Ekologikoa logikoa da

Ekologikoa-2

Biolur elkarteak ekoizpen ekologikoari babesa ematen dioten 44 bazkide ditu Goierrin, eta horietatik gehienak ekoizleak dira. Seguran egin berri duten topaketarekin bat egin dute ‘Gure lurriña’ bazkidetza kanpainarekin.

Zopazoka izenarekin Seguran ostegun arratsaldeetan egiten hasi berri den feriaren hitzordua baliatuz, ekologikoan ekoizten duten Goierriko nekazariak familia argazkia ateratzeko elkartu dira urriaren amaieran. Argazkia ateratzea baino, helburua beste bat zen, ordea: babes eta elkargune duten Biolur elkartearen Gure lurriña kanpaina aurkeztea. Gizarteari elkartearen berri ematea, eta bazkide berriak erakartzea dira kanpainaren helburuak.

Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko irabazi asmorik gabeko elkartea da Biolur, 1993an sortutakoa. Ibilbide luze horren ondoren, modu ekologikoan lan egiten duten lurraldeko nekazarien, abeltzainen eta okinen erreferente nagusia da gaur egun. Guztira 278 bazkide ditu, eta horietatik 125 bazkide ekoizleak edo baserritarrak dira, eta beste 153ak, bazkide herritarrak. Goierrin, 44 dira Biolurreko kide, eta Gipuzkoako gainerako eskualdeei dagokienez, hauxe da banaketa: Debagoienean 56, Urolan 47, Debabarrenean 31, Tolosaldean 23 eta Donostialdean 55. Gipuzkoatik kanpora elkartea babesten duten beste 22 biolurkide ere badira.

‘Gure lurriña’ zabaltzea

Elkartea indartu nahi du orain Biolurrek, eta nahi horretan kokatzen da  Gure lurriña kanpaina. Jendeari bere jardunaren berri eman eta bazkide egiteko gonbita luzatu die, «euskal herrian elikadura burujabetza lortzeko eta agroekologiaren bidea egiteko». Gaurko krisi ekologikoaren eta sozialaren testuinguruan, «eragile zein norbanako bakoitzak ditugun erantzukizunez jabetzeko eta ekintzetara pasatzeko» garaia dela uste du elkarteak.

Elikadura burujabetza lortzeko bidean lau erronka ikusten ditu Biolurrek: elikadura osasungarria eta eskuragarria bermatzea, nekazaritza jasangarria garatzea eta landa eremu biziak sustatzeko lehen sektoreko erreleboa edota nekazarien lanaren duintasuna bermatzea. Gipuzkoako elkarte horrek «elikadura osasungarria sortzetik eta nekazaritza iraunkorretik» heltzen die erronka horiei, baina modu kolektiboan heldu behar zaiela uste du. Hortik dator bazkide gehiagoren beharra.

Bazkidetza kanpainari Gure lurriña izena jarri diote,  «gure lurriña zabaltzea, gehitzea eta saretzea nahi dugu». Elikadura burujabetza ardatz hartuta, ekonomia sozial eraldatzailea, tokikoa, jasangarria eta bertako lurrean eta herrietan errotua garatzea da Biolurren jarduna, eta horretan bidelagun izateko gonbidapena luzatzen du.

Lau lan lerroko jarduna

Ekologikoa-3Orokortasunetik zehaztasunera etorrita, Biolurrek hiru teknikari ditu eguneroko lanari heltzeko. Horiez gain, baserritarren lan boluntarioa eta beste hainbat kideren laguntza du. Guztien artean, lau lan lerro  jorratzen dituzte.

Baserritarrei arloz arloko aholkularitza teknikoa eta formakuntza da bat. Baratzegintzan, abeltzaintzan, frutagintza, okintzan…  ekoizpenari lotutako arazoren bat daukanean, dagokion teknikariarengana edo gainontzeko baserritarrengana jo dezake. Teknikariek, gainera, tarteka bisitak egiten dituzte baserrietara eta formakuntza saioak ere antolatzen dituzte bazkide zein ez bazkideentzat. Bestetik, jardueraren bat martxan jarri nahi duenari «babes handia» eskaintzen diote, teknikarien aldetik eta gainerako baserritarren aldetik, «guk argi baitaukagu, zenbat eta ekoizle edo baserritar gehiago, hobeto».

Nekazaritza ekologikoaren aldeko sentsibilizazio lana da bigarren lan ildoa. Hala, ekoizpen eredu horrek naturan eta kontsumitzaileen osasunean eragiten dituen onuren berri emateko hainbat ekimen egiten ditu urtean zehar, azoka ekologikoak horien artean.

Hirugarrenik, erakundeekiko harremana dago, «baserritarren eta erakundeen arteko bitartekari lana, eta agroekologiaren aldeko apustu politikoa». Azkenik, EHKOlektiboa, ENEEK-Ekolurra, Neiker edo  Lurgintza  bezalako eragile batzuekin,  arloz arloko proiektu ezberdinetan hartzen du parte, eta, besteak beste, gazteen instalazio prozesuetan ere laguntza eskaintzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Aleka, Duina baratze ekologikoen bideragarritasunerako lanketa kolektiboa, Zaldibiako Goizane eraldaketa zentroaren dinamizazioa edo Hazitik Ogira dira Biolurrek babestutako proiektuetako batzuk.

Herritarrak Biolur babestuz

Maquetación 1Filosofia eta teoriatik harago, giza faktorea da Biolurrek duen beste zutabe bat, bazkideak hain zuzen. Bi eratako bazkideak ditu, ekoizleak alde batetik, eta bestetik, kontsumitzaileak edo bazkide herritarrak.

Lazkaon bizi den Rosa Bueno legorretarra da azken horietako bat. Duela 15 bat urte Zumarragako azokara senarrarekin batera joandako batean hartutako erabakia da. Han ikusi zuten nekazariak «zein pertsona konprometituak diren, lurreko produktuekiko duten errespetua…», eta bazkide izateko aukera zegoela jakinda,  hala hartu zuten erabakia. «Jaten duguna inportantea da gure bizitzarako, eta kontuan izan behar dugu lurretik bizi garela. Alde handia dago baserritar hauek ekoizten dituzten eta denda handietan erosten dituzun produktuen artean. Lasaiago jaten dituzu».

Biolurren filosofiarekin bat egitetik harago doa Buenok duen konpromisoa, eta kontsumo talde bateko saskia jasotzen du astero. Horrez gain, elkarteak kaleratzen duen Gure lurriña aldizkaria ere jasotzen du, eta parte hartu izan du hainbat bilera eta tailerretan.

Babesa eta aholkularitza

Maquetación 1Herritar honek babesten dituen ekoizle horietako bat da esnekiekin lan egiten duen Judit Garcia. Olaberrian dute ustiategia, hamar esne behirekin. Aurrekoengandik baserria «jaso» zutenean eman zuten alta ekoizpen ekologikoan. «Ekoizpen ekologikoak produktu ekologiko hori erosten duenari bermatzen dio ekoitzi dela kimikorik gabe, trasgenikorik gabe, animalien ongizatea zainduta…». Trantzisioa  «nahiko erraza» izan zela gogoratu du, eta Biolurrek emandako aholkularitza eta laguntza azpimarratu du. Elkarteak antolatzen dituen ikastaroek eta tailerrek, azoka ibiltariek, bisitek edo topaketek duten garrantzia ere aipatu du.

Biolurrek «babesa» ere ematen die, eta horrelako elkarte batean egotea «ezinbestekoa» dela dio, ekoizle ekologikoen arteko sarea indartzen delako, eta hori «oso inportantea da nekazaritza ekologikoa hedatzeko gure lurraldean». Bestetik, kontsumitzaileak ekologikoa kontsumitzean «zer bultzatzen ari diren» ikustea ere garrantzitsua dela uste du, eta alde horretatik dei egiten die kontsumo ohiturak aldatzera eta, bide batez, Biolurreko kide egitera.

Ekoizpen mota jasangarri bakarra

Maquetación 1Zeraingo Mendarte baserrian ekoizten ditu barazkiak Iñaki Intxaustik. Duela hiru urte hasi zen «ekoizpen nahiko sendoarekin», eta «oraindik bidea egiten» ari da. Hasieratik egin zuen ekologikoaren aldeko hautua: «Inguruko baserritarrak ezagutu eta haien laguntza jaso nuen. Biolurrekoak ziren, eta ni ere pentsakera berekoa nintzela ikusi nuen: ekoizpen txikia, agroekologia…». Bera ere Biolurren sartu zen.

Biolurrek «laguntza tekniko sendoa» ematen dietela nabarmendu du, eta horrez gain, «ekoizleok elkarren berri izateko» topaleku bat ere badela dio. Elkartean hainbat taldetan daude banatuta, frutazaintza, barazkizaintza, okintza eta ganaderitza, besteak beste, eta «elkarren berri izateak ahalbidetzen du erosketa komunak egitea, herri ezberdinetan egiten diren gauzak konpartitzea beste tokiren batean aplikatu ahal izateko… Oso baliagarria da».

Bestalde, Biolurrek gizarte mailan ekologikoa sustatu, eta ekologikoa den guztietan indarra jartzen duela dio Intxaustik. «Guk ekologikoan ekoizten dugu, baina kontsumitzailea konbentzitu egin behar da ekologikoan kontsumitzeko. Ekologikoa logikoa da, ekologikoa da bidea, ez dago beste biderik eta denborak hori erakutsiko digu, azken finean hori delako jasangarria den ekoizpen mota bakarra. Nik uste dut bertakoa, ekologikoa eta printzipio koherente batzuk edukitzea dela bidea».
Konbentzionaletik ekologikora

Maquetación 1Mutiloako Beñat Telleria gaztagilea inguruko ekoizle gazteenetarikoa eta  Biolur elkartean sartu den azkenetarikoa da. Behi gazta ekologikoa ekoizten du Odio baserrian, eta prozesu osoa ekologikoan egiten du, elikaduratik hasi eta salmentaraino. Duela hiru urte egin zuen aldaketa ekoizpen konbentzionaletik ekologikora, «garai bateko sistema delako». Alde horretatik, hemengo baserritar batzuek  zigilu ekologikoa ez badute ere, ekologikoan bezala ekoizten dutela esan du.

Biolurrek  aholkularitza eskaintzeaz gain, «forrajea edo pentsua erosteko kontaktuak, albaitari baten zerbitzua edo azoketan parte hartzeko aukera» ere ematen dio, «ekologikoan ekoizteko bidea errazten dizu, lagundu egiten du. Laguntasuna eta gure arteko elkartasuna da elkartean topatzen duzuna».

Ekologikoa, betikora itzultzea

Hariztizabal baserriko erreleboa hartzean, Itsaso Olabidek eta haren familiak ez zuten inolako zalantzarik izan ekoizpen ekologikoarekin jarraitzeko. Horrekin batera etorri zen Biolur elkarteko bazkidetzari eustea ere.

Maquetación 1Itsasora iritsi aurretik bazuten ekoizpen ekologikoarekin harremana, kontsumo talde bateko kide baitziren Legazpin.Produktu ekologikoak kontsumitzetik ekoizle ekologikoak izatera igaro ziren, «lehendik bat egiten genuen filosofia horrekin, baina orain barrutik ezagutzen dugu zer lan dagoen horren atzetik». Laster egingo dute hiru urteko bidea Hariztizabalen eta Biolurren barruan, eta «momentu oso gogorrak izan dituen arren, bizitzak berak ere hala ditu, oso une atseginak ere baditu, denok elkartzen garenean adibidez. Biolurren duela gutxi egin genuen batzarra, eta kide guztiak  elkartu ginen, oso aberasgarria izan zen, elkartasuna ikusten duzulako, aberastasuna».

Biolur «baserritarretatik sortu den elkarte bat da, gure artean laguntzeko», eta elkartasunaz gain, laguntza teknikoa ere aipagarria deritzo, «kristoren jendea dago hor».

Kontsumitzaileak ekologikoan kontsumitzeko konbentzitu beharraz ere hitz egin du. «Nire kasuan, okin bezala esan behar dut ogian alde handia dagoela pestizidarik gabe hazitako gari edo zereal bat erabiltzen bada, era natural batean hazitakoa, lur ez nitrogenatuekin…». Azken finean, «ekologikoa da gure arbasoek, beste tresna batzuekin erabiltzen zuten metodo berdina. Ekologikoaren aldeko hautua egitea betikora bueltatzea da».

278 biolurkide

Biolur elkarteak modu ekologikoan lan egiten duten lurraldeko nekazariak, abeltzainak eta okinak biltzen ditu. Guztira 278 bazkide ditu, eta horietatik 125 bazkide ekoizleak edo baserritarrak dira, eta beste 153ak, bazkide herritarrak.

  • Gipuzkoan
    • Goierrin 44
    • Debagoienean 56
    • Debabarrenean 31
    • Urolan 47
    • Tolosaldean 23
    • Donostialdean 55
  • Gipuzkoatik kanpo
    • Hainbat tokitan banatuta 22
  • Bazkide egiteko, hiru modu
    • Webgunea www.biolur.eus
    • Telefono zenbakia: 943 76 14 47
    • E-posta: biolur@biolur.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>