San Adrian tuneleko altxor ezkutuen bila

San_Adrian_tuneleko_indusk

Aranzadik aurrera jarraitzen du San Adriango igarobide naturaleko aztarnak arakatzen. Azken indusketa kanpaina amaitu berri du.

San Adriango tunela edo Leizarrate berez nahiko altxor da, hain paraje natural zoragarria den aldetik. Baina Gipuzkoa eta Araba arteko mendiko igarobide horrek hain agerikoak ez diren altxor gehiago ere baditu, eta horiek azaleratzen 12 urtetik gora dihardu Aranzadi Zientzia Elkarteak arkeologo talde bat.

Uda sasoia baliatzen dute tunelaren barruan indusketak egiteko, eta orain amaitu berri dute azken kanpaina. Parean suertatu diren mendizaleek lan horiek bertatik-bertara ikusteko aukera izan  dute, Aranzadiko arkeologoen azalpen eta guzti. Baina Zegamako Anduetza parketxeak antolatuta, ibilaldi gidatuak ere egiten dituzte bertara. Uztailaren 18an egin zuten azkena, eta hurrengoa abuztuaren 29rako dago programatuta.
Ibilbide hori Aldaolako aparkalekutik abiatzen da, handik aldapan gora joanda San Adrianeraino 30-bat minutuko bidea eginez. Tunelera iritsita, arkeologoek egindako indusketa lanek egiten diete harrera bisitariei, eta gidarien azalpenekin, duela 14.000 urtetik  1915ean mikeleteak joan arte bertan bizi izandakoek utzitako aztarnen bilaketen berri jasotzen dute.

2008an hasitako indusketak

Aranzadi 2008an hasi zen San Adrianen lanean, inguru horren «erradiografia bat» egiteko helburuarekin, indusketa lanen zuzendaritza taldeko Alfredo Moraza arkeologoak azaldu duenez. «San Adriani buruzko mito asko zeuden, han bizi izandakoen eta eraikuntzen aztarnen inguruan», eta mito haietatik benetan zer zegoen jakiteak bultzatuta hasi ziren lanean. Aurkitutako egiturak, eraikuntzen aztarnak, zimenduak eta bestelakoak berreskuratzea, sendotzea eta bistaratzea zen helburua, eta horretan ibili dira arkeologoak eta boluntarioak udaz uda, «paraleloki indusketa arkeologikoa ere eginez, ikusteko populazioa nondik nora joan den tunelean, eta zein garaitan erabili duen gizakiak bizitoki bezala».

Prozesuaren hasieran «eszeptikoak» zirela aitortu du Morazak, baina zorua induskatzen hasi zirenean «bertako haitza nahiko azalean azalduko zela» pentsatu zuten arren, «aztarnategi nahiko osoa zela» ikusi zuten laster. Izan ere, bertan aurkitutako aztarnak oinarri hartuta,  San Adrianen «Euskal Herriaren azken 14.000 urteetako historia» laburbilduta dagoela azaldu du Aranzadiko arkeologoak.

14.000 urteko historia

Horixe da, hain justu, aztarnategi horren baliorik handiena, duela 14.ooo urtetik 1915era arteko aztarnak aurkitu izana. Euskal Herriaren historiaren denbora tarte hori gutxi balitz, «badakigu gauza zaharragoak ere badaudela», baina horiek datozen urteetan agertuko dira, «oraindik sei-bat metro falta direlako induskatzeko, haitzarekin topo egin arte».

Maquetación 1Ia 13 urteko lanaren ondoren aurkitutakoaz galdetuta, «garrantzi handiena duena gizakien aldetik tunelaren erabilpen luze horren egiaztapena» dela erantzun du Morazak. «Tunela naturala da, baina etapa desberdinetan gizakiak paretak moldatu ditu bere bizitokia bertan egokitzeko: nomadak zirenean, ehiztari talde bat egon zen finkatuta; Brontze Garaian artzainak, eta inguruan garia landatzen zutela badakigu. Erromatarren garaia, Erdi Aroa… aztarnak hor daude. Eta hor dago niretzako gakoa, serie luze bat dagoela aztarnategian, eta Euskal Herriaren historia islatuta dagoela bertan».

Indusketa lanaren beste alderdi garrantzitsu bat aurkitutakoa erakustea dela dio Morazak, «batez ere diru publikoarekin lan egiten baduzu». Azken indusketa kanpaina uztailaren 24an amaitu zuten hamabost eguneko lanaren ondoren, eta arkeologoek alde egin dute dagoeneko handik, baina ikusgai geratu da egin dutena. Lan horretan gehiago sakondu nahi dutenek, berriz, Anduetza parketxeak  abuztuaren 29rako antolatutako bisita gidatua egiteko aukera izango dute.

Azken kanpainako aurkikuntzak

Aurtengo indusketa kanpainak eman ditu eman beharrekoak, eta horiek ez dira gutxi izan. Morazak azaldu duenez, bi ataletan banatuta egin dira lan horiek: «Batetik, Goi Paleolitoko Madeleine aldia landu da, duela 14.000 urte ehiztariek egindako kokalekua edo bizilekua aztertu da, eta hori ondo dokumentatzea lortu da behintzat; eta bestalde, ibili gara gaztelu zaharraren zimenduak zirenak dokumentatzen».

Gaztelu edo gotorleku hori Erdi Arokoa dela zehaztu du Morazak, XIII. mendetik aurrerakoa «ia seguru», San Adriango igarobideak komunikazio aldetik garrantzi handiena zuen garaikoa, hain zuzen. Hala ere, aurretik beste bat egon zela pentsatzen dute, «baina kapitulu hori datozen urteetan argituko da». Izan ere, oraindik kobaren arkaitzarekin topo egin arte sei metroko bidea dute beherantz, eremu handia. «San Adriango puzzle handi horretan oraindik pieza asko falta dira».

Eta pieza horiek osatzen jarraituko dutela agindu du Morazak. Jardunbide horretan Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorra eta Zegamako Udala ditu lagun Aranzadi elkarteak. Arkeologia talde zabala ari da lanean bertan, eta Alfredo Morazarekin batera, Manu Zeberio eta Jexux Tapia dira zuzendariak.

Indusketak ezagutzeko ibilaldi gidatua

San Adrianen egiten ari diren indusketa arkeologikoa zuzenean ikusteko aukera dago bisita gidatuen bidez. Azkena, uztailaren 18an egin zuten, eta Aranzadiko arkeologoen eskutik, azken aurkikuntzen berri jaso zuten bisitariek eta igarobidearen historia ere ezagutu zuten: Historiaurreko gizakien aztarnak, Erdi Aroko gotorlekua, kontrabandisten kondairak… Galtzada eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren zati bat ezagutzeko ibilaldi labur bat ere egin zuten tuneletik.

Hurrengo bisita gidatua abuztuaren 29an izango da, igandean. Adin guztietako herritarrei zuzenduta, abiapuntua Aldaola aparkalekua izango da, 10:00etan. Izena emateko, Anduetza Parketxera deitu behar da (943 80 21 87 / 688 62 36 09) edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>