Pikuak gora, pikuak behera

Patxi-zubizarretaPatxi Zubizarreta • Idazlea

Piku sasoia datorren bakoitzean, F.J. Irazoki poeta lesakarrarekin akordatzen naiz. Los hombres intermitentes liburuan dioenez, anaia jaiotzean hil zitzaion eta, aingerutan hil zitzaionez —bataiatu gabe, alegia—, aitak etxe ondoko pikondo azpian zulo bat egin, eta amonak hantxe lurperatu zuen umea, zapata kutxa batean. Joxe Miel Barandiaranek antzeko usadio baten berri emana zigun: haren esanetan, baserriko teilatuaren hegalpea leku sakratua izaten zen eta hildakoak han ere lurperatu izan zituzten. Kasualitatez, Timothy O’Grady idazle irlandarrak halako zerbait kontatu zigun I Could Read the Sky —Sabía leer el cielo— liburuan. Herrian denek ezagutzen zuten Tommy Muntagh, denek zekiten urtean behin Ingalaterratik itzuli, eta arbola baten erroetan belauniko jartzen zela, baita eguraldirik zakurrenarekin ere: hari ere anaia bizkia hil, eta arbolapean lur eman zioten…

Baina piku sasoia zetorren bakoitzean, F.J. Irazoki mutikoa pikondoaren adarretara igotzen zen, alerik helduenak eta goxoenak hartzera. Azala kontuz kontuz zuritzen zuen orduan, eta zerrendetan baztertzen: horra anaia hilaren barruan sartzeko ateak. Mamia jateari ekiten zion gero, eta pipitak lur azpitik anaiak bidalitako hitzak ziren, arbolaren izerdiaren bitartez fruituraino eta bere ahoraino iritsiak. Poliki jaten zuen pikua eta poliki kraskatzen zituen pipitak, anaiarekin ahalik ondoena komunikatzeko.

Piku sasoia datorren bakoitzean, lurrera begiratzen dut, baina hego haizeak begiak zeru aldera ere igoarazten dizkit, beharbada pertsonok sustraiak dauzkagulako, memoria behar dugulako, eta hegoak, etorkizunerantz hegan egin ahal izateko. Kirmen Uribek aspalditxoan Mungiako neska-mutiko batzuen pasadizoa kontatu zigun: sobra ere, pikondo baten aldamenean jolasteko joera zuten, baina arbola halako batean gaixotu, eta atera egin behar izan zuten. Umeen pena eta nahigabea, orduan; eta gurasoek ez baitzekiten zuloa nola esplikatu, baten batek esan zien: «Hara, badakizue batzuek lika erabiltzen dutela txoriak harrapatzeko. Kola moduko hori adarretan zabaldu, eta txoriak pega-pega eginda geratzen dira, alde egin ezinik. Ba norbaitek lika asko, gehiegi zabaldu zuen pikondoaren adarretan, eta handik gutxira zientoka, milaka txori harrapatuta eta hegan egin ezinik geratu ziren. Baina, halako batean, denak ala denak ere batera hegaldatu, eta pikondoa zeruan gora eraman zuten, auskalo nora. Ikusgarria izan omen zen!».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>