Hornidura elektrikoa kontratatzeko aholkuak

Goierriko_Kontsumo_bulegoaBeatriz Iñurritegi • Goierriko Kontsumo Bulegoa

Hornidura elektrikoa 2009an liberalizatu zen, enpresa hornitzaileen artean lehia erreala eta librea lortzeko. Geroztik, kontsumitzaile bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den eskaintza aukeratu eta kontratatu dezake. Bi enpresa merkaturatzaile mota daude: merkatu libreko merkaturatzaileak, energia ofizialki ezarrita ez dagoen prezioan saltzen dutenak; eta erreferentziako merkaturatzaileak, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren baimena dutenak, Administrazioak araututako baldintzetan eman behar dituztenak.

Kontratu bat sinatzeko garaian, ondorengo gomendioak jarraitzea komeni da.

  • Kontuz aritu eta arinegi ez ibili.
  • Merkaturatzaileen eskaintzak bilatu eta alderatu. Potentzia kontratatuari erreparatu behar zaio: behar baino potentzia handiagoa kontratatzea garestia atera daiteke. Etorkizuneko baldintzei buruz galdetu: lehen urteko beherapen handiei jaramon gehiegi ez egin.
  • Ez erreparatu eskainitako prezioari soilik; bezeroaren arretari, fakturazio-aldiari eta beste zenbait gauzari buruzko informazioa lortu.
  • Kontratu idatziaren kopia bat eskatu beti eta eduki osoa arretaz irakurri.
  • Hornidura elektrikoa telefono edo Internet bidez kontratatuz gero idatzizko kopia bat eta baliagabetze-agiria eskatu, atzera egiteko eskubidea egiten bada, kontratua arazorik gabe bertan behera utzi ahal izateko, inolako kosturik gabe eta arrazoia emateko beharrik gabe.
  • Enpresaz aldatzeko eskaintza bat jasoz gero ez eman bankuko daturik eta ez sinatu ezer, aldaketa hori egin nahi duzula ziur jakin ezean. Gogoan izan argi eta gas saltzaile batzuek jokabide oldarkorrak erabiltzen dituztela.
  • Ahal izanez gero, kontsumoko arbitrajeari atxikitako enpresa bat aukeratu, berme gehiago eskaintzen dituelako.
  • Erreklamazio bat egin nahi izanez gero, hobe da idatziz egitea, erreklamazio-edukiaren terminoak behar bezala jasota geratzeko.
  • Gorde aurkeztutako idazkien kopia, bai eta enpresak bidalitakoen, fakturen, aurrekontuen, publizitate-eskaintzen eta abarren kopiak ere. Erreklamazio bat aurkezten baduzu, zure eskaera defendatzeko lagungarriak izango dira.
  • Faktura arretaz berrikusi eta konparatu aurrekoekin. Bertan, izandako kontsumoa adierazten da, bai eta honako kontzeptu hauek ere: ekipamenduen alokairua, bidesariak, banaketa, elektrizitate-zergak eta BEZ (% 21). Kontzeptuon zenbatekoa faktura osoaren % 50 gainditzera iritsi daiteke.
  • Faktura iristen ez bada, eskatu merkaturatzaileari.
  • Egiaztatu kontagailuaren irakurketak zuzenak direla. Kontagailua etxebizitzaren barruan badago, eta irakurketa egin behar den egunean inor ez badago etxean, eman kontsumo errealaren datuak bi hilabete igaro baino lehen.
  • Fakturaziori lotutako edozer zalantza izanez gero, edo fakturak akatsik izanez gero, jarri harremanetan merkaturatzailearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>