Naiara Ibañez Aldasorok (Idiazabal, 1998) urteak igaro ditu osasun arazo ezberdinei aurre egiten, ondoeza horien erroa zein izan zitekeen jakin gabe. Azkenean lortu du bere minaren jatorria ezagutzea, eta orain, bere proiektuarekin jendeari honen berri ematea du helburu.
‘With Fireflies’ izeneko proiektua hasi berri duzu Instagramen eta YouTuben. Zein da proiektu horren muina?
Pairatzen ditudan gaixotasunei ikusgarritasuna emateko behar handia sentitzen dut, batez ere Elektro-hipersentikortasunari eta Sentikortasun Kimiko Anizkoitzari; mediku askok ez dituzte ezagutzen, eta ondorioz urteak pasa ditzakegu sufritzen eta tratamendurik gabe okerrera egiten. Proiektuaren muina honen berri ematea da, neurriak har daitezen, eta aldi berean, niri eta beste batzuei aurrera egiteko indarra emango digun zerbait izan dadin.
Fibromialgia, Neke Kronikoko Sindromea, Sentikortasun Kimiko Anizkoitza eta Elektro-hipersentikortasuna pairatzen dituzu.
Laurak Sentsibilizazio Zentraleko Sindromeen kategorian kokatzen dira. Nire medikuaren arabera, oinarri genetikoa duten gaixotasun neuroinflamatorioak dira eta emakumeoi gehiago eragiten digute. Aurreneko biak gero eta ezagunagoak dira, baina beste biak aitortzeko arazo asko daude oraindik. Batak lurrinak, keak, erregaiak edota tintak ez jasatea eragiten du, eta besteak, berriz, antenak, wifiak, mugikorrak edota elektrizitateak berak zure nerbio sistema mintzea.
Nola jakin zenuen guztiaren berri?
Laborategi Kliniko eta Biomedikoko teknikaria naiz formazioz. Praktiketan, niretzat handiegiak ziren esposizio kimiko eta elektromagnetikoak pairatu nituen eta eragilea, nire kasuan, hori izan zitekeela uste dugu. Osakidetzan erantzunik ematen ez zidatenez, Bartzelonako ospitale batera jo nuen. Han Sentsibilizazio Zentraleko Sindromeen unitateak eta adituak dituzte, eta haiei esker nire arazoa zein zen jakin ahal izan nuen behingoz.
Zer esango zenieke egoera berean dauden pertsonei?
Erraza ez den arren, ez dezatela etsi. Osasuna guztion eskubidea da, eta beraien medikuek ulertzen ez badituzte, adituak bilatzeko esango nieke. Badago hobetzea.
Instagram: @withfireflies
Youtube: Withfireflies