Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Pasatu berri den irailaren 11k New Yorkeko zero gunera darama gure adin bueltakoen gogoa, ezinbestean. Hogei urte bete dira aurten, eta askotan esan diogu elkarri guztiok dugula gogoan non eta zertan ari ginen berria jaso genuenean. ETAk bere jarduera amaitu zuela esateko komunikatuaren berri izan genuenean bezalatsu.
Asko dira 20 urte, eta gure gogoan hurbileko gertaera bezala ikusi arren, denboran iruditu baino urrunago dagoela (gero eta urrunago) ohartu naiz. Besteak beste, unibertsitate-graduak edo lanbide heziketako zikloak amaitzen ari dira orduan jaiotakoak, askok ipurdidun telebistan ikusi genituen dorreak erortzen, lehen smartphoneak merkaturatzeko ia hamarkada bat falta zen, eta gerora gertaera haren bideoz (eta hamaika konspirazioren azalpenak ematen dituzten beste hainbestez) elikatutako Youtube ez zen sortu lau urte beranduagoko San Balentin egunera arte. Twitter urtebete beranduago, Instagram hurrengo hamarkadan…
Youtuber, Tik-Toker eta bestelakoz elikatzen den belaunaldiari nola azaldu bigarren hegazkinak dorrea jo zuen unea eta, ondoren bata bestearen atzetik dorreak erortzen zuzenean ikusteak eragin zigun zirrara? Nola adierazi, edukiak sortu eta sareratzetik jendea bizi den garaiotan, hainbeste eduki eman zezakeen gertaera unean eta mundura zabaltzeko ikus-entzuneko bide bakarra gaur egun ia kontsumitu ere egiten ez duten telebista zenik?
Esponentziala da gure bizitzetan etengabe ematen ari den aldaketa, eta harrigarria geroni ere zein azkar ohitu garen aldaketa horietara (eta zein azkar onartu ditugun). Ariketa erraza da. Pentsatu, une batez, ze urtetakoa den eskuan izan zenuen lehen smartphonea, noiz jarri zenuen wifia etxean, ze urtetan ireki zenituen ustez beti hor egon diren sare sozialetako kontuak… Urtea ez zaizu hain urruna egingo, baina betidanik eskura izan ditugun tresnak direla iruditzen zaigu, eta gaur egun 20 urte (edo gutxiago) dituztenei New Yorkeko gertaerez hitz egitea guri Monetaren Jauregiko efemerideaz hitz egitearen parekoa denik ez gara ohartzen.
Adinaren gauzak.