Kualifikazioa, gakoa

Uggasaren_formakuntza_saio

Mendekotasuna duten pertsonei etxean ematen zaien arreta soziosanitarioko profesionaltasun ziurtagiria lortu dute 15 emakumek uztailean.

Langabetuen kualifikazioa eta formakuntza, enpresa ehuna eta eraldaketa digitala dira Urola Garaiko Mankomunitatea osatzen duten lau udalerriek dituzten erronka nagusiak.  Uggasak hainbat programa ditu martxan horiei begira.

Uztailean %9,2ko langabezia tasa izan dute Urola Garaiko Mankomunitatearen menpeko lau herriek. Ehuneko horren atzean 1.108 langabetu daude, eta horietatik %57 emakumeak dira. Iazko uztaileko datuekin alderatuta, 319 langabe gutxiago dira, eta Gipuzkoako batez bestekoarekin alderatuta tasa hiru hamarren gehiagokoa da. Bestetik, 600tik gora enplegu erregulazio espediente indarrean daude oraindik. Hala ere, enpresen kontratazioek dinamismo handia erakutsi dute azken hilabeteetan, eta poliki-poliki krisi aurreko datuetara hurbiltzen ari da.

Datuetatik harago, epe ertainean krisi guztiek eragiten dute komunitate baten gizarte kohesioan. Orokorrean pandemiak areagotu egin ditu errenta arrakalak, belaunaldi artekoak eta gizonen eta emakumeen rolen artekoak. Krisi honek, gainera, azaleratu egin ditu gizarteak dagoeneko dituen arrakala digitalak. Ondorioz, bazterketa arriskuan dauden pertsonak kronifikatzeko arriskua areagotu egiten da.

Horregatik, funtsezko erronka bilakatu da Urola Garaiko Mankomunitatearentzat langabetuen kualifikazio maila handitzea, eta kolektibo zaurgarrienekin orientazio eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak sustatzea.

Langile kualifikatuagoak

Lan merkatuak geroz eta langile kualifikatuagoak eskatzen ditu eta formakuntza geroz eta baloratuagoa dago. Langabetuek laneratzeko dituzten  zailtasunen artean, formakuntza bajuarekin lotutakoak dira asko. Egoera horri erantzuteko ahalegin berezia egin du mankomunitateak, eta  kualifikaziorako eta formakuntzarako lau programa ditu indarren une honetan Uggasak.

Hiru programa ikasketa maila bajuko pertsonei bideratuta daude. Horietako bi, industria alorrean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko dira, eta UGLErekin elkarlanean gauzatzen ari dira. Kualifikaziorik gabeko 30 langabetu ari dira parte hartzen zazpi hilabeteko programa horietan. Partaideen profila askotarikoa da: 13 herrialdetako pertsonak dira, eta gazteenak 25 urte ditu eta zaharrenak 59. Formakuntza jasotzeaz gain, praktikak ere egingo dituzte enpresetan eta laneratzeko plan pertsonalizatua ere izango dute, bakoitzaren enplegagarritasun, ezaugarri eta beharren arabera osatutakoa.

Lan merkatuak geroz eta langile kualifikatuagoak eskatzen ditu, eta formakuntza geroz eta baloratuagoa dago
Egungo testuinguruan,  digitalizazioarekin lotuta dago merkatuan erreakzionatzeko gaitasuna

Bestetik, mendekotasuna duten pertsonei etxean ematen zaien arreta soziosanitarioaren arloan ere beharrezkoa den profesionaltasun ziurtagiria lortzeko formakuntza ere martxan dago, Urola Garaiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan. Uztailean amaitu zuten 15 emakumek programa.

Azkenik, kualifikatutako langabeentzako Hazilan programa dago. Zeharkako konpetentziak eta konpetentzia digitalak lantzen ditu, eta enpresetan praktikak egitea eskaintzen du.

Enpresa ehuna, ahulagoa

Enpresa ehunaren azken urteetako bilakaerari ere erreparatu behar zaio. Orokorrean, enpresa kopurua nabarmen jaitsi da, bereziki 2019 eta 2021 artean. Industriaren sektorean izan da jaitsiera handiena: 2017 eta 2021 artean %19,5 murriztu da enpresa kopurua.

Azken 12 hilabeteetan ordea, enpresen kontratazioek gora egin dute %113,9an. Gorakada bereziki industriaren sektorean gertatu da, igoera %317,9koa izan baita aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Horrek beste lehentasunezko erronka bat jarri du mahai gainean: industria sektorea saretzea eta susperraldirako ingurune eta espazio kolaboratibo eraginkorrak sortzea eta indartzea. Urte luze batez, bilerak, foroak eta antzekoak erabat murriztuak izan dira pandemiaren eraginez , baina eszenatokia aldatu den honetan, saretze lan hori izango da lehentasunetako bat.

Maquetación 1Urola Garaian 115 manufaktura enpresa inguru daude, eta ia %70 metal-mekaniko azpisektorekoak dira. Beste %20 plastikoaren sektorekoak eta eraikuntzari loturiko industria dira. Gainontzeko %10 ehungintza, arte grafiko eta elikagaien sektoreei dagokie.

Orokorroan, enpresa txikiek eta ertainek epe motzeko arazo eta kezka partekatu bat dute, langile kualifikatuak erakartzea eta mantentzea. Enpresa bere osotasunean haztearekin eta garatzearekin orekan, pertsonak eta talentua kudetzea geroz eta konplexuagoa gertatzen zaie, are gehiago enpresa txikien eta ertainen kasuan. Zentzu honetan, hurrengo hilabeteetan sentsibilizazio jardunaldi eta dinamikak proposatuko ditu Uggasak enpresa txikiei bideratuta, talentuaren kudeaketa aktiboa bultzatuz, eta eredu berrietarako tresnak errazteko helburuarekin.

Eraldaketa digitalaren erronka

Eraldaketa digitalaren eta 4.0 teknologien erronka ere agendan dago. Egungo testuinguruan, merkatuan erreakzionatzeko gaitasuna digitalizazioarekin lotuta dago hein handi batean.

Hori kontuan hartuta, urritik aurrera, Urola Eraldaketa Digitalaren arloan,  formakuntza eta inplementazio estrategikoko programa bat martxan jarriko dute Foru Aldundiaren laguntzarekin. Programa horren bitartez, enpresek beren jardueren eraldaketa digitalerako beharrak identifikatu ahal izango dituzte, behar horiek asetzeko ibilbide- orri bat diseinatuz eta ezarpenerako proiektu zehatzak garatuz.

Hori guztia esperientzia handiko adituen eskutik egingo da, urriaren 7ko  aurkezpenarekin hasita. Bi ordu eta erdiko jardunaldia izango da aurkezpena,  edozein enpresarentzako irekia. Digitalizazioaren arloan pausoak eman nahi dituzten enpresentzako gai interesgarriak landuko dituzte: testuinguru digitalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak, ETEetan digitalizazioa aplikatzeko beharrezkoak diren funtsezko kontzeptuen azalpena, eta enpresa txikietan arrakasta izan duten kasu praktikoak ere aurkeztuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>