Eman eta jaso

Joseba-TelleriaJoseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea

Eman nahiz jaso,  jaso gabe eman, eman gabe jaso, emateagatik jaso, jasotzeagatik eman,  ez eman eta ez jaso,  ez jaso eta ez eman…  Korrelazioaren konbinaketa anitzak . Bakoitzak jakingo du non kokatu bere burua.  Ingurukoek ere izango dute zer esana horretan.  Gizarte modura ikusita, guk uste dezakeguna eta beste kultura batzuetakoek pentsa dezaketena ere, agian ez datoz bat.

Hau guztia, txakur jabeoi datozkigun ikastaroei buruzko irrati solasaldi batean entzundakoagatik. Irratsaioan aipatuak, txakur ikastaroez gain, 15 urtetik beherako haurrak baino maskota gehiago bizi dela espainiar estatuko etxeetan, horietatik gehiengo handiena txakurrak, ondoren katuak, hegaztiak, arrainak… direla,  mendebaldeko herrialdeetan ere, antzeko datuak daudela…

Honekin lotuta, gure jardunean, beste kultura eta herrialdeetako ikasleekin izandako eztabaida interesgarrietako bat datorkit burura. Behin, populazioaren inguruan, munduko jaiotza tasarik bajuenetakoak gure eremuan dauzkagunaren zergati posibleak aztertzen ari ginela, eskuartean generabiltzan arrazoi ekonomikoak, sozialak, kulturalak… ez ziren nahikoa askorentzat. Batik bat emakumezkoentzat. Euren ustez, orain beraiek bizi diren gizarte hau, ematen baino jasotzen dago ohituago. Halako jaiotza tasa bajuak izatea horren adibidea dela gaineratuz. Ulergaitza zitzaien, adibidez, paseoan txakur gehiago ikustea ume kotxeak baino. Salbuespenak salbuespen, maskotengandik, eman baino gehiago, jaso egiten dugula  iradokiz eta umeengandik, aldiz, alderantziz. Uste hori zalantzan jartzea alferrikakoa izan zenaren susmoa geratu zitzaigun gainerakooi.

Kontuak kontu, 2021ak 16 ume ekarriko  dizkigu Seguran. Aspaldiko  kopururik handiena.

Honainokoa gaurkoa.

Blai, buztanari eraginez daukat kalera ateratzeko zain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>