Elixabete Garmendia • Kazetaria
Zapatu goizean, sukaldetik soinu bat aditzen zen, etxearen beste aldetik zetorrena. Mugikorra ote? Ba ez, soinua etxepetik zetorren: Donostiako Txistulari Banda kalejiran zihoan –behingoz– gure auzoan, Jose Ignazio Ansorenaren estiloko pieza dotore bat jotzen. Asteburuari hasiera emateko aparta.
Igande goizean, Segura-Zegama bidegorrian gindoazela, musika bat hasi nintzen entzuten. Aurreraxeago zegoen artaldetik zetorren: marka gorridun ardiak, Urbiatik-edo jaitsi berri izango ziren, eta soinean zeramatzaten oraindik zintzarriak. Batzuen nota altuak eta besteen nota baxuak tartekatzen ziren –dunbarik ez–, elkarri erantzunez bezala, belarra jateko mugimenduaren erritmora. Ttakun-ttakunaren antza hartzen zuen piezak.
Bidean aurrera gindoazela, txantxangorria kantuan! Nire lagunak esaten du udazkenean txantxangorria melankoliak jotzen duela, eta baliteke. Kontua da jendartera hurbiltzen dela, nahiz eta kuriketan bezala ibiltzen den, orain agertu, hurrena ezkutatu. Poliki-poliki konfiantza hartu eta negu betean gehiago erakutsiko du bere burua, bidera irtenda. Paraje horietan oraindik erreka den Oria gazteak osatzen zuen sinfonia, tarteka ur-laster –xume– bihurtuta.
Banda musikal horren gainean, udazken zantzuak paisaian: sagastiak –kuadrilla bat sagar biltzen–; arta-soroak helduta; intxaurrondoak belztutako oskolekin; hori-gorritzen hasitako norte-haritzak… Masustak helduta, lahar artean ezkutatutako mahats basa mikatza… Sinfoniaren gainean –edo oinarrian– koadro ugari, errealismoa eta inpresionismoa tartekatuz; baita abstrakzioa ere: Aizkorri lainoek irentsita zeukaten.
Leize zuloetako marrazkietan abereak dira nagusi; horiek ditugu historiaurreko artearen protagonistak. Musikari dagokionez, kantuaren sorreran, abere horiek egiten zituzten orroen imitazioa egon zitekeen, ezta? Eta txorien kantuena, jakina. Irrintzia garbi dago nondik datorren. Telmo Esnalek Dantza filmean perkusio hutsez dantzarazten ditu zomorroen imitazioa –Juan Antonio Urbeltzen eskolari jarraituz– izan zitezkeen haiek. Perkusioa lan-tresnetatik sor zitekeen, ala? Bide batez, lan nekeza arintzeko, eta talde-lana egituratzeko. Negarra isiltzeko kulunkatu egiten da umea besoetan, loooooo! kantatuz eta dantzatik dezente daukan mugimenduan; ez da zaila eszena hori bera imajinatzea leize zuloan. Puntu honetara iritsita, berez dator ondorioa: arragoa beretik letozke artea, musika, kantua eta dantza.
Tira, hau bidegorriko ibilia besterik ez zen, Segura-Zegama joan-etorria. A! Oparitu zizkiguten sagarrak, ez kloniko horietakoak, bakoitza bere forma, neurri, kolore eta usainarekin ondo bereizita, oso gozoak!