Tunel handia, bizibidea eta bizilekua

Oazurtzako tunela edo Tunel Handia. 2.995 metroko luzera du, 1864an bukatu zuten. Mutur batetik bestera, amaiera ikus daiteke. 2015era arte, Gipuzkoako tunelik luzeena izan zen.

Oazurtzako tunela edo Tunel Handia. 2.995 metroko luzera du, 1864an bukatu zuten. Mutur batetik bestera, amaiera ikus daiteke. 2015era arte, Gipuzkoako tunelik luzeena izan zen.

Zegama trenbideari lotutako herria izan da XIX. mende erdialdetik XX. mendearen hondar aldera arte. Ia 3 kilometro luze den Tunel Handiaren babesean dagoen Oazurtzako edo Zegamako apeaderoa zegamar ugariren bizibidea eta bizilekua izan da urte askoan, nahiz eta gaur egun, orduko aztarnarik ez den geratzen.

Mendizaleentzat toki ezaguna da Zegamako apeaderoa, Aizkorri aldera igotzeko abiapuntua baita. Baina ezezagunagoa da, XIX. mende erdi aldera hasita, ia 100 urtean, trenbidearen bueltan, bi tunelen tarteko eremu horretako bizimodua. Izan ere, mendiari ez ezik, trenari oso lotuta egon den herria izan da Zegama. Aizkorriren magalean eraikitako Zegamako edo Oazurtzako apeaderoa, bizilekua eta bizibidea izan da zegamar askorentzat, nahiz eta gaur egun, erabat hustuta eta hesiz itxita dagoen eremua izan eta garai hartako lekukotasunik ez den geratzen.repo-1

Garraiobidean iraultza ekarri zuen trenak, eta Zegamako Martxel Larrearen esanetan, bizibidea ere izan zen askorentzat: «Aitona Martzelinok esaten zidan inguruko baserriak oso pobreak zirela, eta trenari esker, hilero soldatatxo bat eramateko aukera izan zutela trenbidean lana eginda».

Azkena eraikitako zatia
Madril-Paris trenbidean azkena eraiki zen zatia izan zen Otsaurtetik Beasainera artekoa, besteak beste, eremu menditsua zelako eta desnibela orekatu behar zelako.  Zegaman bakarrik 12 tunel eraiki behar izan zituzten eta ingenierientzat erronka handia izan zen. Beste oztopo edo zailtasun bat ere izan zuten: Otsaurte eta Oazurtzako obretarako atzerritik etorriko ziren ehunka langileentzat (Zegama 6.000 bizilagun izatera iritsi zen), azpiegitura osoa antolatu behar izan zuten: errepidea, ostatuak, tabernak, ospitalea, okindegia,  saletxeak… Beraz, lanak garestitzeaz gain, atzerapena ere ekarri zuen azpiegitura gabezia horrek. Horrezaz gainera, trenbidea eraiki ahal izateko lurren espropiazioak zaildu eta luzatu egin zuen proiektua, lur jabetza oso zatikatuta zegoelako.

Hala ere, nekazal giroko herriak ziren Zegama, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi, baina trenaren aldeko apustua egin zuten orduko udal agintariek, eta dirua mailegatu zuten herritarrek. Xabier Azurmendik Atzoko Zegama liburuan jasoa duenez, «Zegaman trena lehenengo aldiz pasa zenean, jende asko bildu omen zen Txarakorta inguruan; trena nolakoa zen ikusi nahi nonbait denek. Iturburuko aitona trena ikustean ondoeza egin eta lurrera erori omen zen, trena ezin zitekeela parte onekoa izan eta».

repo-5

Apeaderoan langileentzat eta euren familientzat etxeak eraiki zituzten. Karguen arabera, etxebizitza bat edo bestea izaten zuten familiek. Ezkerrekoa, langile buruarena zen. Joxe Ramon Agirrek utzia

Apeaderoa eraikitzeko eskaria
Otsaurteko geltokia herritik urruti zegoela argudiatuta (8 kilometrora), 1940ko urriaren 3ko udalbatzarrean Zegamako Udalak Compañia del Ferrocarril del Norte de Españako zuzendariari eskatu zion Oazurtzan apeaderoa egiteko (5 kilometrora), Zegamatik oinez 20 minutuan iristen baitzen. Oazurtzako trenbideko langileak jaso eta uzteko «tranbia batzuk geratzen zirela eta penagarria zela zerbitzu hori zegamarrek repo-2orokorrean ezin ibili ahal izatea» argudiatu zuten. Garai hartan 2.000 biztanletik gora zituen Zegamak, industria ugari zegoen: papertegian 200 lagundik gora langile zeuden, inprentan 100 lagun baino gehiago eta perra fabrikan 25 langile. Eskaria onartu egin zuten eta udalak hartu zituen bere gain andenak eraikitzearen kostua eta baita Oazurtzako apeaderorainoko errepidea egitearen kostua ere, herri bidearen trazadura berean. Honela, duela ia 80 urte, 1942ko abuztuaren 26an inauguratu zuten apeaderoa (2005-06 urtean geratu zen azkenekoz bidaiaren trena).

Zegamatik apeaderora arteko errepidea presoek egin zuten. Luzio Arizkorretak Zegamako urtekarian adierazi zuenez, presoak « igandeetan baserrietara joaten ziren lanera janaren truke».

Apeaderoko bizimodua
Inguruko baserrietako bizilagunek eguneroko ogia ateratzen zuten trenbidetik. Osina eta Oazurtzako tunelen tartean, langileentzat eta sendiartekoentzat bi etxe zeuden. Bertan bizi izan zen Joxe Ramon Agirre (1944), Rikardo Agirre apeaderoko «kapatazaren» edo langile buruaren semea.  «Gure aita Txanberonen bizi izan zen eta trenbidean lana egiten zuen. Zumarragara joan zen lanera eta han ezkondu zen. 4 urte nituela etorri ginen apeaderora, Martzelino Berasategi (Martxel Larreraren aitona) kapataza jubilatu zenean, bere postua hartzeko».

Kargurik altuena kapatazarena zen apeaderoan. Agirreren esanetan, «kapataza brigadaren enkargatua-edo izaten zen. 24 laguneko brigadak egoten ziren trenbidean eta brigada bakoitzak sei kilometroko trenbide zati baten ardura izaten zuen. Lehen Langilea (Primer Obrero)  izaten zen kapatazaren ondorengoa.  Canton 72  zuen izena hemengo brigadak». Gaueko zaintza lanak egiteko beste langile bat izaten zen: «Aranzelaiko Zeferino Alkainek iluntzean 20:00etako tranbia hartzen zuen eta Otsaurteko zentralera joaten zen. Oinez etortzen zen Otsaurteko zentraletik Brinkolaraino errailak eta tunelak ikuskatzen. Ondoren, gure etxera etortzen zen aitarena, informea ematera».

Beheko etxea kapatazarena izaten zen eta bertan, «fatorean», saltzen zituzten treneko txartelak ere.

Captura de pantalla 2021-09-03 a las 10.04.05

Bi taberna eta soinujolea
Mugimendu handia izaten zen egunero, jende asko Legazpira edo Zumarragara joaten baitzen lanera trenez, «40 lagunetik gora joaten ginen egunero lanera, 07:10eko trenean. Altsasutik trena beteta etortzen zen.repo-3 Bi  orduan behin- edo etortzen zen tren bat».
Eguneroko jendearen joan-etorria handia izaten zen, eta horren adibide dira apeaderoko bi etxeetako taberna zerbitzua; Larrearen aitona Martzelinok beheko etxeko sukaldean zuena bat, eta Agirreren amak goiko etxearen aurreko aldekoa bestea. Agirrek gogoratu duenez, sukaldera sartu eta han eskatzen zieten amari edaria edo janaria. «Mendira ere jende ikaragarri etortzen zen jaietan, oso eroso dago Arantzazura joateko eta Andraizko pasoa ere oso eroso geratzen da». Ondoko saletxean ere lotarako lekua eskaintzen zieten inguruan lanean aritzen zirenei. «Menditik egurra eta ikatza ekartzen zuten eta langile asko ibiltzen zen. Goiko etxearen aurreko aldean saletxe bat zegoen eta han sapraian lo egiten zuten. Gure amak jaten ematen zien».

Larreak gogoratzen duenez, «sekulako giroa» sortzen zen apeaderoan. «Soinujolea ere bazen, Arantzelai Ondo baserriko Jose Mari Ormazabal, aitonaren etxean gordetzen zuen soinua. Jaietan jotzen zuen». Eta beste entretenimendu bat ere bazuten: irratia, Ternuara bakailaotara joan zen Larreraren Bixente osabak ekarritakoa.

Trenari esker, gertuago
Herrigunetik urruti bizi baziren ere, Aizkorri magaleko bizilagunek trenari esker (dohainik zituzten bidaiak), kaleko bizimodutik gertuago zeuden,  Altsasuko eta Zumarragako zerbitzuak eskura zituztelako, ikastetxeak, lantokiak edo dendak esate baterako. Agirrek Altsasun ikasi eta Zumarragan lan egin zuen.

repo-6

Mares Agirre, Beatriz, Juan eta Joxe Telleria, eta Joxe Ramon Agirre apeaderoko goiko etxearen atarian. Beatriz Telleriak utzia

Jose Mari Telleria, Zegamako apeaderoko azkeneko langile burua
Jose Mari Telleria Berasategi izan zen Zegamako apeaderoko azken langile burua edo kapataza, Rikardo Agirreri lekukoa hartuta, 1972 urtean jubilatu arte.  Jose Mariren aita ere, Jose Migel, trenbideko langilea izan zen. Hiru seme-alaba izan zituen Jose Marik, Joxe, Beatriz eta Juan. Beatriz Telleriak zehaztu duenez,  bi eraikin zeuden apeaderoan langileentzat eta euren familientzat: Tunel Handiaren (Oazurtza) ahoan bat, bi etxebizitzetakoa, eta Lur Tunelaren (Osina) alboan bigarrena, langile buruarena. «Karguen arabera etxez aldatzen joaten ginen. Aitona langile soila zen eta goiko etxearen atzealdean jaio nintzen ni, baina aitak karguak hartu ahala goiko etxearen aurre aldera pasatu ginen lehenengo eta  kapataz izendatu zutenean, beheko etxera». Beatriz ezkondu zenean (1970) apeaderoko beheko etxean bizi zen, eta haren lehenengo semeak ere bertan egin zituen bere bizitzako lehen egunak ospitaletik itzulitakoan.

Trenbideko langileek eta euren senditartekoek dohainik zituzten treneko bidaiak eta Zegamako herrigunetik urruti egonagatik –5 kilometro–, trenari esker bizimodu erosoagoa izan zuten apeaderoko bizilagunek. «Mezatara Altsasura edo Zumarragara joaten ginen gehienean, Zegamara joatea baino erosoagoa zelako guretzat». Enkarguak ere bi herri horietan egiten zituzten. «Dohainik genituen bidaiak trenbideko langileen familiakoek ere, bakoitzaren argazkia zuen kilometriko txartelarekin».

Eskolara Zegamara
Eskolara, hori bai, Zegamara joaten ziren oinez, eguzkia, euria edo elurrarekin.  «Joan ondo, aldapa behera, baina gorakoan aldapa igotzeaz gain, askotan enkarguekin igotzen ginen». Bazkaldu eskolan egiten zuten. Lanera, berriz, anaia gazteena Legazpira, Patricio Etxeberria lantegira joaten zen  eta bi zaharrenak, Joxe eta Beatriz, Zegamara, inprentara.

Trenaren hotsarekin eta trenaren joan-etorriekin ohituta egonagatik, trenari «errespetu handia» ziotela aitortu du Beatrizek. Aitak ere, tunelean aurkitu zezakeenaren «beldur», pistola bat erosi zuen. «Gerra hasi zenean aitak ihes egin zuen eta bere amak eta arrebak pistola ezkutatu egin zuten beldurragatik».

Mendizaleek ateratako argazkiak
Hala ere, Aizkorriren magaleko eremu urrunean biziagatik, mugimendu handiko gunea izan zen apeaderoa. Batez ere jai egunetan, Aizkorri aldera zihoazen mendizaleak apeaderoan geratzen baitziren. Goiko argazkia da horren lekuko: argazki makinaren bat zuen mendizaleren batek bertan bizi ziren umeei argazkia atera eta berriz itzulitako egunean, errebelatuta eramandakoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>