Segundo batean

Xegun-AltolagirreXegun Altolagirre Gidoilaria eta sortzailea

Segundo bat. Bi. Beste bat. Hau laugarrena. Bosgarrena orain. Segundo hauek ez dira bueltatuko. Hau ere ez, ezta hau ere. Segundo batean bi milioi hirurehun eta  laurogei eta hamahiru mila laurehun eta hirurogei eta hamar posta elektroniko bidaltzen dira Eta behin hirurogei segundo igarota, minutua osatu dute. Baina zer da minutu bat? Minutu eskas bat? Minutu batean hirurogei hegazkin aireratzen dira. Bat segundo bakoitzeko. Minutu batean bihotzak batez beste hirurogei taupada izango ditu. Behin segundo bakoitzeko. Minutu batean lurrikara bat dago munduan. 12 aldiz kliskatzen ditugu begiak. Lur planeta mila zortziehun kilometro mugituko da. Lau milioi bilaketa egiten dira google-n. Ehun eta hamasei bikotek elkarrekin bizitzea erabakiko dute. Berrehun eta berrogei eta hamar haur jaioko dira. Kolibri batek lau mila aldiz eragingo ditu bere hego txikiak. Minutu batean hiru mila eta zortziehun tona zabor sortzen ditugu.  Ez ditut nik kontatu, google bilaketa horietako batean topatu ditut.

Poeta ezagun batek zioen, Mario Benedettik, minutu bakar batean bizitza oso bat amestu daitekeela. Inoiz ikasten badugu hain denbora gutxian zenbat gauza gertatu daitezkeen, orduan emango diogula behar beste garrantzia.

Beste filosofo batek berriz, Teofrastok, horrela zioen: «Denbora da pertsona batek gastatu dezakeen gauzarik baliotsuena». Eta hau nik, Xegun Altolagirrek, gehitzen diot, «…eta aurreztu ezin daitekeena». Aurrean dugun denbora hori orain eta hemen probesten ez badugu, ahaztu, galdu dugu. Kito.

Hartu arnasa segundo batean. Eman muxu ondoan daukazun horri (berak nahi badu). Kalean gurutzatzen zaizun horri egiozu irribarre, besarkatu, zergatik ez. Denbora badoa, bizitza badoa. Momentu bat besterik ez da. Tik, segundo bat, tak, beste bat. Tok, hirugarrena.

Denboraren makina izango bagenu eta denboran atzera bidaiatzerik bagenu, ezta? Inoiz barkatuko al diogu gure buruari galdu genuen segundo hura? Segundo haiek?

Pablo Milanesek kantatzen du, «denbora badoa eta zahartzen goaz…», baina esango nuke ez dela denbora zahartzen gaituena, galtzen dugun denborak zahartzen gaituela baizik.

Segundo bat. Bi. Beste bat. Hau laugarrena. Bosgarrena orain. Segundo hauek ez dira bueltatuko. Hau ere ez, ezta hau ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>