Zergatik Zalakain?

Mikel-SarriegiMikel Sarriegi Dantzaria

Zergatik joan behar duzu igande honetan, abenduaren 12an, Martin Zalakain dantza-ikuskizuna ikustera Beasaingo kiroldegira? Dantza zalea zarelako. Antzerkia maite duzulako. Musika atseginaren lagun zarelako. Tradiziotik abiatuta goi mailako sorkuntza emaitza ederrez nola egin daitekeen ikasiko duzulako. Euskal dantzak aspergarriak direla pentsatzen baduzu, iritzia aldatuko duzulako. Seme-alabak dantza taldera eramaten dituzunez, honako hau bezalako lan erreferentzialak ezagutu(arazi) gabe geratu ezin zaitezkeelako.

Maquetación 1Marian Arregik, Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantzari taldeak mende erdi luzez egindako ikerketa, lanketa eta sorkuntza lanaren azken emaitza dastatu ahal izango duzulako. Dantza filma gustukoa izan baldin bazenuen, orain ere gozatuko zarelako. Orain lau urte estreinatu zenetik, ondo umotua eta helduagoa iritsiko zaigulako, Victoria Eugeniara edo Arriagara joaten ibili beharrik gabe. 80 dantzari, 18 musikari, Artedrama antzerki taldea, Harkaitz Canoren testuak. Orain ikusten ez baduzu, ikusteko ia aukerarik gabe geratuko zarelako, eta damutuko zaizulako.

Norbaitek esan zuen moduan, Western generoaren gure aldaera euskalduna delako, Karlistaldien gatazketan oinarritua, maitasun istorio eta guzti. Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eleberri klasikoa ezagutzeko beste era bat delako, entretenigarriagoa, nahi bada, eleberri dantzatua delako.

Goierrin bertan, urrutirago joan beharrik gabe ikusteko aukera paregabea daukazulako, sarrera merkez (dozena erdi euro) zeure buruari eta ingurukoei egin diezaiekezun opari ezin hobea delako. Dantza, musika eta antzerki ikuskizun bikaina prezio bakarrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>