Miren Estensoro • Ekonomia ikertzailea
Pandemia aurretik eginiko ikerketa batean ondorio nagusietako bat izan zen: gure lan merkatuan pertsonen gaitasunen eskaintza eskaria baina handiagoa da. Hau da, lan egiten duten pertsonek dituzten gaitasunak ez dira behar bezala aprobetxatzen. Askotan, beraz, ez da gaitasunak falta direla, baizik eta dagoenaren eta behar denaren arteko doikuntza da gakoa.
Paradojikoa da. Gero eta gaitasun zehatz eta disruptiboagoak dituzten pertsona talentudunak behar direla entzuten dugu eta, bestalde, ez ditugu pertsona askoren gaitasunak baliatzen. Ez dirudi horren zaila, ez? Behar dena ondo identifikatu eta horri erantzuteko formakuntza eskaini, ala? Baina argi dago erantzuna ez dela horren sinplea.
Goierrin %9ko langabezia tasa dugu oraintxe. Gure eskualdeko langabetuen argazkiari erreparatuta, langabetu gehien emakumeak eta gazteak edo 45 urtetik gorakoak dira. Langabezia datuak denboran zehar aztertuta agerian geratzen da bi abiadura sortzen ari direla gurean ere: ongizaterako baldintzak kolokan dituzten gazteak eta adindunak, eta landunen gehiengoa diren eta ongizaterako baldintzak asetuta dituzten adin ertainekoak. Arrakala horri aurre egiteko aukeretako bat aipaturiko lan merkatuaren doikuntzan dago. Horretan, giltzarri den elementu bati erreparatu nahi nioke: gazte belaunaldi ezberdinen interesetara moldatzen den lan eskaintza sortzea.
Belaunaldi bakoitzaren ezaugarriek pertsonen jarrera, bizitza eredu, lehentasun eta balioetan eragina dute. Aldaketa historiko edo sozialek eragiten dituzten belaunaldi aldaketak. Gaur egun, gizartean eta lan merkatuan gehiengoa Baby Boomer-ak dira (1946-1964 artean jaiotakoak). 2035ean, aldiz, Millenials-ak (1980-1994) eta Z Belaunaldia (1995-2010) izango dira lanean arituko direnak eta ikasten berriz Alpha eta Beta belaunaldiak (2010etik aurrera jaiotakoak).
Millenial, Z, Alpha eta Betek badituzte indartzen ari diren zenbait ezaugarri partekatu. Mundu digitalaren influentzia handitzen doa belaunaldiz belaunaldi eta gazteenak hiperkonektibitatearen munduan biziko dira. Horri lotuta, sare sozialen garrantzia eta pribatutasunaren balio galtzea. Gizartearen aldaketarako konpromiso handiagoa dute (aldaketa klimatikoa edo feminimoa, kasu) eta kolektibo ezberdinetakoak izanda inklusiboagoak dira. Online formakuntza edota edozein une, toki eta dispositiboetatik eskuragai dauden eta bisualak diren edukiak kontsumitzen dituzte. Honek lanerako oso gaituak egotea dakar, baina ez dute edozein lan nahi. Esaterako, gizartearen erronkei lotuta, xede edo jomuga bat duten lanpostuak bilatzen dituzte.
Orain ekarri burura gure inguruko enpresetan gaur lanean ari direnak eta euren lanpostuak. 2035ean Alpha belaunaldiko goierritar gazte batek sartu nahiko du enpresara eurekin lan egitera?