«Kroseko garaipenak motibatu egin nau»

Mendia1Iraia Mendia Arrieta (Lazkao, 2003) pistako atletismo probetan lehiatzen aritu da azken urteetan. Aurten, belar gaineko lasterketetara itzultzea erabaki du. Lehen lasterketan eskuratu du garaipena, Donostiako Krosean, hogei urtez azpiko mailan. Pistan “inoizko denboraldirik onena” egin izanak eta entrenatzeko zailtasunek bultzatu dute belar gainera itzultzera. Aldi berean, medikuntzako gradua ikasten ere hasi da EHUren Leioako campusean.

Donostiako Krosa irabazi berri duzu. Nolako garrantzia du zuretzat garaipenak?
Probatzera joan nintzen. Aspaldi zen ez nuela krosik egiten eta animatuta nengoen. Azken urteetan pistan ibili naiz gehienbat. Emaitzak, bere horretan, askorako balioko ez didan arren, psikologikoki balio izan dit. Gehiago motibatu nau datozen lasterketetan zer egin dezakedan ikusteko.

Zein izango dira hurrengo proba horiek?
Orain arte ez neukan helbururik zehaztuta. Donostiako lasterketaren ondoren, aldiz, Euskadiko kros txapelketa hartu dut helburu gisa, abenduaren 12an izango da. Eta, txapelketako postuaren arabera, Espainiako txapelketara sailkatzen saiatuko naiz, baina presiorik gabe.

Zer moduz joan da pistako denboraldia?
Inoizko denboraldirik onena izan da eta ondo joan izan horrek motibatu ninduen denboraldia bukatu arren jarraitzera. Iraupen-erdiko lasterketetan aritu naiz, 800 eta 1.500 metroko probetan. Uztailean amaitu nuen denboraldia, Espainiako txapelketan.
Datorren urtean ere pista egiteko asmoa dut, baina, orain, pistara joateko denbora gutxiago dut. Horregatik ere probatu dut berriro krosa, moldatzea errazagoa egiten zaidalako.

Izan ere, medikuntzako gradua hasi berri duzu. Nola moldatu zara aldaketa horretara?
Hasi besterik ez naiz egin, baina, oraingoz, nahiko ondo. Hasieran gehiago kostatu zitzaidan bizimodu berrira egokitzea, dena batera aldatu zitzaidalako: aurreko urtean, Lazkaon, entrenatzeko erraza neukan, ikasteko ere bertan… Orain, ordca, Bilbora etorrita, etxetik urruti nago. Gustura nago pisuan lagunekin, baina desberdina da.

Nola hartzen dute pisukideek eta gelakideek egunero entrenatzera joate hori?
Pisukideek ezagutzen naute eta onartuta dute. Entrenamenduak klaseetara moldatzen ditut, baina, orain, talde lan asko egiten ari gara. Gelakideekin hitz egiten dut lanak lehenago amaitu ahal izateko, eta laguntzen didate. Ni ere saiatzen naiz nire entrenamenduak moldatzen, baina, bai, egia da ia egunero entrenatzen dudala. Niretzako garrantzitsua da eta saiatzen naiz, ahal den heinean, lehentasuna ematen. Kirolak  deskonektatzeko ere balio dit.

Korrika egiteaz gain, bestelako entrenamenduak ere egingo dituzu, ezta?
Bai, gimnasioko lana adibidez. Asko gustatzen zait, eta garrantzitsua iruditzen zait. Duela bizpahiru urte, nire entrenamendu-planean ez zuen garrantzi handirik gimnasioak, eta serio hartu nuenean, aldaketa handia nabaritu nuen.
Bestetik, astean behin, mendira edo txirrinduan ibiltzera joatea gustatzen zait. Orokorrean, edozein kirol dut gustuko, eta ahal denean, korrikaz aparte, bestelakoak egitea gustatzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>