Dagoeneko hasi dira abesti berriak idazten

g013_f01
Goierriko panorama musikalak hazten jarraitzen du. Oraingo honetan duela hilabete gutxi sortu zen Tirokatuak taldearen txanda da, Unax Nabarrok (Lazkao, 2004), Udai Ramirezek (Ataun, 2005) eta Aratz Lasak (Ataun, 2005) osatutakoa. Hirukotearen lehen musika taldea da hau, baina «esperientzia berri bat bizitzeko» irrikan daudela adierazi dute.

«Txikitatik entzun eta argitu gaituen musikak motibatu gintuen taldearekin hastera» azaldu dute taldekideek, baina pausu hori emateko azken bultzada Ordiziako Bake Faltsua taldearen kontzertu baten ostean izan zen: «Tolosako Inauterietan ikusi genituen oholtza gainean, eta une horretan erabaki genuen guk ere antzeko zerbait egin nahi genuela». Dena den, euren etxeetatik ere jaso zuten bultzada hiru gazteek, haien gurasoak ere gaztaroan talde ezberdinetan aritutakoak baitira.

Oi! musika jotzen dute batez ere, urteetan zehar gehien etzun duten estiloa baita hori, baina punka, rock and rola edota hardcorea ere nahasten dituzte jotzen dituzten abestien artean. Gaur gaurkoz eurek idatzitako abesti bakarra jotzen dute zuzenekoetan, eta gainontzekoak bertsioak dira. Hala ere, dagoeneko hasi dira abesti berriak idazten.

Erreferenteei dagokienez, Euskal Herriko kaskamotz edo punk mugimenduan ibili diren taldeengandik jaso dituzte zertzeladak: «Talde mitikoei dagokienez Hell Beer Boys edota Apunta aipatu ditzakegu, eta berriagoen artean Bake Faltsua, Streetwise edota Nafarroa 1512 esango genituzke».

Zuzenekoak eskaintzeko prest
Aurtengo uztailaren 17an igo ziren lehen aldiz Tirokatuak taldeko partaideak oholtza gainera, Ordiziako Gaztetxean. Harrezkeroztik Ataungo San Gregorioko festetan, Beasaingo Gaztetxearen urteurrenean eta Legazpiko Gaztetxean egindako Euskal Herriko Topaketa Sozialisten aurkezpenean jo dute: «Kontzertuetan jendea eserita egotera ohitzen ari garen garai hauetan, oraindik ere arrotza egiten zaigu kontzertuak ezagutzen genituen bezala ez bizitzea». Datozen egunetara begira, oraindik ez dute kontzertuetarako datarik aurreikusten, baina jakin ahala euren sare sozialetan jakinaraziko dutela adierazi dute.

Instagram: @_tirokatuak_

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>