Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Youtuberen bideoak ikusterakoan agertzen diren iragarkietan bada bat, azkenaldian, sarri samar agertzen zaidana: emakumezko bat etsita, buruan darabilen doinu bati ezin antzemanda. Estilo batean baino gehiagotan tralaratzen ahalegintzen da, baina emaitza ezin ekarri, eta, iragartzen den aplikazioaren bidez azkenean, lortzen du ebaztea kanta Natalia Figueroa idazle donostiarraren senarrarena dela. Ez dakit bideoa denei agertzen zaien edo, algoritmoren batek aginduta, niri baino ez.
Hori argitzeko probek GoiBerri-ren webguneko Aliritzian ataleraino eraman naute. Gure artikuluen ikustaldi kopuruak ere ageri direla ikusi dut. Lehiakor-lehiakorra ez naiz, baina herenamona aizkolariren bat banuen Arriaran aldean, eta nire irakurle kopuruak besteenekin konparatzen hasi naiz, ia nahi gabe. Ondorioa mingarri samarra: nireak dira gutxien irakurtzen direnak. Hasieran pentsatu dut gai interesgarriagoei buruz idatzi beharko dudala, baina, irakurtzen ez nauenak nola jakingo du gai interesgarria dela? Beraz, irakurtzen ez banaute, entzun nazatela. Hiru urte eta erdi daramatzat doinu bat burutik ezin kenduta. Egunean zehar ez dut askotan entzuten, baina ia gauero bai.
Musika ezagutza txikiarekin eta mugikorreko teklatutxoek lagunduta, esango nuke 4x4ko konpasean sar daitekeela, eta hauek liratekeela lehenengo notak: Sol (zuria), sol (zuria), sol-la (kortxeak), sol-fa (kortxeak), mi (zuria), do (beltza), si (beltza), la (zuria, ondorengoari lotua), la (beltza, aurrekoari lotua), do (beltza), sol (zuria) eta jarraitzen du.
Elhuyarrek edo IXA taldeak edo Codesyntaxek-edo euskaldunon buruko musikei aterabiderik ematen ez dieten bitartean, hemen utziko ditut nire neuronotak.