsioa eta urduritasuna nuen, oso konsziente nintzen, ez baitzen lehen aldia. Haurtzaroko bizipen desatsegin baten edo batzuen ondorioz biziko ditut seguraski gaur egun ere horrelako uneak hain deseroso. Horrelakoetan, luze egiten zait anbulategirako edo ospitalerako ibilbidea eta nire txanda itxaron behar hori. Iritsi nintzen azkenean, aparkatu nuen autoa eta ilaran azkena jarri nintzen.

Zain nengoela, nire urduritasuna baretzeko asmoz, bertan zegoen jendeari erreparatzen hasi nintzen. Batzuk ezagutzen nituen eta beste batzuk ustez, ez, musukoa jantzita zeharo aldatzen baikara.

Jolas honen ondoren beste batekin hasi nintzen; bakoitzaren adina asmatzen edo gutxienez gerturatuz. Lehendabizi ezagutzen ez nituenekin hasi nintzen eta ondoren ezagunekin. Ezagunen artean aspaldi ikusi gabekoak ere bazeuden eta horiekin denbora luzatzen zitzaidan. Batzuk orain dela 5 edo 10 urte bezala jarraitzen zuten, beraientzako urteak alferrik igaroko balira bezala. Aldiz, beste batzuk, zeharo zahartuta, izorratuta, ile gutxiagorekin, gizenago, argalago… ikusten nituen. Nahiz eta nik erabat aldatuta topatu, ziur eurek ere ni horrela aurkituko nindutela.

Begibistakoa da zahartzeak eragina duela gure gorputzean eta itxuran. Zelulen ikuspegitik, zahartu ahala, zelulak bere burua kopiatzen duen bakoitzean, kromosomek muturreko egitura baten puska txiki bat galtzen dute. Horregatik, egitura horiek, telomeroak, zahartze-prozesuaren adierazleak dira; oro har, zenbat eta telomero luzeagoak izan, orduan eta zelula gazteagoa da.

Baina zer dago arrazoi biokimiko horien atzean? Zelularen dinamika propio hori zerk eragiten du? Zientzialari asko ari dira galdera horren erantzunaren bila, baina oraindik ez dakite zergatik zahartzen diren bizidunak. Faktore ugariren araberakoa omen da. Jaten dugunak eragina du? Eta estresak badu eragina? Eta alkoholak? Eta erretzailea izateak? Eta lan neketsuek? Eta lan motak? Eta kirol asko egiteak? Eta kirolik ez egiteak? Eta nahigabeek? Eta gaixotasunek? Eta eguzki gehiegi hartzeak? Eta kutsadurak?

Zahartzea ezin dugunez ekidin zahartu gaitezen gazte. Ongi bizi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>