Ostiral beltza?

Uxue-FernandezUxue Fernandez Lasa Irakaslea eta kirolaria

AEBetatik inportatutako Black Friday bezala da ezagun azaroko laugarren ostirala. Gure egutegi eta herrietan ere esponentzialki zabaldu da data hau azken urteetan eta neurri berean errotu da gizartean kontsumo konpultsiboa, kontsumo-ohitura xahutzaileak dituena oinarri, funtsean, sistema kapitalistaren eredua elikatzen jarraitzeko beste amarru bat gehiago.

Plataforma erraldoi, multinazional, merkataritza kate handi eta konpainia ez hain handiek ere boladatxo bat badaramate iragarki bonbardeoan (makinaria dena euren interesetarako ederki olioztatuta) erosleoi amua bota eta bota, guk noiz irentsiko, zelatan. Beherapen liluragarriak, mauka sinestezinak, eskaintza uholdea, deskontu kupoiak, opari txartelak eta beste hainbat estrategia gure diru-zorroak astindu, kontu korronteak argaldu eta euren irabaziak gizentzeko. Egun baten aitzakian, egunak salmentak igo helburuz. Emaitza, kasu askotan, begi bistakoa ere bihurtzen da, zenbait unetan erosleak itsu-itsuan ilarak egitera bultzatzen dituzte denden kanpoaldean edota webguneak gainezka jarri. Garai bateko merkealdiaren hasiera eguneko merkatal-denda handietako irudiak errepikatuko dira aurtengoan ere, seguruenik. Arrapaladan erostera bideratutako trikimailuak han eta hemen, ihes egiteko ahaleginean saiatuz gero ere atzetik jarraika, mandeuliak lez. Zer ezkutatzen dute halako egunek, zer dago plataforma, multinazional eta merkataritza kate handi horien atzean? Halako ekimenek zer bistaratzen dute, eta zer bihurtzen ikusezin?

Kontsumo arduratsua, kontzientea, gertukoa, tokiko saltokiak eta antzerakoak hitzetik hortzera darabiltzagun bitartean, etikoa al da egun hau indartzen jarraitzea? Nora eraman gaitzake? Agian, pentsatu beharko genuke dena izan al daitekeen hain beharrezko, merke, ona eta iraunkorra. Zeren eta noren gain egiten dira halako negozioak? Zein izan daiteke eredu honen alternatiba? Herriei bizia ematen dieten dendari txikiek, eredu hau indartzen jarraitzen dugun neurri berean, etorkizuna beltza izango dute. Geroz eta herri gehiagotan ikus daitezke garai batean herritarren negozioz gainezka zeuden etxepe, kale izkina eta eskaparate distiratsuak argiak itzalita eta pertsianak jaitsita. Kale gero eta ilun eta tristeagoak, dendari txikien itolarria, betiko denden desagerpena eta antzerakoak benetan axola al zaizkigu?

Behar ez ditugunak erosteari muzin egiten hasteko garai aproposa izan daiteke Gabonen aurreko hau, beltzak ikustetik salbu izan nahi badugu. Ea lortzen dugun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>