Herri antzerkiak baditu sustraiak Zaldibian

Zaldibai-antzerkia

Ezkerretik eskuinera: Joxemiel Gurrutxaga, Joxemari Etxeberria, Begoña Arrese, Josetxo Arizkorreta, Patxi Irastortza, Pepita Sukia eta Justo Lasa. Argazkilaria: Manuel Etxeberria Sukia

Mila eta Malores Etxeberria Arrese Zaldibia

Euskal antzerkiak loraldi polita izan zuen Euskal Herrian 1960ko hamarkadan, eta horren eragina iritsi zen Zaldibiara ere. Manuel Etxeberria Sukia apaiz zaldibiarraren bildumatik ateratako argazkia da artikulu hau ilustratzen duena, eta bertan ageri dira herriko gazteak antzezlan baten amaierako agurrean. Antzerki lanak elizako saloietan egiten ziren. Teatroaz gain, hantxe ikasten genuen musika eta ikusten genuen zinea igande arratsaldeetan, deskantsu garaian saski txikia hartuta igotzen zen Jazinto Pajaresi pipa, karamelo, azeituna eta piruletak erosita.

Francoren diktaduraren zanpaketa itogarritik ateratzeko mugimendu asko hasi ziren sortzen herrietan. Mugimendu politiko-sozialak nahiz kulturalak. ETA sortu berria lehen ekintzak egiten hasia zen, eta euskal kulturaren inguruan, ezkutuka gehienetan, abiatuak ziren lehen ekimenak: euskalduntze-alfabetatzeko gaueskolak, lehenengo ikastolak, euskara batuaren bilerak Arantzazun, eta baita euskal antzerkia ere.

Obra bat baino gehiago taularatu zituzten argazkian agertzen diren gazteek eta beste hainbatek, tartean Juan Manuel Galarraga, Arantxa Etxeberria eta Joxe Beloki (Joxe Zapateroa), guk dakigula. Antzezlanen artean  bada bat nabarmendu nahiko genukeena, Gizon Zuzenak izenekoa. Albert Camus idazle frantses-algeriarrak idatzia zen, Les Justes, eta Xalbador Garmendia Etxeberria zaldibiarrak, apaiza garai hartan, itzuli zuen euskarara. Hona obraren argudioa bi hitzetan: Errusian, 1905ean talde sozialista iraultzaile batek Duke Nagusia hiltzeko egindako atentatua oinarri hartuta, komandokideek dituzten eztabaida, kezka, iritzi kontrajarri eta sentimenduak biltzen ditu. Les Justes Parisen estreinatu zen 1949an. Gai sakona Xalbador Garmendiak itzultzeko hautatu zuena, komedia arinetara ohitua zegoen antzerki kostunbristaren aurrean beste era bateko galderak eta gogoetak eragiteko balio zuen antzerkia erreibindikatuz.

Testua Egan aldizkariak argitaratu zuen 2017an, Patri Urkizuren edizio lana tarteko. Bertan jasotzen denez, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuen obra 1967an Jarrai taldeak. Baina, jakin dugunez, Zaldibian ere egin zen obra hau, tartean herriko antzerkilariak zirela. Obra famatu honetan parte hartu zuten zaldibiarren bizipenak biltzea ederra litzateke. Ea animatzen ditugun kontatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>