«DBHko titulua aterata, aukera berri bat ireki zait nire etorkizunerako»

Epa-AlleAlle Dieng (Senegal, 1987)

Noiz iritsi zinen Lazkaora? Zein oroitzapen duzu? Ikasketarik bazenuen?
2016ko ekainaren 5ean Ceutara (Espainia) iritsi nintzen. Lau hilabete egin nituen etorkinen zentroan. Handik, Gipuzkoara etorri nintzen. Gogoratzen naiz, Goierrira etorri nintzenean, hiru egunean euria  egin zuela atertu gabe. Bi hizkuntza hitz egiten zirela konturatu nintzen, biak oso desberdinak. Soldadurako ikasketak egiten ari nintzen Senegalen.

Soldaduratik jarraitu nahi zenuen?
Bai, Goierri Eskolara joan nintzen ikastaro bat egitera, baina gaztelerarik eta euskararik ez nekien. Beraz, HHIra joatea eta zerotik hastea erabaki nuen. Gaztelera, euskara pixka bat, informatika…. Orain badakit ordenagailuan ibiltzen eta Interneten nabigatzen.

DBHko titulua ateratzen ere saiatu zara, eta baita lortu ere!
Bai, gogorra izan da, baina oso irakasle jatorrak daude eta asko laguntzen dute. Ulertu egiten gaituzte. Badakite lana egin beharrean gaudela etxearen alokairua ordaintzeko eta jan ahal izateko. Askotan ez nuen denborarik izaten etxeko lanak egiteko. Gainera, seme bat ere izan nuen. Uztekotan egon nintzen momentu batean. Ez dakit nola, baina lortu nuen bai titulua ateratzea.

Klasera joatea garrantzitsua da.
Bai, eta ahal nuenetan saiatzen nintzen eskolara joaten eta klaserik ez galtzen, haria ez galtzeko. Matematikak asko kostatu zaizkit. HHIn oso gustura ibili  naiz.

DBHko titulua eskuan duzula, ikasten jarraitzeko aukera daukazu.
Bai, badaukat ikasten jarraitzeko asmoa. HHIko orientatzaileak dauzkagun aukeren berri eman digu. DBHko tituluarekin aukera berri bat ireki zait nire etorkizunerako Euskara ere ikasi nahi dut… Lanbide Heziketako erdi mailako ziklo bat egingo dut ziurrenik, baina horretarako matrikula egin behar da ikasturtearen amaieran. Baina lana egin beharra daukat: hemen familia bat daukat mantentzeko eta Senegalen beste bat. Lau senidetan zaharrena naiz eta nire anaientzat adibide izan nahi dut, haiek ikasketarik utzi ez dezaten.

Epa-1Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (HHI) eskolak bigarren aukera bat eskaintzen die ikasten jarraitu nahi dutenei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>