«Txiki-txikitatik sufritzen ikasita egoteak eraman nau aurrera»

Joxe-Aierbe-3

Herri kirolen azken urrezko garaian, aizkora eta korrika uztartzen zituen espezialista onena izana da Joxe Aierbe Auzmendi (Ataun, 1943). Marka gogoangarriak jarri zituen. Mendiko eta basoko lana izan du erakusle. Mutikotan etxean segan zaildua, oinarri sendo horretan eraiki zuen geroko kirolari bizitza. Elikadura, prestakuntza eta esfortzu kontrola bazirenik ere ez zekitenean ezarri zuen eskola, maisu bihurtzeko.

Baserrian jaio zinen, eta bertan jarraitzen duzue.
Lauztiturrieta baserrian jaio nintzen. Ezkondu, eta San Gregorion hartu genuen pisua. Baina baserrian gaude berriz. Jaiotako lekua beti maite izaten da. Bizitza mendian egiten nuen nik. Baserrian, harik eta ezkondu arte; ezkondutakoan fabrikan hasi nintzen, hiru urte. Baina berriz mendira itzuli nintzen. Martin guarda etorri zitzaidan, mendian bazegoela lana: entresakak, garbiketak, landaketak edo matarrasetan jardun izan naiz. Lan gogorra da, baina gustatu egiten, eta gustura ibili gara.

Lanean txikitatik ohituta?
Bai, umetatik hasi nintzen. Aitak hemen morroiak zituen, baina ez zuten irauten, eta hamar urte neuzkanerako hasi nintzen aitarekin segan. Dena segan egiten zen: etxeko zelaiak, eta kanpora ere bai udan, diruagatik. Neguan ere, baserritik aparte, kamioiak egurrekin kargatzen nituen. Dirua zegoen tokira; bizimodua atera egin behar zen eta. Txiki-txikitatik sufritzen ikasita gaude, eta horretxek eraman nau aurrera. Lanari, beldurrik ez. Asko egin, eta gehiago egin nahi gainera. Hori ere ez da ona baina…

Kirolean ere, lan gogorrean ohituta izatea mesederako izan zenuen?
Nire kirola lana izan da. Astean zehar denbora gutxi pasatzen nuen alferrik, eta, kirola gustatzen zitzaidanez, astebukaeran korrika edo mendira joanda aizkoran aritzen nintzen. Astean lanean leher eginagatik, jaian deskantsuan ez nintzen geratzen; mendira joan eta pago zaharren bat bota, edo korrikan… Nire prestaketak horiek izan dira.

Kirolari noiz heldu zenion serio?
Hamalau urterekin; lehendabiziko, Ataunen. San Gregorioko festetan korrika irabazi egin nuen. Gero, urtero izaten zen, eta bederatzi urtean korritu, eta bederatzi aldiz irabazi nuen. Ataungo Aian ere bai. San Martingo Aizkoate elkartea etorri zitzaidan gero, korrikalariak nahi zituztela eta. Eraman ninduten eta taldea sortu zuten, eta hor ibili ginen, soldadutza aurretik.

Zer moduzko emaitzak lortu zenituen korrika probetan?
Lehenengo karrera Tolosan korritu genuen, eta irabazi. Gero, Donostian Elola Trofeoa, eta irabazi; Real Sociedad Proba zen bestea, Espainia mailako urte hartako debutariena, eta irabazi nuen. Onenekin, Donostian Kontxan jokatu nuen. Maizekin eta horiekin atera nintzen, eta 3. egin nuen. Hurrena Gimnastica Ulian, onenekin han ere; Corcuerak irabazi zuen, nik 5. edo egin nuen. Ia belaunarekin kexatzen hasi nintzen han. Elgoibarren, onekin, Batty ingelesak irabazi zuen, bigarren Hill, eta nik 11. egin nuen. Baina ordurako belaunarekin lanak nituen entrenatzeko eta. Lasarten ere egin nuen krosa.

Joxe-Aierbe-1«Etxean lana egin eta korrika, bietan ez zegoen segitzerik. Argal egon behar zen korrikarako, gainera. Apusturen batzuk pentsatu nituen orduan»

«Arabako txapeldun ziren Martin Fizi eta Zurdo de Nafarreteri neuk bakarrik irabazi nien, korrika eta aizkoran»

Lesioren bat izan al zenuen?
Belaunarekin Etxebarren medikuarengana joan nintzen, San Martingo medikuarekin. Deskantsatzeko esan zidan, bestela lesio txarra etorriko zela. Herriko medikuak esan zidan Madrilera ezingo nuela joan, baina nik joango nitzela, eta hala joan nintzen. Espainiako Txapelketa zen, Madrilgo Casa de Campon. 1965ean izango zen hori. Han atera nintzen; behetik gorantz ondo sentitu nintzen; gainera, alde ere egin nuen. Baina gainbehera hasi nintzenean… Hala bukatu nuen. Halako minik ez dut pasatu sekula. Igeltsatu, eta denboraldia akabo. Lesioa latza neukan.

Noiz arte segitu zenuen korrikalari?
Soldadu joan nintzenean ere karrera asko korritu genituen. Irazu korrikalaria eta biok ibiltzen ginen, aurrena eta bigarren. 1966an lizentziatu nintzen, baina aurretik, A Coruñan, militarren Espainiako Txapelketa neronek irabazi nuen. Etxera etorri, eta Donostiara joateko abisatu zidaten, Anoetako pista zaharrean 3.000 metro oztopoen karrera baterako. Miguel Alcarazek zeukan marka, eta neronek irabazi nuen, baina lehiaketatik kanpo. Alcaraz zen onena.

Zerk utziarazi zizun kroslari ibilaroa?
Etxean lana egin eta korrika, bietan ez zegoen segitzerik. Argal egon behar zen korrikarako, gainera. Apusturen batzuk pentsatu nituen orduan. Basoan alertze pinudi bat bageneukan, eta haiek ateratzen aita zenarekin nenbilela, esan zidan Tolosako Lizasok Alberdiri jo behar niokeela apustua. Horiek Txikito de Arruizekin ibiltzen ziren. Pentsatzen, pentsatzen, laguna ere hala moduzkoa neukan, eta beragana joan eta aizkoran eta korrika egin genuen apustua. Irabazi nion. Harrezkero, 30 apustu baino gehiago jokatuta egongo naiz.

Lan luzeetan trebatu zinen, aizkora eta korrika uztartzen ziren probetan.
Nire kirola korrika zen, egia esan. Karga hartu nuen gero, eta ezin korrikarako. Neure kasa entrenatzen nintzen. Etxebesteri apustua bota nionean bai, serio prestatu nintzen. Aizkoran hamalau 60 ontzako eta korrika 14 kilometro. Bi hilabete pasatu nituen gogor prestatzen, baina hala ere nahikoa denbora gutxi zen lan haiek egiteko. Basoan leher egiten eta behin ere prestatu ez, eta kapritxoa hartu nuen. 42 urte neuzkan.

Zure eskola zein izan da?
Basoa eta baserria. Gustura ibili izan naiz mendiko lanarekin.

Eta maisu?
Aldameneko lagunak. Baina haiek mendian nik baino gutxiago zekiten. Ilusioa bazeukaten, baina besterik ezer ez [barrez]. Egurra jarri behar nuenean ere, neronek. Etxera ez dut ekarri sekula kamioi bat egur txikituta. Beti kirola gustatu, eta segi, apusturen batzuk tarteko.

Aizkorako teknika?
Berehala hartu nuen, baina nire kasa dena. Txapelketan, onenekin, aizkoran batean 4. eta bestean 5. egin nuen. Bilbon Mindegia eta Arria falta ziren, beste denak baziren. Ugarteburuk egin zuen 4. orduan, eta nik 3. Irabazi Arria III.ak, eta Mendizabal bigarren. Tolosan, bi aldiz joan nintzen, eta batean 4. eta bestean 5. egin nuen. Arrospide aurretik zen orduan, azaltzen orduantxe hasi zen. Mendian botatzen bazenuen kanaerdikoa, plazara joandakoan 80koa moztera ere iristen ginen. Egur handia ebakitzeko, egur handiak moztuta joan behar du. 40 bat urtera ailegatutakoan, begia ere izurratu nuen, eta Etxebesteri jo nion azkena. Gero, Elorriagari eta Santi Lizarraga zaldibiarrari ere jo nien, biei, eta irabazi. Baita Erreztibasoko aita-semeei ere, aizkoran biak txanda librean, eta gero semea korrika. Ni bakarrik bien kontra.
Martin Fizi eta Zurdo de Nafarreteri ere jokatu nien. Fiz Arabako txapelduna zen korrika, eta bestea aizkoran. 10 kanaerdiko eta 10 kilometro. Jokatu, eta biei irabazi nien.

Joxe-Aierbe-4«Ura edatea txarra zela esaten zen orduan. Tantanik edan gabe, beste mundutik bueltan ibili nintzen. Bukatu egin nahi, eta ezin bukatu proba»

«Plaza-gizona ondo prestatzen denean izaten da. Ondo prestatzen ez denean, beldurra eta kezka edukitzen da»

Apustuek gauza asko mantendu dituzte herri kiroletan, ala? Lehiaketak ala apustuak zenituen nahiago?
Nik, apustuak. Giroa jartzen dute, ikusteko eta. Hori da, gainera, herri kirolen jatorria. Horrek ekarri gaitu gu. Jendea ere mugitu egiten dute apustuek. Orain ere jendea joaten da, baina lehen gehiago. Lehengo zaharrek afizio ikaragarria zuten. Beti izaten ziren komentarioak.

Kirolari modura, nolakoa izan zara? Prestakuntza etxekoa esan duzu; gorputzez zer kualitate zeneuzkan?
Nik beti petxu ona izan dut, eta deskantsu txikiren bat harrapatzen nuenean, nire buruari kristoren paliza ematen nion. Gainera, egur handia eman, eta oraindik handiagoa emateko gogoa. Hori entrenatzaileen kontrolarekin behar du; gu batere kontrolik gabe ibili gara. Ondo dagoenak dena eman egiten du, baina gero errekuperatzen lanak.

Paliza handiak hartutakoa al zara?
Ene! Kristoren palizak hartutakoa. Txikito de Arruizen marka haustera joan nintzen garaian, 25 urte edukiko nituen. Ariztimuñori jokatuta nengoen aurretxoan gainera, Tolosan 12 kanaerdiko eta 12 kilometro. Arruizena haustera joan, ekainaren 14an, zapatu arratsaldea zen, eta trumoi giroa eta bero egiten zuen. Artolak esan zidan: ‘Bero egiten dik, eta nahi baduk biharko utzi’. Dudan egon nintzen, baina hurrengo egunean ere ez zuela bero txikiagoa egingo, eta proba egitea pentsatu nuen. Halako kalbariorik ez dut pasatu. Bukatu egin nahi, eta ezin bukatu. Bero, eta ur tantanik edan gabe, likidorik gabe: 20 kanaerdiko eta 20 kilometro, segidan.

Lan hori guztia likidorik hartu gabe? Astakeria dirudi, oraindik begiratuta.
Tantanik edan gabe, eta beste mundutik bueltan ibili nintzen. Ura edatea txarra zela esaten zen, garai hartan. Nik ura izan banu…! Orduan urik edan gabe egiten zen proba guztia. Garai bateko ezjakin kontuak. Gainera, mediku batengana joan nintzen, eta agindu zidan egun horretan aurretik platerkada baba eta kilo erdiko txuleta jateko, lan handiak zirela horiek eta. Hala dira lanak, baina haiek bueltaka ibil hadi! Pena bat daukat: medikuak emandako menu hori lagun bati utzi nion, bestela erakutsiko nizun.

Ez hidrataziorik, ez janik zaindu. Eta hala ere egundoko markak jarri.
Gero Iruntxiberriri jokatu nion segan, abantaila emanda. Han ere iguala egin nuen urarekin eta janarekin. Baina ezin. Lanak bukatu nituen, baina korrika ezin joan. Orduan ikasi nuen pixka bat nik. Harrezkero, nire buruari neurria hartzen nion. Zer jan, adi egon behar da. Egun guztian basoan lanean aritzeko bai, jan behar da. Baina lan horietan aritzeko, ez. Bihotzari egurra ematen zaio. Txikito de Arruiz ere gaizki ibili zen, baina hautsi nuen marka. Ez dakit nola bukatu nuen. Edade onenean nengoen.

Gaitasun fisiko onak edukiko zenituen. Neurtzen zizkizueten bihotza, biriken ahalmena, indarra?
Orduan ezer ez holakorik! Etxebesteri 42 urterekin irabazi nionean, Bilboko La Casillara eraman ninduten. Denak harrituta gelditu ziren. Makina bat mediku bai, eta denak harrituta gelditzen ziren. Perurenak ere esan zidan: ‘Moteil, hik Bizkai alde horretan mediku denak harrituta dauzkak’.

Plaza-gizona izan zara?
Bai, baina ondo prestatutakoan. Ondo prestatzen ez denean, beldurra eta kezka izaten da beti. Etxebesterengana joan nintzenean ez nuen beldurrik eraman. Lasai nengoen: ‘Dios, niri irabazi behar badit, egin beharko dik!’. Plazan lagun asko egin ditut. Ramon Iurrebaso zumarragarrarekin  makina bat erakusketa egin genituen. Gero Mugertza, Arria, Astibiarekin ere bai. Orain Iñaki Azurmendiri laguntzen ibiltzen naiz.

Lanerako edo jairako, beti aizkora eskuetan

Joxe-AierbeLauztierreka bailara ezkutuan geratzen da, Ataun San Gregoriotik. Bi kilometroan gora joan, eta azken aurreko baserrian sortua da Joxe Aierbe. Aizkora esku batean eta zorroztarria bestean, Azurmendirentzat prestatzen ari da tresna. Ez dio utzi aizkorari, nolabait. Orain, 79ra bidean –otsailean beteko ditu–, beren burua zaindu beharra dagoela dio.
Bailara gorde hartatik, ordea, Euskal Herri gehiena ezagutu du Aierbek. Korrikalari lehenik, aizkolari gero, eta biak batera denbora gehienean, herri kirolari ospetsu izan zen. Indarra, kemena eta abildadea beste neurgailu batzuekin neurtzen ziren garaikoa da, baina orduan ere neurri oso ona eman zuen.

Igandean beteko dira 45 urte Gasteizen herri kiroletako ‘euskal maratoia’ deituriko proba entzutetsua egin zuenetik. 1976ko azaroaren 21ean, zezen-plazan, 20 kanaerdiko ebaki eta 20 kilometro korrika ezarri zuen egundoko marka. 2017an hautsi zuen Arria V.ak; ez sobera handiarekin, hala ere: 12 segundo gutxiago, soilik. Orduan, Aierbek Arria izan zuen lagun.

Proba hura prestatzeko ez zuen denbora askorik izan, azaroaren hasieran esan baitzioten. Azazetara igo, basoan kanaerdiko enborrari hogei mozketa egin, eta mendian korrika egin zuen lehen entrenamendua. Behera jaitsi, eta Arriaren kotxearen atzetik, Gasteizeraino segitu zuen. ‘Ez daukak kuidado handirik lan horiek egiteko’, analisi guztia.

Beste saio bat egin zuen, Zunbeltzen, Lizarraga gainean. Basozainak harrapatu zituen ia-ia, egurketak ez baitziren ofizialak. «Horiek ziren nire preparatiboak». Probaren aurretik, min hartu zuen hankan, gainera, Arriaren etxean kamioia kargatzen ari zela. Jarri zen plazarako, ordea. Hainbeste eragozpen eta denbora urritasun izan ez balira, 10 minutu berak jaitsiko zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>