Troi bidea: mearen bideak ezagutuz

Mutiloako Meatze Barrutia ezagutu eta haren ustiapenak paisaian eragindako aldaketa ulertzeko aukera paregabea ematen du Troi errekaren bidea eta Bide berdea lotuz egindako ibilbide zirkular honek. Barnaola baserria da bien arteko ardatza.

Mutiloako Lenkaran auzotik gora dago Gipuzkoa meatzaritza gunerik garrantzitsuenetako bat, Ergoena auzoan: Mutiloako Meatze Barrutia. Baserri dotore, belardi eta basoz osatutako paisaia hori makina bat jardueren lekuko izan da urteen joanean. Nekazaritza, abeltzaintza, basoen ustiaketa, errotetako lana eta meatzaritza aldi berean landu izan dira inguru honetan, eta agerikoak dira jarduera horiek guztiek Peatza eta Ergoeneko magaletan utzitako arrastoak. Gaur egun bake eta lasaitasun eremu den paraje honek bestelako bizi-martxa bat ezagutu zuen Erdi Arotik hasi eta XX. mendearen bukaerara bitarte: meatzaritzarena.

Seguran 1335ean eman zen Burdinolen foruak argi dio ordurako Mutiloan burdina ateratzen zela. Horren lekuko dira Apaolatza edo Lekanburu inguruetan ikus daitezkeen meatzaritza lanen hondakinak eta zepadi ugariak. Garai haietan meatzeak ustiatzea libre zen gipuzkoar guztientzat, baina ez haien jabetza. XIX. mendearen amaieran hasi ziren meategiak modu antolatu eta sistematikoan ustiatzen. Kapital ingelesa zuen Orconera Iron Ore Company LTD izan zen inguru honekin interesa azaldu zuen lehen konpainia. Hala ere, Compañia Minera de Mutiloa S.A. izan zen, 1894 eta 1897 urteen artean, ordura arte partikularren esku egonak ziren kontzesioak eskuratu zituena.

Behin betiko itxiera 1993. urtean

Ibiltari__Troi_bidea_eta_B(2)

Mañastegizaharreko mea garbitzeko lantegiaren hondakinak

Konpainia horrek produkzio sistema berriaren premiak asetzeko beharrezko zituen azpiegiturak eginarazi zituen: plano inklinatuak, mea ikuztegiak eta dekantazio baltsak… eta horiekin batera, eskola, kantinak eta bulegoa. Egitura horiekin Ergoena auzoko mendi magala bete eta eraldatu zuen. Konpainia hori izan zen, halaber, Mutiloa-Ormaiztegi meatze trenbidea eraiki, eta Mutiloako mearen –baita Zeraingo Aizpeako mearena ere– garraioari behin betiko irtenbidea aurkitu ziona. Garai hartan, Ingalaterrako eta Frantziako galdarategi handiak hornitzen zituen Mutiloako meak. Konpainia horrek 1927an bidali zuen azken mea karga.

1930eko hamarkadan, kapital alemaniarreko Compañia Minera Aralar S.A.-k azaldu zuen interesa meategi hauekiko. 50eko hamarkadan, berriz,  Patrizio Etxeberriak enpresak ekin zion mea ateratzeari, eta eraiki berriak zituen belaki burdin labeak hornitzeko lain burdin mea eskuratu zuen. 70eko hamarkadan, Exminesa enpresa kanadiarrak ekin zion Mutiloan mea ustiatzeari, Troiko meategitik burdina erauziz. Garaiko teknologia puntakoenak erabili zituen konpainia horrek, ingurua eta paisaia erabat aldaraziz. Horren lekuko dira akuiferoen ibilbidea aldatu izana eta Ormaiztegiko Estanda erreka kutsatu izana. Lurraren ezegonkortasunaren ondorioz, lur-jausi bat izan zen meategi barruan 1993an, eta meategia behin betiko itxi zuten.

Iragana ezagutzeko ibilbideak

Natur eta kultur ondare horrez jakitun, 1990ko hamarkadan ikergai bihurtu ziren Mutiloako meatze paisaiak eta haren aztarnak, eta 2005ean baliabide horiek sustatu eta ezagutarazteko lehen egokitzapenak egin zituen Mutiloak Ergoena, Peatza eta Gezurmuñon. Ormaiztegi izan zuen bidelagun zeregin horretan. Troi bidea da eremu hori ezagutzeko ibilbiderik aproposena.

Plazatik Lenkaran auzora hartu, eta lehen hamar minutuak errepidez egin ondoren, ezkerrera egin beharra dago bidezidorra hartzeko. Troi erreka eskubitara dela, Barnaola baserrira ordu erdi eskasean iristen da. Aurrez, meatze barrutiko bi dekantazio baltsaren dikeen egiturak eta biltegiratze eta garraio egiturak ikusiko ditu ibiltariak. Barnaolan Joxe Manuel Arrieta (Mutiloa, 1935) dago zain, Iñaki Zabalo iloba eta Iñaki Ugalde alkatearekin batera.

Barnaolatik Mañastegizaharrera

Ibiltari__Troi_bidea_eta_B(1)

Troiko mea galeria bat.

Hiru bizitzatako baserri bikaina zen Barnaola, bere egunean bulego eta ostatu bihurtu zutena. «Goiko pisuan daude bulegoak, eta enkargatua bertan bizi zen. Haren makila ere bada mandioan, inor eraman ez badu behintzat!». Bertako jatorria du Arrietak, eta aitari entzundako kontuak –frenatzaile lana egin zuen meatzeetan– eta hark ikusitakoak gogo biziz kontatzen ditu. Ibilbide honetarako egindako bideoan entzun daitezke denak. Berrehun metro gora eginez, Kantina zenaren hondakinak daude. Leku horixe zen meatzeetako langileek eta Ergoeneko bizilagunek elkarrekin egoteko erabiltzen zuten tokia. Hortik gertu dago auzoko neska-mutikoentzat eraiki zen eskola.

Bidean gora segiz, beste 20 minutuan iristen da Mañastegizahar baserrira. Haren goenean, mea prestatu eta garbitzeko lantegi bat eraiki zuten, meatzaritza lanaren ideia bat egiteko leku aproposa. Errepidea zeharkatu, eta 10 minutuan, Troiko galerietara iristen da bidezidor estu batzuei jarraituz, eta beste bost minutuan Gezurmuño erauzteko gunera, ibilbide honetako puntu gorenera (490 metro). Peatzarako bidea eskubitara utzi, eta ezkerretara behera eginez, Mañastegizaharrera ailegatzen da atzera, igotako bide beretik Barnaolara jaisteko.

Mutiloara itzulera Lierniatik

Barnaola eta Ormaiztegiko Danborre deskarga gunea lotzen duten Bide Berdea –garai bateko meatze trenbidea, ia 5 kilometrokoa– 2007an ireki zuten. Liernia auzotik igarotzen da, eta Liernia azpikoa baserrira iritsi aurretik dagoen bidezidorretik jaits daiteke Mutiloara.

Kontuan hartzeko

  • Troi erreka. Troi meategiaren muinean sortzen da, 500 metroko garaieran. Ondo kontserbatutako erribera landaredia du beheko arroan: haltzak, hurritzak eta lizarrak dira nagusi, baita horiei elkartutako fauna interesgarria ere. Mutiloako herrigunean Zerain erreka batzen zaio, Mutiloa erreka izena hartuz, eta Segurara iristean Orian isurtzen ditu urak.
  • Bide Berdea Ormaiztegiraino. Ibilbide honetan Barnaolatik Lierniara bitarteko zatiari egiten zaio aipamena –2 kilometro inguru–, baina Ormaiztegiko Danborre eremuraino 4,2 kilometro da mea garraitzeko eraiki zuten trenbidea baliatuz eraikitako Bide Berdea.
  • Bi ostatu bidean. Ibilbidearen hasieran nahiz bukaeran Mutiloako Ostatuan eskaintzen dute taberna-jatetxe zerbitzuaz balia daiteke ibiltaria. Lierniako gainean, berriz, ikusmira paregabeko Mujika jatetxea dago.
  • Meatzaritzaren webgunea. Mutiloako Meatze Barrutiari buruzko informazio osatuena udalak ondutako mutiloakomeatzaritza.eus webgunean aurki daiteke. Meatze eremu bakoitzeko informazio zehatzaz gain, inguruan egin daitezkeen ibilbideen fitxak dakartza.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: Bi ordu / Bi ordu eta erdi
  • Luzera: 9 kilometro
  • Desnibel metatua: 500 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>