«Gaur egun, oraindik, tabu asko apurtzea komeni dela uste dut»

Rosa-Rojo-07

Rosa Rojo (Beasain, 1964) gazte-gaztetan hasi zen antzerkian. Lehen ikastaroa Gasteizen egin zuen, unibertsitateko ikasketak egitera joan zenean. Zerbait laburra izan zen, baina segituan konturatu zen hura zuela gogoko medioa. Harrezkero, ibilbide luzea egin du. Formakuntza jaso du maisu handien eskutik, aktore lanak egin ditu, antzerki irakasle ere badabil eta Ordiziako Urrup antzerki taldeko zuzendaria da azken hiru hamarkadetan.

Zer da antzerkia zuretzat?
Antzekia da jolastea, beste bat izatera jolastea, beste modu batera janztera jolastea, beste modu batera mugitzera eta hitz egitera jolastea… Joko horretan, maskara kentzeko askatasun handiagoarekin aurkitzen zara, eta maskara kentzean, guztiok mugitzen gaituzten eta geldiarazten gaituzten gauza guztiak hobeto uler daitezke. Bestearen lekuan jartzen laguntzen du antzerkiak.

Nondik antzerkirako zaletasuna?
Nire inguruan antzerkian ziharduen inor eduki gabe, eta antzerkira asko joan gabe, zeren gaztetxoa nintzenean oso zaila zen antzerkira joatea,  beti sentitu dut gustuko nuela.
Haurra nintzenean, auzokideak, lagunak edo senitartekoak imitatzera jolastea oso gustuko nuen, oso eroso sentitzen nintzen hori egiten nuenean. Gogoratzen dut baita ere, Urbieta aparkalekua dagoen lekuan, zirku bat egon zela hilabeteetan, ipuinak antzezten zituztela, eta astebururo-astebururo joaten nintzela.

Eta antzerkian hasi zinen garaiaz, zer oroitzen duzu?
Historia ikastera Gasteizera joan nintzenean egin nuen antzerki ikastaro bat lehenengoz. Zerbait motza izan bazen ere, segituan konturatu nintzen hori zela egin nahi nuena, energiaz betetzen ninduelako, mundua jateko gogoa sortzen zidalako… Garai haiek ekartzean, Miles Davis jazz musikaria datorkit burura. Erlaxazio ariketak egiten genituenean, irakasleak, hori jartzen zigulako.
Gasteizen hiru urte igaro ondoren, Granadara joan nintzen, Historia Garaikidea ikastera. Antzerkian ere jarraitu nuen, unibertsitateak eman zidan beka bati esker. Modu profesionalean jarduteko atea ireki zitzaidan, lokal bat ere eman ziguten, eta egunero-egunero antzerki emanaldiak egiten hasi ginen.
Maisu handiak izan nituen, baina batez ere, hiruk izan zuten eragina nigan: Fernando Cobosek, Roberto Villanuevak eta Christian Remerek. Nahiz eta fomakuntza teoriko handirik ez eduki, antzerkian lan asko egin nuen urte haietan.

Non jarraitu zenuen garatzen?
Ondoren, Madrilera joan nintzen, eta ACAE Arte Eszenikoen Eskolan jarraitu nuen ikasten. Juan Carlos Corazarekin hainbat mintegi egin nituen, clown mintegiak ere bai…

Granada, Madril… Badirudi lana ez zitzaizula falta, baina hona itzultzea erabaki zenuen…
28-29 urterekin momentu pertsonal delikatu xamarra bizitzen ari nintzen eta itzultzea erabaki nuen, baina baita antzerkian lanean jarraitzea ere. Aktore lanak egin nituen Akusa Teatroarekin, besteak beste. Euskara ikasteko hautua ere egin nuen. Nire familia Valladolidekoa da eta ez nuen etxean ikasi, beraz, euskaltegian ikasi nuen.

Rosa-Rojo-01«Maskara kentzean, guztiok mugitzen gaituzten eta geldiarazten gaituzten gauza guztiak hobeto uler daitezke»

«Haurra nintzenean, auzokideak, lagunak edo senitartekoak imitatzea oso gustuko nuen, oso eroso sentitzen nitzen»

Aktore bezala beti, edo beste betebehar batzuk ere izan zenituen?
Aktore bezala 2000. urtera arte aritu nintzen lanean. La Burla produkzioaken, Ai amak antzezlana izan zen egin nuen azkena. Baina produkzio laguntzaile lanetan ere ibili nintzen, Ados Teatroan, Vaiven Produkzioetan… Donostiako TAE antzerki eskolan ere lan egin dut, eta aipatu nahiko nuke, Usandizaga Peñaflorida Amaran egin nuen denbora. Baina esango nuke, Goierrira itzuli nintzenean hasi nintzela antzerki eskolak benetan ematen, eta zuzendaritzan ibilbidea egiten.

Nola bizi izan zenuen oholtzatik zuzendaritzarako jauzia?
Ez nuen aldaketa handi gisa bizi izan hasiera batean, baina egia da, zuzendaritzak, gehiago sakondu ninduela obran, guztiaren ikuspegi globalagoa duzulako. Gainera, asko gustatzen zait aktoreekin harremana, haiek entzutea eta bakoitzak dituen bertuteei zukua ateratzea. Lan hori, oso-oso gustuko dut. Zuzendaritzan egoteak nigandik ateratzen eta besteekin gehiago egoten laguntzen dit. Askapena da!

Zuzendariaren funtzioa edo lana zein da?
Antzezlanaren aukeraketa da lehena. Pertsonalki ukitzen nauen zerbait izan behar du, izan daiteke gaiagatik, edo hori baino harago doan zerbaitegatik, baina obra irakurtzean, zeharkatzen nauen zerbait izan behar du. Norbait ezagutzen duzunean bezala eta ez dakizunean zehazki zer den, baina halako txinparta bat sortzen denean? Ba hori!
Eta dena kontatzen duten obrak baino, nahiago ditut hasiera batean erabat ulertzen ez ditudanak, baina nolabait astintzen nautenak. Horrek, ekarpenak egiten ere uzten didalako.

Aktoreekin kontsultatzen duzu?
Urrup antzerki taldera iritsi nintzenean, nik egiten nuen aukeraketa. Baina urte asko daramat talde honekin, geroz eta gehiago ezagutzen gara, eta horrek asko laguntzen du taldearen beharrak eta zer kontatu nahi dugun identifikatzerako garaian. Proposamenak norabide desberdinetatik heltzen direla esan dezaket.

Nolakoa izan da Urrup taldearen eboluzioa, zure ikuspuntutik?
Pixkanaka-pixkanaka hazten joan da, antzerkia ezagutzen joan dira, aktoreek eurek antzezlanak irakurtzeko interesa  garatu dute… Baina batez ere, sortzaile ere bihurtu dira.

Taldekide gehientsuenak urte mordoa daramazue Urrupen. Horrek ere lagunduko du lan egiterako garaian.
Ona da hori, bai noski! Dena den, ondo legoke jende berria ere sartzea, baina kosta egiten da jendea erakartzea, gazteak hurbiltzea batez ere. Ez dakit zein den arrazoia, baina hala da! Antzerkira joaten bazara, konturatuko zara, publikoak adin bat duela, gazteak ez direla antzokietara hurbiltzen. Zerbait ez gara ondo egiten ari!

Oraingo kontua da, ala beti gertatu da hori?
Ez da gauza berria ez, baina gero eta nabarmenagoa da. Publikotik hasita, gehiena emakumezkoa da eta adin batetik gorakoa. Mutilak gero eta gehiago daude kiroletan, artearekin zerikusia duten diziplinetatik aldendu egiten dira. Eta egia esan, honetan hasten diren mutilak, bokazio handia dute.
Antzerki talde gehientsuenetan ere gizonezkoak baino emakumezko gehiago egon ohi da. Maila guztietan gertatzen da. Beasainen, institutuan antzerki eskolak ematen ditut, eta han ere gertatzen da. Esango nuke, tabu asko apurtzea komeni dela oraindik.

Zer behar da antzerki talde bateko parte izateko?
Ahalegina eta dedikazioa eskatzen ditu, konpromisoa, baina batez ere behar dena da, gogoa.

Urrupekin jarraituz, ia 30 urte egin dituzu zuzendari lanetan. Taldeari zein ekarpen egin diozula esango zenuke?
Esan diezazuket  prestasun osoa dudala. Eta niretzat gozamena dela. Aktoreei, obrak kontatu nahi duena deskubritzeko tresnaren bat eman izana ere espero dut, eta horrekin, egin behar dituzten pertsonaiak hobeto perfilatu ahal izatea. Dena den, uste dut nik haiei baino gehiago ematen didatela haiek niri. Urrup da bizitzan gertatu zaidan gauzarik onenetako bat. Konfidantza erakutsi didate, askatasunez lan egiteko aukera eman didate, erakusteko eta ikasteko aukera. Horrelako jende talde bat izatea, lan egiteko gogoa duena, handia da, benetan!

Rosa-Rojo-06«Nahiago ditut hasiera batean erabat ulertzen ez ditudan obrak, baina nolabait astindu egiten nautenak»

«Ahalegina eta dedikazioa eskatzen ditu antzerkiak, konpromisoa, eta egia da, zaila dela hori, denbora faltagatik»

Momenturen batean pentsatu duzu taldea uztea?
Momentu onak eta txarrak daude, baina sekula ez dut Urrup uztea pentsatu. Egia dena da, gustatuko litzaidakeela intentsitate handiagorekin lan egin ahal izatea, eta entseguak egiteko denbora gehiago izatea. Baina denbora faktorea da gure ahulguneetako bat.
Hala izanda ere, oso pozik nago, aukera ederra eskaini didatelako taldekideek eurek. Eskerrak eman nahi nizkieke Beasaingo Udalari, Beasaingo institutuari, eta bereziki Ordiziako Udalari, urte asko baldintza oso kaxkarretan lan egiten egon eta gero, lan egiteko oso atsegina den lokal bat eta biltegi handi bat utzi digulako, eta antzokia ere gure eskura jartzeagatik. Zoragarria da!

Talde amateurra izanda gainera…
Bai, hala da! Dena den, kontutan izan behar da, batzuetan, talde amateurra eta profesionalen arteko marra oso mehea dela. Lan egiteko azpiegiturak eduki ahal izateak bidea egiten laguntzen du. Gurea bezalako antzerki taldeek ere  babesa behar dugu. Zeren ateak irekitzen dizkiegu profesionalki hontan jardun nahi dutenei, eta baita beste lan-esparru batzuetan dabiltzanei eta sortzeko beharra eta ahalmena dutenei ere. Antzerkia aske sentitzeko espazio bat da, eta askatasun hortatik ekarpen handia egin diezaiokegu gizarteari.

Profesionalen eta amateurren arteko marra mehea dela esan duzu, baina aldeak ere izango dira…
Bai noski! Esango nuke lan egiteko askatasun handiagoa dugula, antzezlanak aukeratzerako garaian adibidez, eta hori zorte handia da! Talde profesionaletan, oreka bat bilatu nahian, kontraesanetan erortzea erraza da.
Askatasuna, adibidez, obra klasiko asko euskaraz egiteko. Toki gutxitan ikusiko duzu hori. Tennesse Willians-en Desio izeneko tranbia, Shakespearen Zuek nahi bezala, Romeo eta Julieta, Erregeen gaua… Gauza desberdinak eskaintzen ditugu, mugekin, baina balio handia dutenak; horregatik, antzerki amateurra babestu egin behar da.

Zein da antzerkiak duen norabidea?
Pandemiak oso atzerakada garrantzitsua ekarri du. Ni orain konturatzen ari naiz ondorioez, epe luzera ikusten dira. Itxi egin gara, harresitu egin gara, eta ikusi beharko da, hemendik aurrerakoak ere nora eramaten gaituen.

Larrosa gorri bat oholtza erdian

Rosa-RojoRosa Rojo (Besain, 1964) Valladolidetik Beasainera etorkizun bila etorri zen famiilia bateko alaba da. Ume-umetan jada, etorri handikoa zen; neskato umoretsua, ingurukoengan arreta jarri eta imitazioak egiten, denak barre algaratan jartzen zituen, antzerkirako zuen dohaia erakutsiz, nahi gabe.

Familien sostengu nagusia industria zen herri batean, esperientzia desberdinen bila, eta benetan betetzen zuen hura bilatzea izan zituen iparrorratz. Hegoak astindu zituenean aurkitu zen berriro, ordura arte ametsetan bakarrik sentitutakoarekin. Zinemak, literaturak, musikak, eta orokorrean arteak eta kulturak eman diote airea. Airea eta baita irribarrea ere, lagunekin garagardo batzuk edanez momentuak konpartitzea. Bizitza, momentu horiek baitira.

Momentuak, antzoki batean lehenengoz eseri, besaulkien-patioko argia itzalita dagoela teloia ireki, eta oholtza erdian, larrosa gorri bat ageri denean bezala. Orduan hasten da jolasa, interpretazioa.

Larrosa gorri hori izatea zen beasaindar honen desio indartsuena. Antzerkiak eman egiten diolako: «Buruarekin bakarrik ez, gorputzarekin, emozioekin, senarekin ezagutza lortzen delako, izate guztiarekin ulertzera eramaten zaituelako, galderei erantzuten dielako, sormena dantzan jartzen delako…». Eta antzerkiarekin eman ere ematen du, «aurreiritziei mozorroa kenduz, pertsona guztien berdintasunari eta askatasunari kantu eginez».

Bide horretan, Dario Fo-rekin, Garcia Lorcarekin, Shakespearekin, Oscar Wilderekin …jolas egin du, «onenekin jolas egiteak onena ateratzen duelako, eta hurbilen dauden gaiak lantzen dituztelako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>