Nerea Amondarain Lorenzok (Beasain, 1999) betidanik sentitu izan du gainontzekoei laguntzeko grina, eta horregatik erabaki zuen medikuntza ikastea Bartzelonan. Oraingoan, pausu bat harago joatea erabaki du, eta I do mind – By Nere kanala ireki du YouTuben, tabutzat hartzen diren gaien inguruan askatasun osoz hitz egiteko.
Oraingoz aurkezpen bideoa igo eta azaldu duzu apur bat zeri buruz hitz egingo duzun bertan.
Osasun arloari dagokionez, zenbait gaien inguruko informazio fidagarria eman nahiko nuke, eta bideoan aipatzen dudan moduan, etxean edo eskoletan aipatzen ez diren gaien inguruan ere hitz egin nahi dut. Adibidez, guk eskolan sexologia eman genuenean, erlazio cis-hetero batean nola babestu irakatsi ziguten, baina ez zuten beste erlazio motarik aipatu. Sexualitatea gizartean gero eta gehiago ezagutzera ematen ari den gai bat izan arren, desinformazio asko dago.
Nondik jaiotzen zaizu gainontzekoei gai hauen inguruan lagundu nahi izatearen motibazio hori?
Nire proiektuaren helburua gainontzekoei laguntzea, eta besteak beste, gaixotasun mentalak desestigmatizatzea denez, egia esango dut. Bizitzan zehar oso une ilunak bizi izan ditut, inori opa ez dizkiodanak. Karrerako lehenengo urtean elikadura-portaeraren nahasmendu mota bat izan nuen, eta azken urtean beste elikadura-nahasmendu baten aurka nabil borrokan. Ikasturtean zehar oso momentu zailak pasa ditut, eta bakarrik nengoela sentitu dut ia prozesu osoan zehar, batez ere gertukoek ez ziotelako garrantzirik ematen gai honi. Janariarekin edota itxurarekin lotutako tontakeriak zirela iruditzen zitzaien. Ez dut beste inork prozesu honetatik bakarrik pasatzerik nahi, zeure adimenari bakarrik zaudela aurka egitea infernu bat baita. Nire asmoa esperientzia ilun horiek irakatsi didatena eta medikuntzan ikasten ari naizen informazioa partekatzea da. Gaixotasun mental asko hilgarriak dira, pertsona batek bere buruaz beste egiteko arrazoia izan daitezke, eta hauek normalizatzea ezinbestekoa da, sufritzen ari diren horiek lotsarik gabe laguntza eskatu dezaten.
Euren buruarekin gaizki sentitzen diren pertsonei zaila egiten zaie laguntza eskatzea. Zer esango zenieke pertsona hauei? Eta bere ingurukoei?
Lotsarik ez izateko, bizitzen ari diren egoera beldurgarria izan arren, ez direla infernu hori sufritzen ari diren bakarrak, eta beste norbaitekin partekatuz gero, guzti horrek suposatzen duen zama arintzen dela. Gehienetan, bakarrik gauden bitartean, ez gara argitasuna ikusteko gai izaten. Gainontzekoei, enpatia lantzeko esango nieke. Askotan, bakarrik ez gaudela jakitea eta esaten ari garena arretaz entzutea behar dugulako.