Ruth Idiakez Alberdi ezkiotarrak ingeniaritza agronomoa ikasi zuen eta elikadura industrian espezializatu zen. Palentzian eta Bartzelonan egin zituen ikasketak. 17 urte daramatza Oñatiko Natra enpresan lanean.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Ahal dudanean, familiarekin ibilalditxoak egitea. Bestalde, duela gutxi Ezkio-Itsasoko abesbatzan abesten hasi naiz. Beti gustatu zait abestea.
Solfeo ikasketak egin al zenituen?
Solfeoa eta pianoa ikasi nuen. Piano ikasketak laugarren mailan utzi nituen. Etxean pianoa dugu eta noizean behin jotzen dut.
Gustuko liburua?
Ken Follett idazlearen Los pilares de la tierra. Aspaldi irakurri nuen. Oso gustura.
Pelikula bat?
Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp fiction. Gehien txunditu nauen pelikula izan da. Musikarengatik eta gainontzeko guztiagatik.
Musika talde bat edo musikari bat?
Beti Hertzainak zalea izan naiz. Egungoen artean, Izaro.
Abesti bat?
Izaroren eta Mikel Urdangarinen Errefuxiatuena.
Kolore bat?
Morea.
Oporretarako toki bat?
Jende askorik gabeko toki lasai bat.
Zer gosaltzen duzu?
Gosaria garrantzitsua da niretzat. Fruta, tostada gurinarekin eta marmeladarekin eta kafesnea gosaltzen dut. Asteburutan bi kafesne hartzen ditut.
Zure bizitzako egun bereziena?
Seme-alaben jaiotze egunak.
Goierriko txoko kuttuna.
Murumendi asko gustatzen zait. Mitologiarekin duen loturagatik eta Ezkiotik oinez joan daitekeelako.