Urbarandi mendiko bira: Arkurutzako esaunda lazgarri hura gogoratuz

Olaberriko mugetatik atera gabe egindako ibilbide zirkular honek Joxe Migel Barandiaranek jasotako pasarte ilun baten lekukotza gordetzen du zatirik gorenean: Arkurutzako hilarria. Urbarandi mendiaren barrenean dago.

Olaberriko plazan, Zezilionea ostatuaren aurrean, du abiapuntu eta helmuga Arkurutzako hilarria ezagutzea helburu duen ibilbide honek. Olaberriko Udalak txukundu berria du oroitarri horren eremua, hilarri originalaren harrizko erreplika bat jarriz –originala udaletxean gordeta dute–. Urbarandi mendiaren magalean dago Jose Migel Barandiaranek jasotako esaunda lazgarri baten lekukotza gordetzen duen eremu hori, Olaberri eta Lazkaoko herriguneen begiratoki apartean. Ibilbideko lekurik garaiena da, 420 metroan.

Aitor Urkiola Ingurumen zinegotzia da Ibiltari honen gidari. Hiru asteko etenik gabeko euriteen ondorengo lehen egun aterian egindako itzulia da, joan den igandean. Plazatik behera jaitsi, eta Lazkaora doan biribilgunea atzean utzita, Arrieta jatetxearen atzealdeko baserri bidean egin behar dira lehen hamar minutuak. Aranguren baserrira iritsi aurrean, ezkerrera egin eta Errege Bidean bost minutuko jaitsiera dago Amoskategi baserrira iritsi arte. Orain hamar urte inguru konpondutako bide zati bat da, hainbat langa dituena, baita iturri dotore bat ere. Bide horretatik jaitsita, Errekalde auzoko azken baserria da Amoskategi, eta oinezkoen arreta pizten duten baserri-tresnen bilduma bat du ondoan duen pabiloian jarrita.

Sustraitz-Urkaundieta eta Aranbeltz errekastoek egiten dute bat paraje horretan. Gora jo beharra dago orain, hamar minutuko igoera pikoan Barandiaran baserrira heldu arte. Han, ezkerrera doan eskoria bideari segiz, Otsoategiko sukaldera –harizti txiki bat da– iristen da pare bat minutuan, eta bide berean beste hamar minutuan gora eginez, Arkurutzara iristen da. Aristrain lantokiak herriari emandako eskoria beltz eta zuriarekin egindako pista bat da bidea, orain hamarkada batzuk egina. Ibilbidearen erdia egina dago jada.

Ibiltari__Arkurutzako_bira(1)Mari neskatxa, mami eta hezur

Jose Migel Barandiaranek 1975ean aurkitutako hilarria da Arkurutza. 60 zentimetro luze eta 40 zabal, Mari izeneko neskatxa bat oroitzeko jarritako harria da. Barandiaranek 1977an jaso zuenez, Amoskategi baserriko alaba zen Mari (beste batzuen esanetan Sagasti-ilungoa), eta Urbarandira igo omen zen artaldea etxeratzeko asmoz. Orduak igaro, eta itzultzen ez zela ikusita, etxekoak eta auzotarrak haren bila hasi ziren mendiz mendi. Hasierako ahaleginetan ez, baina halako egun batean aurkitu omen zituzten neskatxaren zatiak, mami eta hezur, sakabanatuak, otsoaren haginetan karraskatuak. Amoskategi, Etxezuri eta Auzmendi baserrietako gazteek kontatu omen zioten esaunda hori antropologo ataundarrari, 1977ko ilbeltzaren 16an.

Oroitarria parez pare dela, ezkerrera doan bideari heldu behar zaio atzera Olaberri aldera egiteko, bide erosoan. Irantzuaga baserria da lehen erreferentzia –eusko labeldun arrautzen ustiategia du–, eta aurrera segiz, Oiarbide baserri-jauregira –Idiazabalgo lurretan– eta Irantzuaga-berri baserrira iristen da. Ordu laurden-hogei minutura dago helmuga, Aizkorri eta Aralar begi-bistan dituen baserri bidean gozo joanez.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: Ordu eta 45 minutu
  • Luzera: 5,50 kilometro
  • Desnibel metatua: 505 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Kontuan hartzeko

  • Errege Bideko iturria. Orain hamar urte inguru konpondutako bide zati bat da Errege Bidea, Aranguren eta Amoskategi baserrien lotune. Bigarren horretara iritsi aurrean, harrizko iturri dotorean ase daiteke egarria.
  • Bertako espezieen landaketak. Goierriko beste hainbat herritan bezalaxe, xingola marroiak erasandako pinudiak kentzen ari dira ibilbide honetako hainbat eremutan. Olaberriko Udala bertako espezieen landaketak egitera animatzen ari da lurjabeak. Lurrak erosi eta publiko egiteko proiektu bat ere badu martxan.
  • Otordua egiteko. Oso ezagunak diren bi jatetxe aurkituko ditu bisitariak ibilbide honetan, biak herrigunean: Zezilionea eta Arrieta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>